Albisteak

Euskalduntasunari buruzko gogoetak eta fikzioak, Fermin Etxegoienen laugarren nobelan

Asteazkena, 2021-11-17

Totelak argitaratu du Fermin Etxegoienek, bere ibilbideko laugarren eleberria: euskalduntasun garaikideari buruz hausnartzen du bertan. Irudia: Erein argitaletxea.

Autokarabana (2009) izan zen lehenik, Zinegotzia (2013) bigarren, Urpekariak (2015) gero, eta Totelak bere laugarren eleberria kaleratu berri du Fermin Etxegoienek Erein etxearen eskutik. Kazetari eta saiogile moduan ere aritu da Etxegoien: horren erakusgarri dira Eutsiko diogu? (2014) elkarrizketa-liburua eta EITBko hainbat saio.

Hain justu ere, Totelak lan hibridoa dela azpimarratu du Inazio Mujika editoreak: «saiakera eta fikzioa» uztartzen baititu. Ereinekoen esanetan, «euskal literaturan ohikoa den auto-pertzepzio ariketaren generoa (nor-gara-gu-zer-gara-gu) ezohiko eremuetara» eramaten duen liburua da.

Bidaia batek osatzen du liburuaren hezurdura. Hala dio sinopsiak:

«Bikote bat St. Moritz aldean bidaiatzen ari da Maserati gorri batean, emakumeak bularreko minbizia itxuraz gainditu duela ospatzeko. Thomas Mann-ek Mendi Magikoa eleberrian ezagutzera eman zuen ospitalea ere bisitatu nahi dute. Burutazio bikaina etorriko zaie bidaian, euskalgintzari onura ekonomiko handia ekar liezaiokeena.

Musikari frustatu bat Santanderren kalean jotzen ari da. Ezustean, harreman estua izan beharko du euskal musikari famatu batekin eta bizitza aldatuko zaio».

Etxegoienek bere gai kutunak landu ditu oraingoan ere: «Euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika, mikro-geografiak». Euskalduntasunari buruzko gogoetak aletu ditu liburua aurkezteko garaian: «Euskalduna da… bere aukera linguistikoen gainetik bizitzen saiatzen dena» edo «Gure inkontziente kolektibo linguistikoa oso erdalduna da eta erdaraz edozein erregistro onartzen dugu, euskaraz ez bezala, non ia edozerk kanporatzen gaituen narraziotik» adierazi du, besteak beste.

Amu gisa, sarean irakur dezakezue lehen kapitulua. Aurkezpenaren bideoa, berriz, osorik ikus dezakezue hemen:


 

Albiste honen uberan

«Bere burua eskumakotzat aitortzen duen pertsonaia baten talaiatik idatzi nahi izan dut» (Fermin Etxegoieni elkarrizketa, Zinegotzia eleberriaren harira).

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)