Albisteak

BADA! Poesia

Asteartea, 2021-12-07

Udazkenean argitaratu diren poesia-liburuei erreparatuko diegu artikulu honetan, Durangoko Azokaren 56. edizioaren aitzakian. Irudia: Hasier Larretxearen poema-liburu berria (Balea Zuria).

Balea Zuria

Poesia eta hausnarketa lantzen ditu Balea Zuria argitaletxeak. Lanak argitaratzeaz gainera, 35 urtetik beherako poetentzat lehiaketa bat antolatzen du, Donostia Kulturarekin batera: DK poesia lehiaketa (abenduaren 31ra arte aurkez daitezke lanak).

2021eko udazkenean, lau izenburu ekarri dituzte plazara. Mikel Arruabarrena Larrartek bere bigarren poema-liburua argitaratu du, Kardaberak zementuan: «memoria ariketa bat, atzera nostalgiarik gabe begiratzen duena, zorrotz eta irudi indartsuz». Hasier Larretxearen bosgarren poema-liburua da Ihes baten lausoa, azken 10 urteetan idatzitako 50 poemaz osatua. Juan Ramon Makusoren bosgarrena da, orobat, Haragi hosto poema-liburua, poesia intimoa eta filosofikoa uztartzen dituena. Maixa Zugastik, bi eleberri kaleratu ostean, lehen poema-liburua argitaratu du, Hostoen hezurdura unatua, «sakontasun eta sentikortasun handiko bilduma da, hutsuneaz eta desioaz gogoeta egiten duena, gorputzaz eta zauriez».


 

Booktegi

Argitalpen digitalei dagokionez, sei poema-liburu ekarri ditu aurten Booktegik. Horietako bi itzuliak dira: Joan Margariten Bertze itsasoaren itzala (itzultzailea: Josu Jimenez Maia) eta Charo Lopesen Gertatzen ari den munduaren akaberari buruz (itzultzailea: Txerra Rodriguez).

Horietaz aparte, Jon Suarezen Betiko joanak, Asel Luzarragaren Denboran zatika, Josu Jimenez Maiaren Gerezi garaiko haikuak eta Andere Arriagaren Hitzak olatu kaleratu ditu. Booktegiren webgunean irakur daitezke denak.


 

Elkar

Elkarrek bi poesia-liburu ekarri ditu aurten. Urte-hasieran, Karlos Linazasorok Esaten dugun argia poemategia kaleratu zuen [irakurri hemen albistea]. Berriki, bere estreinako liburua argitaratu du Leire Vargasek, Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi ondoren. Dena ametsa den irudipena deitzen da lana, eta «gazte baten noraezak, barne-minak eta egokitu ezinak» biltzen ditu.

Halaber, Louise Glück iazko Nobel saridunaren Basairisa poema-liburua euskaratu du Garazi Ugaldek, eta eskuragai dago jada.


 

Erein

Udaberrian Pako Aristiren Ni eta gu. Zazpigarren uhina kaleratu ostean [irakurri albistea hemen], udazkenean beste bi ale ekarri ditu Erein argitaletxearen uztak poesiaren eremura: batetik, Amaia Iturbide poeta beteranoaren Isiltasunaren ildoetan lana, «denborak eta oroimenak utzitako aztarnak zein arrakalak» biltzen dituena.

Bestetik, Jokin Erkorekaren opera prima ere argitaratu du Ereinek, Banda, iazko Blas de Otero – Bilbo Uria sariaren irabazlea. Argitaletxearen esanetan, «harrimenezkoa eta kultua, sentibera eta gordina» da Erkorekaren lana


 

Maiatz

Heriori ebatsitako poemak aurkeztu du berriki Joxe Luix Agirretxek Maiatz argitaletxearen eskutik: «Heriotza ardatz duten poemetan, bizitzari egindako kantu bat». Bestalde, udaberrian, Esperantxak erran deit poema-liburua argitaratu zuen Frantxua Casetek Maiatzen eskutik.


 

Pamiela

Aurten, Pamiela argitaletxeak bi poema-liburu plazaratu ditu. Udaberrian, Joxemari Iturralderen Udaberria sutan. Ia ehun haiku iritsi zen [irakurri albistea hemen]; udazkenean, berriz, Mikel Etxabururen lan berria: Ahaztu baino lehen, ama, memoria galtzen ari den amari eskainia.


 

Susa

Susa argitaletxearen eskutik lau poema-liburu iritsi dira udazkenean gurera. Bi itzuliak, eta bi jatorriz euskaraz idatzitakoak. Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan, Alda Meriniren eta Saint-John Perseren antologia poetikoak itzuli dituzte Aiora Enparantzak eta Santi Leonék hurrenez hurren [irakurri albistea hemen].

Euskal poesiari dagokionez, bere hirugarren poema-liburua eman du Hedoi Etxartek, Sortaldekoak. Artikulu honetan bildu genituen lanari buruzkoak. Bestalde, Itziar Ugarteren opera prima da Gu gabe ere, «dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzen hasten garen» unea biltzen duena.


Eta gehiago

Udaberrian argitaraturiko lanen artean, zenbait aipatu behar ditugu: Hatsaren elkarteak bere urteroko bilduma kaleratu zuen; Denonartean argitaletxeak, halaber, Lierni Azkargortaren Eripoemia liburua aurkeztu zuen, poesia eta osasungintza uztartzen dituena. Errotetak, berriz, Ane Berriotxoa Bengoetxearen Nire amaren etxea kaleratu du. Azkenik, Maria Osesek eta Libe Argoitiak Fereka argitaratu zuten, autoedizioaren bitartez: hemen irakur dezakezue Nerea Ibarzabalek autoreei egindako elkarrizketa.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)