Albisteak

Asel Luzarragarekin solasean

Astelehena, 2014-07-07

Asel Luzarragak liburu berria kaleratu du: Los buenos no usan paraguas, lehenengo aldiz gazteleraz. Bertan 2009ko abenduaren 31an Txilen frogarik gabe atxilotu zuteneko esperientzia kontatu du. Buenos Airesetik kontatu dizkigu lan honen nondik norakoak.

Lehenik eta behin, zer moduz joan zen Bilbo-Buenos Aires aurkezpena?

Teknikoki ondo, une labur bat kenduta, Skype bidezko konexioak eutsi egin zuen. Aurkezpenari berari dagokionez, udan sartuta geundela kontuan izanda, jende askorik ez zen bertaratu baina ezin zen askoz gehiago eskatu, Bilbo basamortu bihurtzen hasten den sasoian eta Brasilgo munduko txapelketako partidaren batek jende dezente telebista aurrean anestesiatuta edukiko zuen ordutegian. Beraz, DDTren lokalean bildu zirenekin gustura, luze hitz egin genuen eta maite ditudan zenbait aurpegi ikusteko parada ederra izan zen. Teknologiak bere alde onak ere baditu.

Nola-non zabalduko da liburua hemendik aurrera?

Gehien bat DDTk (http://www.ddtbanaketak.com/) eta Sorginkale Banaketakek (http://sorginkale.wordpress.com/) duten webguneen bidez eta haien lokaletan, Bilbon (Marzana kaia, 5) eta Zizurren (San Isidrio, 2). Atzo, ordea, ezustekoa hartu nuen, aitari lagun batek Elkarren Bilboko denda batean ale batzuk erosi zituela esan ziolako. Baina oro har giro antiautoritaroetan aurkitu ahalko delakoan nago. Eta halakoetara ohituta ez dauden askorentzat erraza izango ez dela jakitun, aita, eskatu gabe, agente komertzial modukoa bihurtu da, hainbat ale erosi eta han omen dabil senide, lagun eta ezagunen artean saltzen, kar, kar, kar. Imajinatzen dut liburu denda edo kolektiboren batek hura zabaltzeko interesa balu DDT edo Sorginkalerekin kontaktatzea daukala. Niri zegozkidan ale apurrak berehala oparitu ditut, baina zorretan nagoen guztientzat ez dira iritsi, tamalez...

Hau da gazteleraz idatzi duzun lehen liburua. Zergatik?

Bai, halaxe da, eta azkena ere izatea espero dut. Egia esan, jende askori eman zidan guztia nolabait itzultzeko modu bat izan da. Han gertatutakoaren harira, "Gezurra odoletan" idatzi nuen euskaraz, bertatik bertara ezagutu nuen giroa fikziozko istorio baten bidez emateko, nire ohiko bidetik. Baina Txileko abokatuak konbentzitu ninduen Txileko jendeari, antzeko muntaien biktima izandako hainbat preso maputxe eta anarkistari, zerbait zor niela, idazteko gaitasuna izanda, merezi zuela egiazko gertakarien berri eman eta horren bidez Estatuaren mekanismo errepresiboak biluztea. Beraz, erantzukizun moduan heldu nion ideiari. Gainera, Euskal Herrian ere nire inguruko askok, gehienek, nire gurasoengandik hasita, ez dakite euskaraz, eta denak egon ziren han bultzaka. Are gehiago, nire lagun erdaldun batzuek nire euskarazko liburu gehienak erosi dituzte apalategietan hautsak biltzen edukitzeko, besterik gabe, nik idatziak direlako. Beraz, beti emandako laguntza eskertzeko modua ere bazen liburu hori gazteleraz idaztea. Baina aurrerantzean, itzulpenei itxaron beharko diete, edo onena litzatekeena, horretarako aukera dutenei dagokienez, euskaltegira joaten hasi, kar, kar, kar.

Funtsean, zer kontatzen duzu liburuan? Informazio ekintza bat da (zure esperientzia jasotzearren), salaketa ekintza bat? Bada bestelako gomutarako tarterik?

Bada, apur bat denetarik bildu dut bertan, badauka informaziotik, badauka salaketatik, badauka entsegu politikotik..., eta, noski, barrua husteko modu bat ere izan da. Nire gertatutakoaren berri eman nahi zain dut, bai, Poliziak eta Fiskaltzak erabilitako trikimailu eta joko zikin guztiak biluztu eta begi bistan jarri, baina batez ere, nire kasua adibide hartu nahi izan dut Estatuak, munduko Estatu guztiak, eskematik ateratzen diren piezak desaktibatzek dauzkaten bideak aztertzeko. Beraz, Estatuaren hanka guztiek nire kasuan izandako parte-hartzea aztertu eta haiei buruzko hausnarketak ere sartu ditut. Estatuak lau urtean behin batzuek hautatzen dituzten gobernu horiek baino askoz gehiago dira. Estatuak enpresak ere badira, elite antolatuaren egitura oso bat, eta egitura horretan, elitea militarki babesteko armada eta Poliziaz gain, funtsezko eginkizuna dute komunikabideek. Apur bat sakonduz gero, hedabide nagusi guztiak Estatuen familia fundatzaileen, negozio garrantzitsuenen jabeen esku daudela jabetuko gara. Txilen El Mercurio eta La Tercera daude, esaterako, Txileko Estatua XIX. mendean sortu zenetik atzetik hariak mugitu dituzten familia boteretsuen, telebista kate garrantzitsuen, basogintza eta meatzaritza enpresen..., Txile erdiaren jabeen bozgorailuak dira. Horregatik, garrantzi handia eman diot hedabide horien portaera aztertzeari. Espetxeak ere negozioaren zati garrantzitsu bat dira, eta zer esan "justizia" sistemaz. Beraz, Estatuaren pieza horiek guztiek nire kasuan nola koordinatu eta bakoitzak zer eginkizun eta nola bete zuen erakutsi nahi izan dut, jendeak uler dezan hala jokatzen dutela munduko Estatu guztiek, zeinek logika jakin batetik eta barne-etsai jakin batzuk hautatuta.

