Albisteak

Erika Olaizolaren bigarren iritzi artikulua: "Ni ispiluan"

Astelehena, 2020-03-30

Erika Olaizola kolaboratzaileak bigarren iritzi artikulua publikatu du "Sinadurak" atalean: "Ni ispiluan".

Ispilu aurrean nago. Zutik. Zentzu guztitan biluzik. Neure zentzu guztitako biluztasunari begira daramat denbora zertxobait. Malko bat ari zait erortzen mofleteetan behera. Eta ispiluaren beste aldean nagoenari ere malko bat ari zaio erortzen mofleteetan behera. Bioi batera, aldi berean. Elkarri begira gaude, ia nork zer egiten duen. Hortzak estutzen hasi zaizkit, badator amorrua. Kanpora ateratzea hainbeste kostatzen zaidan amorrua. Oihu egin dut. Eta ispiluaren beste aldean nagoenak ere oihu egin du. Biok batera, aldi berean. Baina berea oihu isila izan da, amorru isila eta nirea ere bai. Ispiluarekin konplizidadea galdu gabe lurrean eseri naiz eta bolatxo bat eginez neure zentzu guztitako gorputz biluzia besarkatu dut. Ispiluaren beste aldean nagoenak ere gauza bera egin du. Eta hortxe egon gara biok garen guzti hori besarkatzen. Burua altxatu dut, zerbait berria deskubritu dudanaren modura. Eskuarekin malkoak lehortu ditut eta noski ispiluaren beste aldean nagoenak ere halaxe egin du. Salto batez zutitu gara biok. Begiak kizkurtu eta ispiluaren beste aldean nagoenari modu ezberdin batean begiratzen hasi naiz. Zerbait berria deskubritu dudanaren begiradarekin. Eta kontzienteagoa den begirada horretatik begiratuta ispiluaren beste aldean nagoenak nik egiten dudan guzti hori bueltatzen didala ohartu naiz.

Ispilu aurrean jarraitzen dut. Uneoro nago ispiluren baten aurrean. Ispiluak dira pertsonak, ispiluak dira egoerak. Bizitza bera da ispilu bat. Bizitza ispilu objetibo bat da. Eta ispilu guztitan, ni, nire subjetibidadez begiratzen naiz. Eta begiratzen naizen moduan ikusten naiz ispiluan.

Eskerrik asko zuri nire ispilua izan bazara inoiz. Zure bitartez nire edertasuna ikusi dut. Zure bitartez, nire zauriak ikusi ditut. Zure bitartez hain atseginak ez zaizkidan nire alderdi batzuk ikusi ditut. Zure bitartez maitasuna deskubritu dut. Zure bitartez ni ezagutu naiz. Zu, hor bestaldean zauden zu, bai, zu, ez ahaztu, bizitzako momenturen batean ni ere zure ispilu bat izan naizela. Eta bertan ikusi duzun hori zure islada bat besterik ez dela. Kuriosidadez… Zer da ispiluan ikusi duzuna?

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)