Albisteak

«Begiak zabalduko zaizkizue», euskal literatura berotzeko saiakera mamitsua

Ostirala, 2021-11-19

Begiak zabalduko zaizkizue kaleratu du Irati Jimenezek Elkar etxearen eskutik, euskal literaturari buruzko saiakera mardula. Gaur arratsaldean, hartan oinarritutako emankizuna eskainiko du Literaktum jaialdiaren barruan.

Hiru hitzekin definitu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Irati Jimenezen liburu berria, Begiak zabalduko zaizkizue saiakera: «Altxor bat, mirari bat, eta maitasun-adierazpen bat». Edukian sakondu du ondoren: «Literaturaren zeremonian parte hartzen duten guztiei omenaldi bat da, eta gure literatur sistemaren azterketa eta kritika ere bai». Jimenezen kritika-moldea nabarmendu du, ordea, haren estiloa ezberdina baita «gurean ohikoa den» horretatik: «normalean oso ozpinduta aritzen gara, gaizki-esaka, marmarka»; Jimenez, berriz, «maitasunez eta sutsu» ari da lan honetan, Mendigurenen iritziz.

Editoreak gehitu duenez, urtetako lanaren emaitza da saiakera hau, eta askotariko jakintza-iturrietatik edaten du; gainera, jakin-mina piztu eta zer pentsatua ematen du. Alde horretatik, euskal literaturan «eragin onuragarria» izan dezala espero du Mendigurenek.


Literatura, edertasun- eta laguntasun-egarriaren asegarri

Une zail batek piztu zuen Begiak zabalduko zaizkizue. Gaizki idatzitako testuak lagunartean eta entretenimendu gisa irakurtzeko afizioa garatu ostean, «laguntasun bat apurtu zen» Jimenezen bizitzan, eta autoreak berak azaldu du, ordutik aurrera, jada ez zuela gogorik izan «testu eskasak irakurtzeko, kontrakoa baizik». Berriro maitemindu zen literaturarekin, eta «edertasun zein laguntasun egarria» sentitzen zuelarik, «edertasunezko ozeanoak» topatu zituen liburuetan. Hiruzpalau urte eskaini dizkio lanari, era askotako testuak sistematikoki irakurriz.

Liburuak lau parte ditu. Lehenengoan, liburuaren sorburua azaltzeaz gainera, hipotesi bat jartzen du mahai gainean Jimenezek: «momentu apur bat baxuan gaudela, alde guztietatik begiratuta». Horren ondorio da irakurle-galera, nahiz eta kontrakoa litzatekeen mesedegarriena, hots, «literaturak euskara batuari laguntzea eta irakurleak apurka-apurka seduzitzen joatea». Edonola ere, Jimenezek ez du uste arazo konponezina denik, eta, are, erresistentziarik handiena arazo bat daukagula onartzean datzala iruditzen zaio.

Bigarren partean –«Hotz egiten du euskal literaturan»– euskal literatura garaikidearen analisi sakona egiten du idazleak, prestigio gehien zer literatur motari ematen zaion, eta zeini ez hainbeste, azalduz. Gure sistemaren «gabeziak» deskribatzen ditu, hortaz. Hirugarren parteak literaturaren zeremonia osatzen duten parteen azterketa eta azalpena dakartza, sarritan. testuez baino liburuen gaiaz eta idazleen iritziez jarduten garelako literaturaz ari garenean. Irakurleei esaten zaizkien gauza itsusiak ere salatu ditu Jimenezek, eta, kapitulu honen bidez, literaturaren prozesura «esnarazi» nahi ditu hain zuzen liburuen hartzaileak.

Azken zatian, euskal literaturak behar lituzkeen gauzez mintzo da autorea: ondo egindako kritika, sormena bermatzea eta «norberari barre egiteko umorea», besteak beste. Eranskina ere badu liburuak –«Sistema literario batek beti beharko lituzkeen idazle motak»–, eta umorez egindako ariketak liburu osoan tartekatu dituela gaineratu du Jimenezek: «Mirari bat nola egiten den nola esplikatzen da, liburutegi batean sute bat nola hasten den» eta autolaguntza gidak ere idatzi ditu irakurleentzat, kritikarientzat eta idazleentzat, adibidez. Hori dena «guatxafita apur batekin, umore onez eta, noski, literaturarekiko maitasunez» idazten saiatu dela esanez laburbildu du testuaren estiloa.

Amaitzeko, idazleak eskerrak eman dizkie hainbat laguni: Mikel Soto bikotekideari, «bera ondoan izan dudalako sortu da liburua»; Elkar argitaletxeari; Ainhoa Lukas azalaren egileari; Mendigureni berari, «segurtasun-sare bat» eskaini baitio; Joxe Austin Arrietari, Rilkeren poemak zuzenean alemanetik euskarara itzultzeagatik modu zoragarrian, eta Joxe Azurmendiri: «bere emailak eta ahotsa oso inportanteak izan dira». Aingeru guardakoa, berriz, Gabriel Aresti izan da Jimenezentzat: haren gutun bat irakurtzean sortu zen liburuaren txinparta.


Gaur arratsaldean, Literaktumen

Liburu honetatik bi kume sortu ditua: lehena, Ogia eta zirkua (Erein, 2021) Harkaitz Canoren Neguko zirkua ipuin-liburuari buruzko analisi literarioa (hemen irakur dezakezue hartaz idatzi genuen artikulua).

Bigarrena, berriz, ikuskizun bat. Jimenezek, hain justu ere, gaur arratsaldean eskainiko du Euskal literaturaren historia sobrenatural bat emankizuna, Literaktum jaialdiaren barruan. Egileak adierazi duenez, irakurleak konbentzitu nahi ditu, «begirada apurtxo bat ajustatzen badugu, euskal literatura ez dela abadeen literatura urri eta aspergarri bat, ezpada akelarreen literatura apasionantea». 19etan hasiko da saioa, Liburutegi Nagusiak San Jeronimo kalean daukan ekitaldi-aretoan. Sarrera librea da, lekuak bete arte.

Bestalde, datorren astean, hilaren 24an, Begiak zabalduko zaizkizue eta Ogia eta zirkua aurkeztuko ditu Jimenezek Iruñeko Karrikirin, Mikel Sotorekin batera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)