Ez zen lan erraza hori dena batzea, baina orain arte irakurri duten gehienek nahiko erraz irakurri eta nahiko ondo harilkatuta dagoela esan didate. Txilen, jakin dudanez, Lege Antiterroristari buruzko doktoretza tesi baterako material ere bihurtu da. Eta, neurri batean, horixe zen asmoetako bat: borrokarako tresna ere izate, xumea, apala bada ere.

Esperientzia latza bizi izan zenuen. Zer eman dizu hari buruz idazteak?

Alde batetik, esan dudan legez, jaso nuen elkartasun oldeari apurtxo bat itzultzeko bide bat izan zen, "Gezurra odoletan" ere izan zen legez. Baten batek, agian, pentsatuko dut gehiegitan ematen dizkiodala eskerrak jendeari, maiz agertzen dira halakoak liburuan, baina uste dut jendeari eman zidana adierazteko labur geratuko naizela beti. Horrez gain, nik neuk bizi izan nuenaren kontzientzia apur bat handiagoa izateko ere balio izan dit, eta neurri batean katarsia ere izan da. Ironia eta umore apur bat erabiliz tentsioa jaitsi nahi izan diot, baina tira, irakurle batzuek esan didatenez, gogor egiten da batzuetan bizi izandakoa irakurtzea, batez ere enpatiarako erraztasun handiegia dutenentzat. Horri buruz esan behar nuen guztia esan dudalakoan nago eta tira, psikologoengana baino merkeago ateratzen da idazteak, kar, kar, kar.

Elkartasunaren garrantzia azpimarratu izan duzu, jende askoren babesa jaso zenuen, tartean idazle ugarirena. Asko dira sinatzen diren manifestuak, eskatzen diren atxikimenduak… eta eman dezake egun hori ez doala inora. Baina atxikimenduaren beste aldean egon zaren heinean, zer garrantzia eman zenion horri?

Horren guztiaren garrantzia azpimarratzen ere saiatu naiz liburuan, horri eskainitako atal bat dago. Seguruenik jende askori Interneteko orri batean modu erdi-anonimoan esaldi ustez xume bat idazten duenean ez zaio burutik pasatzen zer garrantzia daukan horrek beste aldean dagoenarentzat. Halako orri batean ehunka sinadura batu ziren eta banan-banan irakurri nituen guztiak. Zenbat ezusteko izen batzuk irakurtzean! Eta zenbat malko horiek irakurriz, Bilboko elkarretaratzeetako bideoak ikusiz, Bermeon egin zen kontzertua zuzenean ikusiz... Seguruenik, halakoek ez dute inor kartzelatik ateratzen, berez, batzuetan presio horrek fiskalengan eta gobernuetan presioa eragin badezake ere, baina hori bezain garrantzitsua da halako egoera batean dagoen pertsonak eta haren ingurukoek, senideek, gertuko lagunek..., aurrera jarraitzeko heldulekuren bat edukitzea, eta elkartasun eskuzabal hori da heldulekurik sendoena. Zoritxarrez, kartzelatik pasatzen diren gehienek ez daukate nik izan nuen zorte ona... Beraz, jendeari horixe esango nioke: ez etsi, egin dezakezuna zure ustez ahuntzaren gauerdiko eztula bada, keinu hutsa baino ez delakoan bazaude ere, ez utzi apurtxo hori egiteari, Bakuninek zioen legez, tantek itsasoa osatzea lortzen dute, herriak uste duen, sinetsarazi dioten, baino ahalmen askoz handiagoa dauka ekimena inoren esku utzi beharrean bere bizkar hartzen duenean.

Ze proiekturekin zabiltza epe laburrera?

Literaturari dagokionez, Txileko hura guztia hasi zenean hasita nengoen eleberri proiektuarekin nabil. Atxilotu nindutenean hura ere bahitu zuten eta 2012 arte ez nuen berreskuratu, baina hor nabil, astiro, baina aurrera. Ez dakit noizko amaituko dudan, baina gogoa badut behintzat. Distopia bat da, etorkizunera jo dut, balizko etorkizuneko Bilbora, Orwellen "1984"tik eta Huxleyren "Bai mundu berria"tik zerbait duen istorioan, eta gure garaiko hainbat errealitateri heltzeko baliatzen ari naiz istorioa. Ez da erraza, hautatu dudan bideak literaturatik nahikotxo hustea eskatzen didalako, eta ez da erraza marraztu nahi dudan gizartea islatzea, baina amaitzen dudanean zer pentsatu emango dudalakoan nago. Eta amaitzen dudanean, asko dira txanda eskatzen didaten proiektuak, apunte asko pilatu zaizkit Buenos Airesa etorri nintzenetik. Iritsiko zaie momentua, bai horixe!

portada-los-buenos-no-usan-paraguas

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)