Albisteak

Fikzioaren eta errealitatearen arteko bidegurutzean da Kixotenea

Osteguna, 2016-12-01

Kixoteren laugarren mendeurrenean, Iñigo Astizek liburu klasikoaren inguruko erreportaje sorta plazaratu zuen Berrian. Uda parteko kronika haiek txatal berriekin osatu eta Kixotenean (Elkar) izeneko liburuan batu ditu. Egunkarian bezala, liburuan ere Maite Mutuberriaren ilustrazioek edertzen dute testua.

Kixote liburua honela hasten da: En un lugar de la Mancha, de cuyo nombre no quiero acordarme… Hasieratik galdera ikur bat dauka Cervantesen liburuak. Ez dakigu zein herri den Kixoteren herria. Eta nik herri horretara joan nahi nuen”. Cervantesen liburuaren laugarren mendeurrena profitatuz, Iñigo Astiz Mantxara joan zen astebetez. “Nola joaten da fikzio batera? Hori zen proposamen honen zailtasuna, proposamen honen arriskua”.


Argazkien ordez, ilustrazioak

Mantxatik bueltan, Kixoteren inguruko erreportaje sorta plazaratu zuen Berrian. “Ez nuen argazki hutsez apaindutako kronika bat egin nahi”. Beste zerbait bilatzen zuela aitortu du Astizek. Testuan bezala, irudian ere “fikzioaren eta errealitatearen arteko bidegurutze horretan egon zitekeen zerbait egin nahi nuen. Hasieratik pentsatu nuen Maite Mutuberria pertsona oso egokia izan zitekeela lan honetarako”.


Txatal berriekin edertua

Egunkarirako idatzitako kronika sorta hura “osatu eta liburuagotu egin dugu. Abuztuan atera ziren kronika horiek, eta abuztutik irailera bitartean aritu naiz idatzi horiek aberasten, osatzen eta txatal berriez edertzen”. Beste pieza berri batzuk sortu ditu gerora, libururako propio: “liburua liburuago izan zedin, ez bakarrik kronika bilduma bat”.


“Esperimentu moduan hartu nuen proposamena”

Iñigo Astizena bezain beste da Maite Mutuberriarena. Kixotenean, hitzak dakar irudia. Eta alderantziz, ilustrazioak osatzen du idatzia. “Uztailean jaso nuen Iñigo Astizen telefono deia”, adierazi du Mutuberriak. “Eta jolas edo esperimentu moduan hartu nuen proposamena”. Lehen kronikak eskuratu eta berehala piztu zitzaion sormenerako grina: “segidan irudi oso potenteak etortzen zitzaizkidan burura. Ilustratzaile gisa, niretzat eskertzekoa da irudiz betetako testuak aurkitzea”.


“Libururako irudi berriak sortu ditut”

Collage estiloan aritzen da Maite Mutuberria. “Nire sentitzen dudan teknika da. Eta kasu honetan, oso teknika aproposa zela iruditzen zitzaidan. Uste dut argazkiak oso lotuta daudela errealitatera, eta zirriborro hauek fikziora hurbiltzen gaituzte”.

Esan dugu. Iñigok txatal berriak idatzi ditu propio liburuaren ediziorako. Baina Maitek beste horrenbeste egin du. “Libururako irudi berriak sortu ditut”. Liburuko azalean ageri den haria, esate baterako. “Iñigok errealitatearen eta fikzioaren arteko haria edo korapiloa aipatzen du askotan”. Ideia horri jarraituz, Maite Mutuberriak erabaki zuen liburua soka batez lotzea. “Soka horretan korapiloak daude eta erdikoa Kixotenean bertan aurkitzen da”.

Egileek eta editoreak berak pena bakarra dute. Koloretan egitea garesti ateratzen zen, eta zuribeltzean plazaratu behar izan dute Kixotenean (Elkar) liburua.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)