Albisteak

Kalean da «Urpean murgildu»

Osteguna, 2021-05-20

Urpean murgildu, Lidia Txukovskaiaren eleberria, argitaratu du Katakrakek, Josu Zabaletaren itzulpenarekin. Aurrez, errusiarraren beste lan bat ekarria dute: Sofia Petrovna.

 

Bost urte eta bederatzi lan: autoreen panoramika baten bila

Duela bost urte ekin zion Katakrak argitaletxeak bere edizio-ibilbideari: bide horretan, bederatzi izenburu kaleratu ditu narratibaren sailean; azkena, Urpean murgildu, Lidia Txukovskaiari itzuli dioten bigarrena da –Sofia Petrovna izan zen aurrena–, eta Josu Zabaleta arduratu da, Txukovskaiaren biak euskaratzeaz gainera, Beppe Fenoglioren Kontu pribatu bat gurera ekartzeaz.

Horrela kokatu zuen Hedoi Etxartek, atzo, Urpean murgildu eleberria: zenbakien bidez. Eta autore beraren liburu bat baino gehiago plazaratzeko arrazoiak azaldu zituen gero: interesgarria iruditzen zaie egile baten «panoramika» bat eskaintzea, irakurleek «autorea hobeto ezagutzeko, eta ahots horrek presentzia izan dezan euskaraz».

Hala, elkarren argitan azter ditzakegu Sofia Petrovna eta Urpean murgildu. Lehenengoan, autoreak Stalinen estreinako errepresio-oldeari buruzkoak kontatu zituen, gertatzen ari ziren unean berean, eta horixe zen liburuaren «bertuteetako» bat Etxarteren arabera, garai hari buruzko liburu gehienak gerora idatzi baitziren.

Hamar urte beranduagoko garaiari dagokio, hain zuzen ere, Urpean murgildu, eta, Sofia Petrovna nobelako giro hiritarraren kontrakarrean, Errusiako ipar-mendebaldeko basoan gertatzen da, idazle-etxe batean, zeinera joan baita protagonista, beka bat eskuratu ondoren. Etxarteren ustez, «literaturaren mundutxoari buruzko testuak» atsegin dituzten irakurleek asko gozatuko dute lan honekin.


Errelatoaren korapiloa, iragan mendeko Errusian

Zabaletak autoreari erreparatu zion lehenik eta behin: emakume txundigarria eta aparta izan zen, ereduzkoa, inoiz isildu ez zena eta esan beharrak esan zituena, errepresioa jasan arren.

Esan behar horrekin lotu zuen Zabaletak eleberriaren muina: itxura batean, Finlandiako mugaldean, idazle-egoitza batean itzultzen eta idazten dabiltzan zenbait pertsonaiaren lana kontatzen da nobelan, bai eta beren arteko harremanak ere, baina, funtsean, gaia beste bat da itzultzailearen iritziz, «oso aktuala» gainera: memoria eta diskurtso publikoa, soziala eta politikoa nola antolatzen den, eta zer eragin duen gizartean.

«Errelatoa» da liburu honen gaia, alegia. Botereak horretarako erabiltzen dituen metodoak eta tresnak aletzen dira –«hizkuntza usteltzea», lehenik eta behin–, bai eta jendeak zer erreakzio desberdin izaten dituen ere honen guztiaren aurrean: «Gehienek ezkutatu egiten dute beren memoria, beren errelato pertsonala ez dute adierazten. Beste batzuek onartu egiten dute boteretsuen errelatoa. Batzuek, onartu ez ezik, bultzatu».

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)