Albisteak

(H)ilbeltzarik ez ilbeltzean

Ostirala, 2021-01-08

Aurten ez da (H)ilbeltzarik izango; hala jakinarazi dute Euskal Nobela Beltzaren Astearen antolatzaileek. Dena dela, bestelako ekitaldiak egingo dituzte urtean zehar.

Aurten ez da (H)ilbeltzarik izango. Hala jakinarazi dute Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzen duten taldeko kideek. Edonola ere, adierazi dute «kulturari eta literaturari beren tokia eman nahi» diotela, eta, beraz, zerbait egingo dutela urteko beste sasoiren batean: «Oraindik ez dakigu zer, ez noiz, ezta nola ere, baina eginen dugu zerbait». Asmoa berresteko, bideo bat zabaldu dute.


 

(H)ilbeltza beka, emankor

Jaialdirik izan ez arren, (H)ilbeltza bekak bere martxari eusten dio. Berriki argitaratu da Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak eleberria (Txalaparta, 2020), 2019ko deialdiaren irabazlea. Hona liburuaren sinopsia:

«Guggenheimeko erakusketa batean ikusi du Norak itzal bat, iheska, lekuz kanpo: beste garai baten gomuta. Ondoan du Alex, galdetu arren erantzunik lortuko ez duena; ez, behintzat, berak nahi lituzkeenaren ahotik. Egun berean jasoko du Norak aitaren heriotzaren albistea, eta horrek eramango du bikotea Noraren sorterrira, Vianara. Han, mahasti artean, galderak pilatuko zaizkio Alexi. Odolezko familian eta hautatutako familian isildutakoak, hitz erdiak eta estalitakoak zurrustan aterako dira, ardoa barrika pitzatuan nola, (H)ilbeltza beka irabazlearen eleberri beltz honetan».

Bestalde, Koldo Bigurik irabazi zuen 2020ko (H)ilbeltza beka, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao euskaratzeko. 2022ko urtarrilean kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak. Azkenik, 2021eko deialdian narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) aurkeztu dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak. Epaia hemendik gutxira jakinaraziko da.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)