Albisteak

Ezohiko (H)Ilbeltzaren lehen ekitaldia iragarri dute: otsailaren 25ean, solasaldia Miren Gorrotxategirekin

Asteazkena, 2021-02-17

Aurten, ezohiko (H)Ilbeltza antolatuko dute, ilbeltzean ez baizik urte osoan egingo baitituzte literatura beltzari buruzko ekitaldiak Baztanen: lehena, datorren ostegunean, Miren Gorrotxategi idazlearekin Sotoan gordeak (Txalaparta, 2021) liburuaz mintzatzeko.

Urtearen hasieran jakinarazi zuten (H)Ilbeltza jaialdiaren antolatzaileek ezen aurten ez zutela ohi bezala antolatuko Euskal Herriko Literatura Beltzaren jaialdirik. Edonola ere, «kulturari eta literaturari beren tokia eman» asmoz, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatuko zituztela iragarri zuten, Hil ala beltz izeneko bideoa zabalduz.

Bada, iritsi da lehen ekitaldia. Liburu bati buruzko solasaldia egingo dute: hain zuzen ere, Miren Gorrotxategirekin bilduko dira, Sotoan gordeak (Txalaparta, 2021) eleberri labetik atera berriz jarduteko. (H)Ilbeltza beka eskuratu zuen Gorrotxategik iaz, eta horri esker osatu du lan hau.

Solasaldia otsailaren 25ean izango da, ostegunez, 18:30etan, Arizkunenean.


 

Sotoan gordetako sekretuak

Nora eta Alex bikotea dira Sotoak gordeak nobelaren protagonistak. Halako batean, Noraren aita hil, eta haren jaioterrira itzuliko dira bi emakumeak. Alexek, orduan, neska-lagunaren iraganean arakatzeari ekingo dio, harik eta familiako sekretu guztiek «eztanda» egingo duten arte.

Liburuan ez dago poliziarik ez detektiberik.Gorrotxategik azaldu du halako pertsonaia baten larruan sartzen ez litzatekeela «eroso» sentituko; horrenbestez, jakin-minak bultzatutako ikerketa bat kontatu du, ez ikerketa polizial bat. Harremanen katramiletan zentratu da –familia barruko sekretuak haizatu behar dira, ala zilegi da maite duzuna babestea egia gordinetatik?–, eta orobat pertsonaietako baten antsietatean.


Albiste honen uberan

Sotoan gordetzen dira ardo onak… eta familiako sekretuak

Eneko Barberenak jaso du (H)ilbeltza beka

Patricia Highsmithen mendeurrenean, errepaso bat haren euskarazko uztari

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)