Albisteak

Joxe Austin Arrietak "Estalien gradora" plazaratu du

Osteguna, 2016-06-30

Joxe Austin Arrietak Estalien gradora poesia liburua plazaratu berri du Txalaparta argitaletxearen eskutik.

Esperimentazioa, hiru ahots-ildo, genero-artekotasuna, antzerki kutsua... "Poema propioek, beste egileen bertsioek eta dialektika antzeztu poetiko batek" osatzen dute liburua (ikus HEMEN Berriak egindako laburpena). Eta horrekin guztiarekin, ibilera oso baten sintesia, neurri batean beulanaldi baten isla ere izan daitekeena, literatur parnasoan lekua galdu duela sentitzen duen ahots baten bulkada.

estalien gradora

Mikel Soto Txalapartako editoreak liburuaren hastapenean paratu du "Editorearen oharra", aurkezpenean ere irakurri zituen hitzok. Bertan aipatzen duenez, Txalapartak poesiarik argitaratzen ez duen heinean "liburu hau ez luke Txalapartak argitaratu behar, baina liburu hau argitaratu egin behar zen". Joxe Austin Arrietaren literatur ekarpena izan zuen aldarri testuan, eta baita ere horrelako idazle bat arreta-xede izateari uzten dion literatur panorama mintzagai. Hitz hauek atera ditugu bere ekarpenetik:

"Ez dugu egunero ikusten 70 urtera bidean dagoen idazle bat forma berriei ekiten, intertestualitate berriak bilatzen, literatura-erreferentzia berriak eta zaharrak uztartzen, hau da, laburbilduz, jolasten eta esperimentatzen edo eusjal pentsalari handi batek, Carlos Iturgaizek, behin esan bezala; "jolasten eta endredando". Horregatik, uste dut euskara eta literaturarekin entseatzen dauden 20 edo 30 urteko gazteen aukera berberak gutxienez eduki beharko lituzkeela, baina nago, gai batzuen trataera alboratuz, errazagoa litzatekeela Joxe Austinentzat bere neurtitzak, bertso-paperak eta graffitiak argitaratzea gaztea balitz. Erosoagoa dirudi bizitzaren udazkenean dagoen idazlea pitopausiak jota imajinatzeak olgetan dagoen ume gisa baino."

Zailtasunak zailtasun, plazan da Estalien gradora. Liburua ezohikoa bada ezohikoa izan da ere aurkezpena, egileak berez literatur pieza izan litekeen testua irakurri baitzuen bertan. Mikel Antzak idatzi du liburuko hitzostea, eta harentzat ere izan zituen hitzak egileak, nolabaiteko lerro arteko dialogoan. Bertan duzue aurkezpena osorik:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)