Albisteak

"Kontakizuna da inportanteena nobela honetan"

Asteartea, 2016-11-22

Egiazko pertsonaiek eta gertakariek osatzen dute Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa) nobelaren kontakizuna. Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizipenen kronika nobelatua idatzi du Kirmen Uribek, XX. mendeko gertaera historiko askoren erakusgarri dena. “Ez da historia liburua bat, ezta biografia bat ere". Ondarroako idazlearen esanetan, "kontakizuna da inportanteena nobela honetan".

Kirmen Uribek 2012. urtean plazaratu zuen Mussche (Susa, 2012) nobela. Ordurako buruan zuen Karmele Urresti erizain ondarrutarra, Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) eleberriko protagonista. Familia baten bizipenen kronika nobelatua idatzi du, XX. mendeko gertaera historiko askoren adierazgarri.


“Non dago fikzioa?”

Esan dugu: egiazko pertsonaiak eta egiazko gertakariak dira liburu berri honetan batu dituenak. Karmele Urrestik eta Txomin Letamendik osatu zuten familiarenak, zehatz esanda. “Non dago literatura orduan? Non dago fikzioa?”, Kirmen bera da galdera egiten duena. “Bagenekien zer gertakizun izan zituen familiak, baina ez genekien nola”. Eszena horiek eraikitzea izan da Ondarroako idazlearen zeregina. “Eta eszena horiek egiten oso gustura aritu naiz”. Gutunak edota argazkiak baliatu ditu fikzioa osatzeko garaian.


Estilo aldetik, anitza

Idazkerari dagokionez, estilo ezberdinekin jokatu du. “Kapituluak txikiak dira, nahikoa laburrak. Kapitulu bakoitza ia autonomoa da. Batzuk prosa poetikoaz eginak daude, badira dokumentu hotzak, barne bakarrizketa dago, hizkera zientifikoa tarteka, hizkera filosofikoa...”. Estilo aldetik oso anitza dela aitortu du. “Kolore askotarikoa da”.


Idazlearen ahotsa

Liburu honen atzean dokumentazio lan handia dagoela adierazi du Kirmen Uribek. Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren inguruko informazioa batu ondoren, nobela idazteari ekiteko garaia heldu zitzaion. “Hiru zati ditu nobelak, eta hiru zati horiek seme-alabetako bakoitzak kontatuko zuen”. Hala egitea pentsatu zuen. Baina idazten hasi eta berehala konturatu zen “gehiegi urruntzen nintzela kontakizunetik. Eta nahiago izan dut nire ahotsa sartu”.

Mussche (Susa, 2012) eta Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) nobeletan idazlea bera ageri da kontakizunetan barrena. “Honetan ez da idazlea agertzen, baina idazlea bera ari da urteetan eta urteetan itzalpean egon den istorioa berreskuratzen”.


Kontakizuna da inportanteena

Kirmen Uriberen esanetan, narrazioa bera da nobela honetan inportanteena. “Ez da historia liburua bat, ezta biografia bat ere. Kontakizuna da inportanteena nobela honetan. Kontakizunak eramaten zaitu aurrera”. Kirmen Uribek aipatu duenez, “idazlea ez da nabari. Antonio Gezalaren mihisean aurpegi denak ezabatuta daude. Nik ere nahi nuen desagertu liburuan. Ez dago birtuosismorik, ez dago apaingarririk. Idazlea ez da nabari. Garrantzitsuenak pertsonaiak dira, eta kontakizuna bera”.

Benetako izen abizenak erreskatatu nahi zituelako, benetako izen abizenak errespetatu ditu. Bideo honetan xehatzen du erabakiaren zergatia:


Irakurraldi ugari datozen egunetan

Kirmen Uribek nobela honen inguruko hainbat irakurraldi egingo ditu datozen egunetan:

Azaroaren 22an asteartea 19:30ean Bilboko Kafe Antzokian.

Azaroaren 25ean ostirala 19:00etan Donostiako Garoa liburu-dendan.

Azaroaren 29an asteartea 19:30ean Gasteizko Oihaneder etxean.

Abenduaren 1ean osteguna 19:00etan Iruñako Karrikiri elkartean.

Abenduaren 4an igandea 13:00etan Durangon Ahotsenean.

Abenduaren 16an ostirala 18:30ean Baionako Elkar liburu-dendan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)