Albisteak

Joan eta itzuli denaren eguneroko poetikoa

Osteguna, 2017-10-12

Herenegun aurkeztu zuen estreinako poema-liburua Martin Bidaurrek Susa etxearen eskutik: Itzulera.

Lehen liburuaren garrantzia

Aitorpen bat eginez hasi zen Gorka Arrese Susako editoreak Martin Bidaurren Itzulera poema-liburua aurkezten. Lehen liburua du Bidaurrek, eta Arresek aitortu zuenez, editore gisa, bere “ametsa” beti izan da “idazle gazteen lehen liburuak argitaratzea”. Editore hasi aurreko garaira jo du hori guztia azaltzeko, eta gogora ekarri du bereziki bizikizun inportantea izan zela Iñigo Aranbarri adiskideak 23 urte zituela lehen poema-liburu publikatu izana (Jonas Poisson; Susa, 1986). Arreseren arabera, lehen liburua urrats garrantzitsua da idazlearentzat, “norberak bere estetika eta beraz ideologia bat” agertzen dituelako, “oso modu markatuan”.

Ihes egin, eta ondoren itzuli

Arreseren hitzetan, bidaia bat kontatzen du liburu honek, izenburuak berak salatzen duenez. Bidaurren hitzetan, berriz, eguneroko bat da, “kontatzen duelako denbora-tarte batean norbaiti gertatzen zaizkion gauzak”. Eguneroko poetikotzat jo du, hortaz: “Poema hauetan bai biltzen dira oroitzapenak, lekuak, iragana aztertzeko eta ulertzeko nahi bat badago, eta batez ere bizitzen jarraitzekoa”.

Bost atal ditu poema-liburuak. 1) Hautsitako souvenir bat: “Liburua haurtzaroko oroitzapenekin hasten da, gertakizun traumatiko bat, zeina ez den aipatzen, eta horren aurrekoak gogoratzearen ezintasunaz dira lehen bost poemak, eta ezintasun horrekin nola bizi”. 2) Itxaronaldia: “Ez da haurtzaroa, baizik eta nerabezaroaz; herritik, etxetik, ikastetxetik eta norberaren azaletik ihes egiteko desira adoleszenteaz”. Ondoren, hirugarren atalean mamitzen da ihes-nahia, Parisera joaten baita poeta (halaxe deitzen da atala bera ere). 4) Uharteak: “Itzulera nabarmen bat dago, Parisetik Euskal Herrira; hemen hasten da ihes egiteari utzi eta gauzak beste modu batera ikusten hasteko beharra”. Oro har, liburu guztian tonu fatalista eta depresiboa nagusitu arren, azken atalean, Hutsuneak oinordetzean, argi-izpiak hasten dira agertzen: “Badago sendatze-saiakera bat eta aldi berean identitate-bilaketa baten oinarria”.

Eguneroko poetikoa, ez ordea historiografikoa

Egunerokoa aipatu duenez, poetaren ibilbidea-edo jarrai ote daitekeen liburuan, hori galdetu diote Bidaurren galderen txanda. Autoreak, ordea, argi utzi du ez dagoela erreferentzia konkreturik, eta, gainera, badagoela fikziorik liburuan: “Ez dakit oso eguneroko fidagarria litzatekeen, egunerokoa bai, baina historiografikoa ez”.

Bidaideak

Bidaurrek azpimarratu duenez, “denbora asko eta laguntza izugarria” izan du liburua osatzeko. Hiru urtetan idatzitako poemak bildu ditu, eta Arresez gainera, Aranbarrirekin berarekin eta Jose Luis Otamendirekin aritu da edizio-lanean. Bidaurrek esana, liburua izugarri hazi da prozesuari esker, “ez liburua bakarrik, ni ere pertsonalki aldatu naiz denbora-tarte honetan”.

Bestalde, Maddi Zumalabe ilustratzaileak egin du azala, eta haren lana nabarmendu du Bidaurrek: “Iruditzen zait oso ondo asmatu duela liburuaren beraren osotasunaren esentzia harrapatzen, irudi fidel bat ematen, estetikoki eta teknikoki ederra dena”.

Opera prima badu ere, aurrez irakurriko zenioten igual poemarik autore honi, ITU Bandako kidea baita eta Lekore aldizkarian argitaratu izan baititu zenbait lan.

 

poes73

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)