Albisteak

"Hatsaren poesia" aurkezpen egunaren kronika

Asteartea, 2021-06-22

Senpereko Hatsa elkarteko kideek ekainaren 13an antolatutako liburu aurkezpenaren berri eman digute. Jarraian duzue egunaren kronika, Auxtin Zamora idazlearen hitzetan.

Gure ahotsean idatzita

den pentsamendua,

zeru denetatik datorren

haize epel hori,

arimaz betea,

gure hatsa da...

(Leire Zabala-Telleria)

Ekainaren 13an, Hatsaren poesiaren egunean, kasik urte luze baten buruan, gure lagun olerkarien berriz aurkitzeak hatsegin haundi-haundi bat eman digu. Pantaila hertsien birtualitatearen bestaldean jakin dugu zinezko pertsonak, oso-osorik haragiz-hezurrez-bihozkadaz beterik, oraino existitzen direla!!!! Milesker zueri:

Franck Achard, Unai Agirre, Eneko Apaolaza, Marisa Arruabarrena Elizalde, Matxalen Bezos, Nicole Etxart, Maialen Etxegoin, Luzien Etxezaharreta, Idoia Genua, Mabel Gomez Quisberth, Itziar Gomez Sarasola, Andoni Iturrioz, Marie Christine Iturrioz, Josu Jimenez Maia, Peio Jorajuria, Antton Kazabon, Estibalitz Legarreta, Ainara Maia Urroz,Arantza Martinez Etxarri, Mixel Mendiboure, Sabin Oregi Zarautz, Geva Sanchez, Marikita Tambourin, Eric Traonmilin, Karmele Urbieta Canales, Leire Zabala Telleria eta Josu bere laguna, Josemari Zendoia, Angéle Zamora, Auxtin Zamora, Beronika Zamora.

Pandemia bai, edo pandemia ez, Covid-ak ez du olerkariei, noski, sobera minik egin, alderantziz, iduri du libertate naturalaren bideak hobeki agertarazi dizkigutela, ohartuz, 113 idazleen izenak aurkitzen direla, aurten publikatu dugun 23. liburuan, eta horietan 16 olerkari berri.

Etortzea ezinezkoa zutenei pentsatu dugu, jakinez arras ongi, gurekin izatea gustokoa izanen zitzaiotela, eta, ezpirituz, beraiekin, gure urteko eguna, amets batean bezala, iragan dugu.

Goizetik, kemenarekin, eguzkiak erakutsi zigun, berak ere, bestan parte hartu nahi zuela, behartu gintuen Larraldeko eltzaurrondoen azpian liburuaren aurkezpena egitea. Ainara Maia Urrozek, lan hori, artoski eta maisuki ereman zuen, eta, Mabel Garcia Quisberth Kolonbiako etorkin euskaldun berriak, berak, idatzitako sar-hitz hunkigarri bat irakurtu zigun. Gero, suerteari galdetu zen datorren urtean nork idatziko zuen olerki bilduma berriaren sarrera. Erantzuna jarraian eman zigun: Joseba Aurkenerena izanen zela. Animo, beraz Joseba!

Gero, Antton Kazabon, Marisa Arruabarrena Elizalde eta Sabin Oregi Zarautzek eskaini liburu batzu zozketatuak izan ziren, bai eta Hatsaren Poesiaren sail osoa, 23 liburuekin, ere. Hau, Unai Agirrek irabazi zuen.

Arratsaldean Larraldeko lorioan norberak ekarri janari-edariekin, aperitifa eta bazkaria itzelak izan ziren, bereziki pastel mota ugariren banaketa batekin.

Eta, gero, 16:00etan egin zen olerki irakurketa bat begiak bustitzerainoko hunkidura giro batean, eta hori, zuei esker: Eneko Apaolaza, Marisa Arruabarrena Elizalde, Matxalen Bezos, Nicole Etxart, Maialen Etxegoin, Luzien Etxezaharreta, Idoia Genua, Josu Jimenez Maia, Antton Kazabon zure kantu xuabearekin, Ainara Maia Urroz, Arantza Martinez Etxarri, Sabin Oregi Zarautz, Eric Traonmilin, Leire Zabala Telleria, Auxtin Zamora, Josemari Zendoia.

Azkenean, irakurraldia bururatu zen guzien entzumena eta bihotza sakoneraino hunkitu diguten Leire Zabala Telleriaren hiru abestiekin. (Testuetan, bat, Eric Traonmilin Bretainiako euskaldun berriak idatzia). Zuzenean ikusi ginuen Leire, hain maite duen Josuri bere amodioa amultsuki kantatzen, bai eta ere 'Gure hatsa'ri himno poetiko bat eskaintzen ere. Publikoak hainbertze maitatu zuen abesti sortu berri hori, nun eta nahi izan zuen, jarraian eta bertan, hau, Leirerekin ikasi. Erran zen ere datorren urtean, Hatsaren Poesia egunean abesti hori denen artean kantatuko ginuela. Beraz, igortzen dugu kantua Leirek bikain kantatua, datorren urterako denok ikas dezagun!

Egun osoan, ere, Larraldeko gaineko gela haundian "Su hatsa" erakusketa ikusi ahal izan zen. Honek, arrakasta nabarmen bat ukan zuen eta pentsatzen da beste Euskal herriko toki batean oraino honen ikusteko parada bat ukanen dela. Horregatik igortzen dautzuegu erakusketari buruzko filosofia edo idatzia, nahi duzuen tokian aurkez dezazuen!

Denentzat,

Auxtin Zamora

(Harremanetarako: hatsarenpoesia@gmail.com)

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)