Albisteak

Asel Luzarragak "Bioklik" aurkeztuko du gaur Mundakan

Asteazkena, 2018-03-28

Asel Luzarragak Bioklik nobela distopikoa aurkeztuko du gaur 19:00etan Mundakan, bertako Goiko Kalen dagoen OrtuArt espazio irekian.

Istorio distopiko bat osatu du Asel Luzarraga idazleak bere zazpigarren nobelan. 2044 urteko Bibon biodemokrazia da nagusi, non bizitzako xehetasun guztiak geure botoz erabakitzen ditugun, sakelakotik zuzenean egindako bozketaz. Egoera horrek, noski, demokrazia gardena dirudien arren, argitzalez beterik egongo da...

Luzarragak berak bere blogean azaldu zuenez, liburu honen prozesua luzea izan da "Proiektuaren lehen apunteak 2008an egin nituen, Bermeon, orduan Utopiaren itzalak hasita neukala. Karonterekin hasitako zientzia fikzioaren bideari heldu nion berriz, oraingoan etorkizun ez hain urrun batera bidaiatuta: 2044ko Bilbora. Kasualitateak nahi izan du, gainera, “Bioklik”ekin Elkar argitaletxera itzul nadila, 13 urte geroago.

Pasa den astean aurkeztu zuen liburua Donostiako Elkarren eta Bilboko Biran. Gaur berriz, Mundakan aurkeztuko du, Goiko Kalen dagoen OrtuArt espazio irekian. Hitzordu berezia izango da, antolatzaileek iragarri dutenez "buruarentzako eta gorputzarentzako elikagai osasungarriak ez dira faltako! Ortutik ahoraren eskutik… Zeozer pikatzeko."

Bioklik (Elkar)

bioklik

Sinopsia:

Bilbo, XXI. mendearen erdialdea: teknologiak lagundutako demokrazia garatu batean bizi gara denak, biodemokrazian, non bizitzako xehetasun guztiak geure botoz erabakitzen ditugun, sakelakotik zuzenean egindako bozketaz: greba bat egin daitekeen ala ez, atsegin ez dugun musikak merkatutik desagertu behar duen ala ez, edo balizko delitu baten akusatua erruduna den ala ez. Gardena eta garbia dirudi sistemak, hiritar guztien partehartzea eskatzen eta bermatzen duena, baina perfekzio horren ifrentzua ezagutuko du Txetxu Urrutik, bere emazte Nere Pozaren hilketagatik salatu eta atxilotzen dutenean.

Distopia bihurtzen diren utopien tradizio politikoan (Orwell eta Huxleyren itzala nabarmen), irakurlea harrapatzea lortzen duen eleberri indartsu eta erritmo bizikoa idatzi du Asel Luzarragak, geure gizartearen gaitz eta joeren gainean pentsarazten duen begirada kritiko eta ironiko batekin: nolako familiak eraikitzen ari garen, nolako eskolak, telebista, entretenimendua, polizia, justizia, kartzela…

Idazlea

asel_luzarraga

Asel Luzarraga (Bilbo, 1971), Enpresa Zientzietan diplomaduna eta Euskal Filologian lizentziaduna, 2003an agertu zen euskal letretan Hamaika ispilu ganbil (Labayru) eleberriarekin. Harrezkero etorri dira Karonte (Elkar, 2005), Mozorroaren xarma (Erein, 2007), Abaraska (Txalaparta, 2008), Utopiaren itzalak (Txalaparta, 2010) eta Gezurra odoletan (Txalaparta, 2011). Gazteleraz Los buenos no usan paraguas (Desmontando un montaje, desnudando al Estado) (DDT-Sorginkale-Hagina, 2014) argitaratu du, kronika autobiografiko bat. Musikan ere aritu da, Punkamine eta Trio Ternura punk taldeetan. Egun Bermeon bizi da, baina Txilen eta Argentinan ere ibilitakoa da. Azken herrialde horretan jardun du Trio Ternura taldean eta Antena Negra TV telebista komunitarioan, Buenos Aires inguruko literatura undergroundari buruzko saio bat ekoitziz.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)