Albisteak

Hemingwayren argi-itzalak

Ostirala, 2016-09-02

Naomi Woodek idatzi, Garazi Goiak euskaratu eta Txalapartak argitaratu du Mrs. Hemingway eleberria. Atzo aurkeztu zuten, Donostian, mahai-inguru batean. Hantxe zeuden autorea, itzultzailea, Txalapartako editore Mikel Soto eta Edorta Jimenez idazlea. Ernest Hemingway idazle estatubatuarraren lau emazteen bizipenak biltzen ditu nobelak.

Ezagun dugu Ernest Hemingway ausart, basati eta hipermaskulinoa. Beste alderdi bati erreparatu nahi zion Naomi Wood idazleak, ordea: "alderdi pribatua interestatzen zitzaidan". Izan ere, haren gutunak irakurri zituen, eta hantxe topatu Hemingway samurrago bat: "eleberrietako hizkuntza soil, zorrotz eta zoliaren aldean, bestelako idazkera aurkitu nuen gutunetan: goxoagoa". Beste zenbait gauzak ere eman zioten arreta, haren emazte ohien arteko harremanak, hain zuzen. "Ikertzen ari nintzela, lehen emazteak –Hadley– bigarrenari –Fife– bidalitako gutun bat topatu nuen. Gonbidapen bat zen: Hadleyk Fiferi eskaintzen zion bikotearekin uda pasatzeko. Hemingwayren maitale zen Fife ordurako, eta neure buruari galdetu nion ea nola zen posible gonbidapen hura. Ezin nuen ulertu". Horri tiraka jarri zen liburua martxan.

Hiru urte eman zituen dokumentazioa biltzen eta, azkenik, 2014an kaleratu zen Mrs. Hemingway. Lau atalek osatzen dute: emazteko bana. Haien bizipenak dira nagusi eleberrian, Hemingwayk berak toki gutxi hartzen du, Wooden esanetan. "Emakume azkarrak, indartsuak eta independienteak ziren denak, eta arreta pizten zidan ea zergatik xarmatzen zituen guztiak hala". Autoreak argi dauka: "ezin nuen Hemingway munstro baten moduan erretratatu. Horrek ez luke funtzionatuko. Ñabarduren bila joan nintzen". Dokumentazio-lan handia egin zuen arren, fikzionatu egin ditu gertaerak eta pertsonaien izaerak. Badago, gainera, osoki fikziozkoa den pertsonaia bat, Harry Cuzzemano. "Ernesten adiskidetasun-harremanek ez zuten luzaroan irauten, eta liburu osoan zehar eutsiko zion norbait behar nuen".

Mikel Soto editorearen arabera, eleberri honi esker sortu zaio Hemingwayren figuraren aldeko lilura. Lehen, ez zuen ulertzen, baina eleberria irakurri ostean engantxatu egin da, eta, halaxe gertatu ei zaio inguruan irakurri dutenei ere. Garazi Goia itzultzaileak ere paretsu, liburua irakurri eta bihozkada izan zuen, lan hura ekarri behar zuela euskarara. "Eskutitz bat idatzi nion Naomiri, eta ideiaren berri eman. Normalean ez da horrela egiten, baizik eta agentearen bidez, baina erantzun egin zidan eta martxan jarri ginen".mrs hemingway aurkezpena

Wood oso pozik agertu zen, bere liburua euskaraz irakurtzeko aukera dagoela-eta. Eskerrak eman zizkien Sotori eta Goiari: batari, edizio ezin ederragoa apailatu dutelako, besteari, pasio handiz heldu diolako itzultzeko egitasmoari.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)