Albisteak

Kalean da Tupust! kolektiboaren bigarren liburua

Asteazkena, 2021-11-03

Emakume komikilarien Tupust! kolektiboak bigarren liburua argitaratu du; hamazazpi istorioz osatua dago, eta «Zu» gaiari jarraitzen diote denek.

Emakume komikilarien Tupust! kolektiboak bigarren liburua argitaratu du; pasa den astean aurkeztu zuten kolektiboko kide Ainara Azpiazu Axpik, Paula Estévezek eta Maite Gurrutxagak.

2016an sortu zen Tupust! kolektiboa, euskal emakume komikilariak biltzen dituen taldea. Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Irati FG, Ainara Azpiazu Axpi, Paula Estévez, Maitane Gartziandia, Maite Gurrutxaga eta Amets Gurbiola dira bertako kideak. Hutsune bati erantzuteko elkartu ziren, eta, ertzean egon ohi diren marrazkigileak eta marrazki-moldeak zentrora ekartzeko helburuz egituratu ziren. 2018an argitaratu zuten lehen liburua Txalapartaren eskutik, «Ni» gaiari tiraka; oraingoan, berriz, autoedizioaren bidetik jo dute, liburua nahi bezala atera ahal izateko, eta «Zu» gaia landu dute.

Kolektiboko kideez gainera, hainbat gonbidatuk parte hartu dute liburuan: Dom, Regina Salcedo, Irati Eguren, Yolanda Mosquera, Mikel Larraioz, Ane Zaldibar, Irati Jimenez, Asteazkenak komandoa (Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren), Susanna Martin, Irkus M Zeberio, Josune Urrutia eta Raisa Álava. Gonbidatuak aukeratzeko orduan, kanonetik kanpoko proposamenetara jo dute, besteak beste, autoedizioaren munduan dabilen jendearengana, halako proposamenak interesgarriak direlako estetikoki. Gainera, itzultzaile eta zuzentzaileen lana aipatu dute: Maialen Garagarza, Leire Otxotorena eta Amaia Apalauza.

Zazpiehun aleko edizioa kaleratu dute. Aurreko liburua tinta berdea eta gorria erabili zuten, oraingoan, berriz, urdina eta laranja. Aurreko liburuko akatsak hobetzen saiatu dira, eta edizio txukunagoa osatu dutelakoan daude, azalaren estiloa aldatuz eta solapak gehituz.

«Zu» gaiak mugatua eta oso konkretua irudi dezakeen arren, liburuko lanetan denetarik dagoela azpimarratu dute kolektiboko kideek, gaiari heltzeko modu desberdinak baliatu dituztelako autoreek. Liburua kolektiboaren webgunean eskura daiteke, baita liburu-dendetan ere.


 Albiste honen uberan

Hemen da Tupust!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)