Albisteak

"Buruari eragitea gizarte osoaren ezaugarria dela iruditzen zait, eta hori egiten zait interesgarri"

Osteguna, 2020-05-21

Martxoaren hasieran aurkeztu zuen Erika Elizarik bere lehen eleberria, Zendabalitz (Elkar, 2020), Igartza bekari esker garatu duena. Parisetik Loiura bidean, hegazkin batean doazen zazpi pertsonaiarekin ahotsak txirikordatuz osatu du kontakizuna. Hari buruz galdetu diogu elkarrizketa honetan.

Martxoaren hasieran aurkeztu zenuen liburua, osasun-larrialdia hasi baino astebete lehenago. Zer moduz eraman duzu itxialdia? Nola eragin dio liburuaren aurkezpen eta abarrei? 

Itxialdia orokorrean ondo eraman dut, baina gorabeheratsua izan da zentzu guztietan; bai emozionalki, bai sormen aldetik, bai Zendabalitzi dagokionean. Liburuaren aurkezpena martxoaren 4ean egin izanak bere alde onak eta txarrak izan ditu. Itxialdiaren hasieran abantaila bilakatu zen. Izan ere, nobela jada eskuratuta zutenek inoiz baino denbora gehiago zuten irakurtzeko. Eta hortaz, lagunen eta ingurukoen iritzi ugari jaso nituen. Aldiz, bi aste igarota, liburuak eskuratzeko zailtasunak ia guztiz eten zuen nobelaren aireratzea. Bestalde, dezente izan dira Zendabalitzeko pertsonaien egoera eta osasun-krisiak eragindakoaren artean paralelismoak topatu dituzten irakurleak eta hori positibotzat hartzen dut.

Orain bi urte Igartza saria eskuratu eta horren hauspoarekin idatzi duzu Zendabalitz. Zein izan zen eleberri honen lehen izpia?

Denbora dezente neraman egunerokotasunean ikusten nituen egoerak, jarrerak eta txikikeriak apuntatzen. Ehizatutako une txiki horien bilduma bat nuen osatuta eta sormen lan batean ateratzeko gogoz nengoen. Eta bestalde, argi nuen gehiegi pentsatzeari buruzko kontakizun bat osatu nahi nuela. Igartza sariaren deialdia ikusi nuenean, bi gauzak elkartu eta esperimentatzeko aukera aparta zela pentsatu nuen.

Nola joan da idazketa-prozesua? Pozik geratu zara emaitzarekin?

Idazketa-prozesuak denetarik izan du. Emozio koktel bat izan da: ilusioa, presioa, adrenalina, zirrara, segurtasun falta... Dena batera. Konbinazioa energia txute izugarria izan da niretzat. Oso esperientzia polita, egia esan. Emaitzarekin ere, pozik nago. Amaitzen ari nintzenean, entregatu aurretik, zalantzaz josita nengoen. Ez naiz egiten dudan gauzekin erabat konforme geratzen den horietakoa eta nobela ez da salbuespena izan. Beti topatzen dut hobetzeko zerbait. Hala ere, pozik nago kontakizunak hartu duen itxurarekin. Eta lasai, benetan nire sentitzen dudalako.

Liburuko biografia laburrak dioenez, aurrez idatzi dituzu bestelako narrazioak, baita telesaiotan jardun ere. Beste horien aldean, zein izan da sortze-prozesu honen berezitasuna? 

Duela urte batzuk haurrentzako ipuin klasiko batzuen egokitzapenak egin banituen ere, hau izan da nire lehengo literatura lan purua; nik osorik sortutakoa. Eta bestalde, nire beste sorkuntza ia guztietan taldean aritu naiz. Beraz, Zendabalitz idazteko prozesua nabarmenki bakartiagoa izan da. Izan ditut bidelagunak, baina gehienbat nire buruarekin eta nire buruaren kontra aritu naiz urtebetez. Horrek baditu bere alde onak. Esaterako, edozein unetan eta beste inoren beharra izan gabe, aurrera egiteko aukera. Blokeo uneetan, ordea, faltan bota dut sortze-prozesua eta horrekin batera doazen sentipen guztiak partekatuak ez izatea.

