Albisteak

Kalean da Pop Pilulak fanzinearen hirugarren alea

Azken argitalpenaren harira galdera batzuk bota dizkiogu proiektuaren sustatzaile Julen AzpitarteriAsteazkena, 2014-12-10

Iazko abenduan aurkeztu zuten ekimena: eduki pop-ak bilduko zituen euskarazko fanzinea. Durangoko Azokaren bueltan izan zen orduan ere, eta harrera beroa jaso zuen proiektuaren lehen aleak. Filosofia berberarekin jarraituta, beste bi ale kaleratu dituzte pop-pilulazaleek dagoeneko, azkena, duela egun batzuk baino ez. Hori guztia eta zertxobait gehiago post/elkarrizketa pop honetan.

Kalean da Pop Pilulak fanzinearen hirugarren alea, inoiz baino lodiago iritsi zaiguna gainera, grapa-hezurdura atzean utzita, oro mami. Julen Azpitarte bermeotar bilbotartua da ekimenaren bultzatzaile nagusia, eta kolaboratzaile-sare gero eta zabalagoa lagun ateratzen ditu fanzineak. Ohiko bidaideak ditu, adibidez, Goizalde Landabaso kazetaria eta Koldo Almandoz zinemagilea. Musikari eta zinemari buruzko artikuluak topa daitezke botika honetan, baina berdin har dezake plazer irakurleak elkarrizketak edo sorkutzan-lan txikiak dastatzen. Hamasei pilulak osatzen dute azken ale hau: Antton Iturbe Jim Jarmuschi buruz, Iñigo Basaguren-Duarte zinema kinkiaz, Michiko Kamba Sleaford Mods-ez...  Fanzineak bost euro balio ditu eta hainbat tokitan eskura daiteke: Bermeoko Luma liburu-dendan; Bilboko Anti liburu-dendan, Muga tabernan, La Casa de Atrás liburu- eta disko-dendan eta Mongolia arropa-dendan; Donostiko KaXildan; Donostia eta Zarauzko Garoan; Soraluzeko Gaztelupeko tabernan, Irungo Gun Club estankoan eta Hiruki Galleryn; Gasteizko Zuloa espazioan eta Iruñeako Katakraken.

DSC00073_1

Irudia: fanzinearen hiru aleak, lata warholdarren konpainian.

Duela urtebete inguru eman zen ezagutzera Pop Pilulak. Zelan eta zergatik animatu zinen horrelako gauza bat egitera?

Aurretik ere egin ditut fanzineak, eta buruan ideia argi bat neukan: irakurtzea gustatuko litzaidakeen euskarazko argitalpena egitea. Hasiera batean, zerbait handiagoa egiteko asmoa neukan, baina gero, ideia hori alboratu eta zerbait umilagoa egitea erabaki nuen. Kataluniatik hiruzpalau fanzine jaso nituen, eta horietako batek Pop Pilulak-en formatua diseinatzeko pistak eman zizkidan. Horrekin batera, argitalpenaren kontzeptua landua neukan aurretik (egitasmo bat hasi baino lehen, baldintzak jartzea gustatzen zait, gero denboraren poderioz mutatu egiten duten arren): pop-kulturari buruzkoa, euskaraz, paperean, itzulpen gutxi, kolaboratzaileek pop trazak izan beharko dituzte, testuak ahalik eta gutxien zuzendu, euskal kulturako gaietatik ahalik eta gehien urrundu…

Ia fanzinea atera aurretik antolatu zenuen lehen Pop Pilulak festa. Fanzinearen izpirituarekin bat, akaso?

Estreinako festa 2014ko otsailean egin nuen, Bermeoko Kapillan, Nuntxakuko kideekin lankidetzan: Jupiter Jon eta Bakelite taldeak, eta gero rhythm & blues, soul, boogaloo eta antzeko singleak pintxatu nituen. Lehenengo alea erabat agortuta zegoen (ale gutxi batzuk baino ez zeuden), eta bigarren alea bidean zen. Hortaz, fanzine gabeko jaia izan zen, kar, kar. Eta bai, festa fanzinearen izpirituarekin bat dator: Pop Pilulak argitalpena transzendentziarik gabeko egitasmoa da, hedonista nahi baduzu, ondo pasatzeko egiten dugu (baita irakurtzeko ere), eta zalearen grinak bultzatua. Orain, beste festa bat egin nahiko nuke egin, hirugarren alearen harira, baina oraindik zehaztu barik dago.

