Albisteak

Eneritz Artetxek idatzitako "Karanbola hirukoitza" liburua osorik sarean

Osteguna, 2020-05-14

Eneritz Artetxe Aranazek idatzitako Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan (EHAZE, 2019) liburua osorik jarri du sarean EHAZEk, deskargatzeko. EIEren eskutik, Hitzen Uberan-en eta Irakurrieran-en egin dizkiogu egileari elkarrizketak. (Argazkia: Irakurrieran).

EHAZEk sare sozialetan jakinarazi duenez, udaberrian liburua aurkezteko hainbat ekitaldi antolatuak zituzten, baina bertan behera geratu dira koronabirusaren krisialdiaren ondorioz "Udaberrian aurrez aurreko hainbat aurkezpen berezi genituen aurreikusiak, baina oraingoz ezinezkoa zaigu egitea. Laster espero dugu aurkezpen horiek modu batera edo bestera berreskuratzea. Bien artean, gogoetak ahalik eta gehien zabaltzeko xedez, osorik irakurri dezakezue liburua sarean".

Eneritz Artetxe Aranazek Durangoko Azokan aurkeztu zuen liburua. Honela aurkeztu dute EHAZE elkartekoek kontrazalean:

«Emakume sortzaile euskaldunok hiru baldintza erabakigarri jasaten ditugu bizi garen gizarte honetan, zapalkuntza egoerak modu hirukoiztuan pairatuz. Lehenik, emakume bezala sailkatua izateak gure sortzaile ibilbidea erabat baldintzatzen du hasiera-hasieratik. Bigarrenik, kultur langile gisa aritzeak, gaur egun oraindik, bigarren mailako langile izatea esan nahi du. Hirugarrenik, emakume kultur langile izate horri hizkuntza gutxitu batean aritzea gehitzen badiogu, zailtasunen kopurua berehala hirukoizten zaigu. Emakume izanik, aipatutako zapalkuntzak pilatzen doaz, zailtasunen karanbola hirukoitza osatuz.

»Emakume sortzaile askok rolen izenak zein kontzeptuak berak aldatu nahiko lituzke. Argi dago autore, zuzendari zein interprete izateko modu garaikideagoak aspalditik daudela mahai gainean, eta haiek zerikusi handia dutela lan egiteko modu saretuagoekin, ardurak gehiago banatzearekin, prozesuei eta horietan sortzen diren harremanei garrantzia ematearekin, klasikoki emakumezkoei gehiago atxiki izan dizkiegun moduekin».

Eneritz Artetxek enkarguz sortu zuen bertan irakurri dezakezun azterketa. EHAZE elkartea osatzen dugunon iritziz, gogoetarako, eztabaidarako eta kontzientzia hartzeko tresna paregabea izan daiteke. Emakumeek euskal eszenan duten presentzia aztertzea ez delako soilik zenbakiez eta kupoez hitz egitea, teatroa bera ulertzeko eta zabaltzeko moduari eragiten dioten sakoneko aldaketez baizik.

ehaze_azala_karanbola

Albiste honen uberan:

"Karanbola Hirukoitza"ri kritika Argian: Just a little bit harder (Amaia Alvarez Uria)

Entzun egileari elkarrizketa IRAKURRIERAN irratsaioan

Irakurri elkarrizketa HITZEN UBERANen: "Eszena gainean ikusten ditugun emakume gorputzak oso estereotipatuak dira"

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)