Albisteak

Jon Alonsok "Naparra, kasu irekia" saiakera aurkeztu du

Astelehena, 2020-11-16

Jon Alonso idazleak Naparra: kasu irekia saiakera publikatu du, Elkar argitaletxearen eskutik eta Tene Mujika sariaren laguntzaz. Bertan, Jose Miguel Etxeberria Alvarez "Naparra"ren kasua ikertu du egileak, orain arte dauden datu guztiak bilduz eta zehatza antolatuz, eta haren desagerpenaren inguruko susmoak gogoratuz.

Sinopsia:

Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra”, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Iparraldean errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, norbaitek bahitu eta eraila. Ordutik ez da haren gorpurik agertu, ez desagerketaren egileez edo xehetasunez berri zehatzik jakin.

Jon Alonsok, era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bati ekin dio, kasu horretaz dakigun guztia biltzeko, baita suma dezakeguna iradoki eta ilunpean dagoena gogorarazteko ere. Naparra kasuaz hitz egitean, baina, gutxien-gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten borrokalari gazte, argi eta kementsuaren historia lazgarria; eta bestea, semearen (eta anaiaren) arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera joz eta askotan bakardadean, modu nekaezinean jardun duen familiaren historia, aurrekoa bezain lazgarria edo agian lazgarriagoa.

Biak landu eta jorratu ditu egileak Tene Mujika sariaren laguntzaz idatzitako lan honetan, gure memoria argituz eta astinduz; izan ere, noizbait denontzat bizigarria izango den herri bat eraikiko badugu, bidean gertatu diren izugarrikeria guztiak hartu beharko baitira gogoan.

naparra-kasu-irekia-txalaparta-eus

Jon Alonso Fourcade

1958 Iruñea (Nafarroa, Euskal Herria)

Biologian lizentziaduna, euskara irakaslea izandakoa, gaur egun itzultzailea da. 1995ean Mikel Zarate saria jaso zuen Idiaren eraman handia saiakeragatik. 2001ean, aurreneko Juan Zelaia saria irabazi zuen Agur, Darwin (eta beste arkeologia batzuk) lanarekin. 1995ean argitaratu zuen lehen nobela, Katebegi galdua, eta 1998an nobela eta saiakera artean dagoen Camembert helburu lana. Ondoren, Euskal karma rapsodia, Hodei berdeak eleberria eta Erretzaileen eremua ipuin liburua argitaratu ditu, besteak beste. Itzulpengintzan ere aritua da; berak euskaratu zuen Jose Samaragoren Lisboako setioaren historia edo eta Julio Cortazarren zenbait ipuin Julio Cortazar: Antologia apetatsua eta Jon Bilbaoren Kometaren eraginpean. Txalapartan Zintzoen saldoan eta Hiri hondakin solidoak eleberri beltzak argitaratu ditu. Beltzaren koloreak eleberri beltzari buruzko saiakera ere plazaratu du.

Aurkezpen honen uberan:

Argia: 'Naparra'-ren desagertzeari buruzko ikerketa-liburua argitaratu du Jon Alonsok.

Naiz: ‘Naparra kasu irekia’, militante baten desagerpena eta familia baten sufrikarioa.

 

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)