Albisteak

"Beterriko Liburua" aldizkaria ere desagertzera doa

Azken bi urteotan dirulaguntzek behera egin dute era nabarmeneanOsteguna, 2012-12-13

Literaturari lotutako kazetaritzak ez ditu egun gozoenak bizi. Eguneroko prentsan ageri ziren gehigarri batzuk desagertu egin ziren duela bizpahiru urte. Iaz, Nabarra aldizkaria argitaratzeari utzi egin behar izan zioten. ETB1eko Sautrela saioarenak egin du aurten. Azken kolpea aste honetan jaso du euskal literaturak: Beterriko Liburua aldizkariaren azken zenbakia argitaratuko dute datorren astean. Dirulaguntzen beherakadaren ondorioz, kalitatezko hiruhilabetekaria desagertu egingo da.

"Mamuak aspaldi ikusten hasi ginen", halaxe adierazi digu Amaia Goikoetxeak, Beterriko Liburua aldizkariko zuzendariak. Azken urteotan, dirulaguntzek behera egin dute nabarmen eta erabaki zailena eta gogorrena hartu behar izan dute. Gauzak horrela, datorren astekoa aldizkariaren azken zenbakia izango da. "Murrizketak hasi zirenean, erabaki hau aztertzen hasi ginen. Aldizkaria gure produktu garestiena da. Kalitatezko argitalpena da, koloretan...". Inprenta gastuak ez ezik, banaketa gastuak ere handiak izaten dira horrelakoetan.

Sikiera, sarean eta PDF euskarrian mantendu zitekeen. Amaia Goikoetxeak ez du aukera hori baztertzen. "Horretaz hitz egin dugu. Gure web orrialdea berritu beharko genuke, oso-osorik. Eta hor txertatuko genuke aldizkaria PDF euskarrian", baina batak ez du bestea kentzen. Paperaren galera berbera izango baitzen.

Dirulaguntzak, behera nabarmen

Izan ere, dirulaguntzen murrizketak hain handiak izan dira, Akademiaren egitasmo berriak ere baldintzatuta daudela une honetan. "Proiektu berrietan ari ginen pentsatzen. Aldizkariari izena aldatu nahi genion, diseinua berritu... Beterriko Liburua zena 111 Akademiaren aldizkari bihurtu nahi genuen".  Baina instituzioen babesa gehiegi jaitsi da. Azken bi urteotan, %60 egin du behera Foru Aldundiaren ekarpenak (Euskara Saila). Eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eman duen dirulaguntzak ere behera egin du, 2012an %65 inguru.

Kilkerren soka

Beterriko Liburua aldizkaria ez da 111 Akademiak sustatzen duen ekimen bakarra. Egun hauetan, esate baterako, Kilkerren Sokaren berri eman dugu Hitzen Uberan. Idazleei, euren lana irakurleekin partekatzeko aukera eskaintzea du helburu Kilkerren Sokak. Hau ere, 111 Akademiak sustatzen du.

IV. edizioa azaroaren 15ean abiatu zen eta Ione Gorostarzu, Karlos Zurutuza eta Itxaro Borda aritu ziren Tolosan, Irunen eta Baionan, hurrenez hurren. Saio hauetan, liburua aurkezten zuen idazleak bidaide bat zuen alboan: honek liburuaren gaineko balorazioa egiten zuen eta segidan idazlea eta bertaratzen ziren irakurleen arteko zubi lana egiten zuen. Bada egitasmo hau ere kolokan da. Urtean bitan egiten zen Kilkerren Sokaren erronda. Lehena udaberrian, bigarrena udazkenean. 2013ko udaberrian behintzat, ez da Kilkerren Sokarik izango. Eta auskalo zer gertatuko den aurrerantzean.

Literatura Saria

Beterriko Liburua Literatura Saria da 111 Akademiak sustatu duen beste egitasmoa. Sari honen etorkizuna ere ez dago batere argi. Amaia Goikoetxeak ez du ziurtasun handirik, baina 2012 urteari dagokion saria banatuko delakoan dago. Hori datorren udaberrian litzateke. Hortik aurrera... Zalantza da nagusi. Prentsa oharrean dioten moduan, kinka larrian baita 111 Akademia. Eta literatura sari hau ez da nolanahiko saria. Irakurleek eta literaturzaleek hautaturiko sari bakarra baita Euskal Herrian.

Instituzioekin harremanetan jarri nahian

Erabaki mingarriena, oraingoz, hartuta dago: datozen egunetan argitara emango den 56. zenbakia izango da, hain zuzen ere, Beterriko Liburua aldizkariaren azkenekoa. Era berean, datozen egunetan bilera egitekoa da 111 Akademiaren Batzorde Eragilea, etorkizun hurbilean egin beharreko bideaz hausnartzeko. Akademiaburu den Eloi Egibarrek prentsa-ohar bidez adierazi duenez “gure lan guztiak bertan behera utzi ala gutxieneko ahalegin bati nola eutsi aztertuko dugu. Beterri eskualdeko Andoain, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalen laguntza leiala hor izan dugu beti eta, agian, laguntza horren bidez gutxieneko egitura bati eutsi ahal izango diogu. Gainera, harremanetan jarriko gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin eurek orain arte emandako laguntza zertara mugatuko den argitzearren. Beste horrenbeste egingo dugu aurrerago Bizkaiko Foru Aldundiarekin.”

Esan dugu. Literaturari lotutako kazetaritza ez dago bere garairik onenean. Okerrena da epe laburrean ez dela egoera hobeagorik aurreikusten.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)