Albisteak

"Habiak", Maite Gurrutxaga eta Dejaburen eskutik

Asteartea, 2013-11-19

Dejabu panpin laborategiak eta Maite Gurrutxagak elkarlanean egin duten komikia aurkeztu berri dute: Habiak, Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratua. Covec nije ptica/Gizona ez da txoria antzezlana izan zena dago liburuaren oinarrian, baina antzezlanaren irudi-errepresentaziotik haratago sormen-lan berria da paperean plazaratu dutena.

Bilboko ACT antzerki jaialdian lehen saria jaso zuen 2008an Covec nije ptica/Gizona ez da txoria antzezlanak, ibilbide oparo bat hasi zuen orduan. Dramaturgia aldetik kontaera narratibo bati teatro molde ez ohikoak atxiki zizkioten egileek, txotxongiloak pertsonaia errealekin plano berean uztartuz, espazioaren erabilera poetiko bat bultzatuz... lan talde zabal batek parte hartu zuen Gizona ez da txoria lanaren lehen bertsioan, besteak beste lau aktorerekin oholtzan, gerora lana moldatu eta aktore birekin eraman zuen plazarik plaza Dejabu taldeak. Gizona ez da txoria helduentzako lanarekin hasi zen Dejabu Euskal Herriko plazetan bere estetika ezagutzera ematen, gerora Gure bide galduak (Artezblai kaleratutako testua 2012an) eta Azken portua lanekin eta Errautsak bezalako kolaborazioekin sendotuk den ibilbidea.

Covek nije ptica -bosnieraz Gizona ez da txoria- desterratutako hegazti errariei buruzko antzezlana zen, hegan egin ahal izateko heuren erroetara bueltatu behar dutenen istorioa. Simon baserritarra -txotxongiloa- eta Selma erizain bosniarraren -aktorea- arteko harremana zen antzezlanaren ardatza. Zer izan ote dezakete amankomunean kultura, adin eta hizkuntza hain ezberdina duten bi pertsonaiek?

Antzezlanetik liburura, Maite Gurrutxagaren eskutik

Habiak liburuak antzezlanak eskaintzen zuen istorio bera du oinarri:

Abiadura handiko trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharraren eta, Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den Selma erizain bosniarraren arteko harremana da liburuaren ardatza.

Maite Gurrutxagaren pintzelak bi protagonisten hasierako gaizki-ulertuen eta harreman gatazkatsuen testigu izango dira. Baina zuhaitzetako sustraiek hirietako espaloiak zartatzen dituzten gisan, bien iraganek oraina pitzatuko dute, laguntasun istorio hunkigarri bati hasiera emanez.

Maite Gurrutxagak antzezlana izan zenaren arima harrapatu du liburuaren orrietan, kasu askotan jatorrizko antzerki eszenekin fidel izanez, baina era berean sormen propiotik ekarpen handiak eginez. Selma gazte bosniarra eta Simon agure euskaldunaren arteko harreman berezia publiko gisa ezagutu zuenak bigarren irakurketa sortzaile bat egiteko aukera izango du, eta lehenbiziko aldiz liburuan ezagutzen dituenak berriz, sentikortasuna irudien lengoaia eta erritmora esperimentatzeko aukera.

Albiste honen uberan:

Albistea eta elkarrizketa KOMIKERI blogean

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)