Hegazkin bat, Parisetik Loiura doana. Zazpi pertsonaiaren barne-gogoetak eta haien arteko elkarrizketak. Ahotsez ahots, irakurleak ez du haria galtzen. Zer dela-eta osatu nahi zenuen gisa honetako testu bat, hainbat ahots txirikordatzen dituena? 

Gaiari berari oso ondo datorkiola uste dut. Pentsatzen dugun guztiari buruz hausnartu nahi nuen, baina ez nuen pertsonaia bakar baten errealitatea zela islatu nahi. Izan ere, buruari eragitearena gizarte osoaren ezaugarri den zerbait bezala ikusten dut eta, hain zuzen ere, hori egiten zait interesgarri. Hortaz, hala behar zuen. Bestalde, pertsonaien arteko loturak ere ezinbestekoak iruditzen zitzaizkidan bakoitzaren kontraesanak nabarmentzen laguntzeko eta kontakizunaren alde ludikoa areagotzeko.

Izenburuan, elkarri lotuta agertzen dira iragana, oraina eta etorkizuna (ahalera): zenda eta balitz. Agian hegazkinak horixe adierazten du, denbora izozten den momentu bat? 

Niretzako hala izaten da guztiz. Hegazkinean sartu eta aireratu orduko, mundutik deskonektatzen dudala iruditzen zait. Kanpoko bizitza, harremanak... dena eten egiten da. Baina noski, horrek ez du esan nahi gure buru barruko jarduna itzaltzen denik. Hegazkinak berak eskaintzen digun hermetismoak lasaitasunera eraman gaitzake edo gure kezka eta buruhausteak indartu ditzake. Kasu honetan, hori da Zendabalitzeko pertsonaiei gertatzen zaiena. Eta nahiz eta nobelan ordu eta erdi pasatxoz euren bizitza izoztu egiten den, lur hartutakoan euren errealitateari aurre egin beharko dietela jakiteak urduri jartzen ditu.

Komunikazio-arazo nabarmenak dituzte pertsonaiek; batzuk beren buruarekin, beste batzuk lagun edo senideekin… Eta zalantzak ere bai, zalantza mordo bat: zer egin behar luketen, zer ez… Garai baten isla ote da? 

Askotan entzun dut gure garaiko gaitz nagusiak depresioa eta antsietatea direla, iraganean eta etorkizunean gehiegi pentsatzeak eraginda. Eta baliteke, gaur egun, horiei gehiago erreparatzea, baina nik uste dut gizakiari berari lotutako zerbait dela zalantzak eta buruhausteak izatea. Garai batetik bestera kezken iturria, nolakotasuna eta aurre egiteko modua aldatuko dira agian, baina gizakiok berezkoa dugun zerbait dela iruditzen zait.

Era askotako kezkak eta pertsonaiak sortu dituzula iruditu zait. Zer hartu duzu kontuan haiek eraikitzen joateko orduan? 

Gehiegi pentsatzearen gaiari alderdi desberdinetatik heldu nahi nion. Ez nuen fokoa maitasun arazoetan edo lan kontuetan bakarrik jarri nahi. Gure buru barruko kezkak lotura izanda ere, bilatzen nuen nobela tematikoki anitza izatea eta irakurlea identifikatua sentitzeko aukerak zabaltzea. Hortaz, saiatu naiz pertsonaiek adin, ogibide, genero eta buruhauste desberdinak izan zitzaten. Bestalde, pertsonaien burutapenek talka egitea ere bilatu dut, ez nuelako jarrera jakin bat hobetsi nahi. Galderak planteatu nahi nituen; irakurlea bestea ulertzera bultzatu eta berak, egoera horretan, nola jokatuko lukeen pentsarazi.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)