Albisteak

Jokin Zaitegi sariketa, Louise Glück-en "The Wild Iris" itzultzeko

Astelehena, 2020-11-02

Elkar argitaletxeak eta Arrasateko AED elkarteak urtero antolatzen dute Jokin Zaitegi itzulpen saria, urte horretako Literaturako Nobel saria irabazi duen idazlearen obra bat euskaratzeko. Aurten Louise Glück poeta estatubatuarrari eman zaio Nobel saria, eta orain haren The Wild Iris poema-liburua euskaratuko duen itzultzailea topatzeko jartzen da martxan Zaitegi saria.

(Iturria: Elkar).

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

–2020an Suediako Akademiak Louise Glück poeta estatubatuarrari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren The Wild Iris poema-liburua itzularaztea da.

–Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 20ko gauerdian amaituko da.

–Itzuli beharreko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku:

Glück (.pdf)

–Itziar Diez de Ultzurrunek, Peru Iparragirrek eta Nagore Tolosak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2021eko urtarrilaren 15ean beranduenez.

–Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, sariketako diru-kopuruaren truke.

–Irabazleak 1.500 euroko saria irabaziko du The Wild Iris itzultzeko; diruren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2021eko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

–Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Louise Glück-en lana euskaraz, eta 2021eko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

–Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.eus 943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)