Albisteak

Bernardo Atxaga: "Lehen inpresio poetikoa 'Lawrence Arabiakoa' filmak eman zidan"

Saiakera bat eta bi ipuin batu ditu Txoriak kolpeka (Pamiela) liburuanOsteguna, 2014-11-27

14 edo 15 urte izango zituen Bernardo Atxagak, Lawrence Arabiakoa filma ikusi zuenean Tolosako Leidor zineman. "Lehen inpresio poetikoa film hark egin zidala uste dut", hala adierazi du Asteasuko idazleak Txoriak kolpeka (Pamiela, 2014) liburuaren aurkezpenean. Eragin hura Etiopia (Pott liburutegia, 1978) poesia liburuan igarri daitekeela dio, "zeinetan desertuak halako garrantzia duen". Geroztik, buruan izan du militar zein idazle britainiarraren inguruan idazteko gogoa. Iaz, Nevadako Egunak (Pamiela, 2013) liburuaren aurkezpenean ere aipatu zuen Lawrence Arabiakoari zion miresmena. Hari eta haren irudiari. Eta akaso, noizbait, Lawrence Arabiakoari buruz idatziko zuela zerbait. Iritsi da eguna. Txoriak kolpeka liburuan topatuko duzue, beste bi ipuinekin batera.

Lawrence Arabiakoa izeneko saiakeran, Thomas Edward Lawrence militar galesaren irudia aztertu du, eta haren ospe handiaren zergatia. Saiakera honetatik hartu du izenburua liburuak, Txoriak kolpeka (Pamiela, 2014). Pertsonaia historiko honen inguruko gogoetari ordea, beste bi bi kontaera labur gehitu dizkio. Lehenengoak, Andoniren heriotza LSDaren argitan, orain dela 800.000 urteko gizaki baten ezbeharra hartzen du abiapuntu, eta heriotza du gai. Bigarrenak, Pierrek dioena entzuten dut izenburua duen ipuina, erlezain baten aitortza jasotzen du erleen munduko poesia bereganatuz.

Azken bi kontaera hauek, Nevadako egunak (Pamiela, 2013) liburuari lotuta daude nolabait. Lawrence Arabiakoaren inguruko saiakera laburra izanik, eta liburuari osotasun bat ematearren, Bernardo Atxagak beste bi testu egokitzea erabaki zuen. Arabiako Lawrence-ekin lerroan egon zitezkeen istorioen bila jo zuen bere artxibora. Eta Nevadako egunak liburutik kanpo geratu ziren testuen artean, "aurkitu nituen bi testu, Txoriak kolpeka honetan batasun baten barruan egon zitezkeenak", Koldo Mitxelena Kultugunean eskaini duen prentsaurrekoan aitortu duenez.

Bi testuak berreskuratu eta Txoriak kolpeka (Pamiela, 2014) libururako egokitu ditu. Tituluaren eraginez, "artxibotik ateratako bi testu horiek eraldatu egin dira". Berriz landu ditu propio libururako, "eta liburuak batasun bat hartu du".

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)