Hiru aleko uzta kaleratu duzue. Emaitzarekin eta ibilbidearekin pozik?

Bai, izugarri pozik. Hirugarren ale honetan, gainera, kolaboratzaile berriak etorri dira, eta orrialde kopurua asko hazi da. Horrekin batera, uste dut, idazterakoan, kolaboratzaileak lotsagabeago aritu direla oraingoan, beldurrik gabe. Nire helburua fanzinearen inguruan komunitate txiki bat sortzea da, kolaboratzaileek eta irakurleek osatutako komunitate txiki eta ireki bat. Ez besterik, horrekin nahikoa litzateke. A! eta komunitate horren harira eginiko festa pare bat muntatzea ere! Kar, kar.

Hasierako asmoa aldatu/transformatu dela esango zenuke?

Apur bat bai, baina ez gauza handirik. Hasiera batean, harro bota nuen Euskalgintzatik at zeuden gaiak baino ez zirela jorratuko, baina euskaraz eginiko argitalpena den heinean, ezinezkoa da euskal esparruarekin lotutako gaiak ez sartzea, zeharka bada ere. Nik neuk azken bi aleetan Euskal Herriko musikarekin lotutako bi artikulu egin ditut: William S. Fischer eta Enarak. Dena dela, pop ikuspegiarekin eginez gero, fanzineak pozik hartuko ditu horrelakoak ere.

Hirugarren hau inoiz baino mardulago dator. Gero eta jende gehiagorengana iristen zareten seinale?

Bai eta horrek biziki pozten nau. Lehen aipatu bezala, asmoa komunitate bat sortzea da, eta antza, gero eta jende gehiago biltzen ari da, bai kolaboratzaileak, bai irakurleak; halere, apurka-apurka gertatzen ari da, argitalpen txikia baita Pop Pilulak. Jende bilketa horren ardatza, baina, kultur kezka ez ezik, adiskidetasuna ere bada. Uste dut fanzinean parte hartzen duten guztiek harreman zuzen edo zeharkakoa dutela nirekin (eta haien artean ere), eta lotura, dudarik gabe, adiskidetasuna da.

Azoka osteko biharamun luze honetan galdera ezin aurreikusgarriagoa: zer-nolako harrera izan duzue Durangon?

Iazkoaren oso antzekoa, ale kopuru ber-bera saldu baita: 80 inguru (datu pozgarria, economic style). Marketin bulegoaren bezeroen fidelizazio-kanpaina ederki doan seinale, kar, kar.

Itzulpenak, elkarrizketak, iritzi-artikuluak… Denetik dago pop-piluletan. Dena egin daiteke pop?

Denetarik dago, eta nahita egina dago, apropos, aurretik pentsatua. Gai baten inguruko aleak egin ahal nituen, edo atalka antolatu ale bakoitza: bi elkarrizketa, erreportaje bat, bidaia-artikulu bat, hausnarketa bi… ez, hemen kolaboratzaile bakoitzak bere pilula egiten du, eta barrura doa, gero nik guztia gainbegiratzen dudan arren, begi totalitaristaz, kar, kar.

Zer falta zaio euskal kulturari?

Galbahea zabaltzea eta transzendentziatik urruntzea.

Kolaborazioak onartzen dituzue?

Bai, baina pop ikuspegia agertu beharko dute!

Non eta noiz egingo duzue hurrengo festa?

Bada ez dakit, Donostian zerbait egiteko asmoa zegoen, baina asmoa apur bat lausotu da, eta Bermeon edo Bilbon zerbait egingo da, seguru, oraindik zehaztu gabe dagoen arren.

Zerbait gehiago esan nahi zenuke?

Pop on!

10818552_917487738276539_1241629881_n

Irudia: Irantzu Aurrekoetxea

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)