Albisteak

Letra katalanei begira

KATALANETIK EUSKARARA EKARRITAKO AUTOREAK ALETU DITUGU ERREPORTAJE HONETANOstirala, 2015-02-20

Gertakari politikoek akuilatuta, egoera ere antzeko xamarra bizi duten heinean bi hizkuntzek, Herrialde Katalanetak begira jarri gara sarri, pasa den urtean. Aurten ere horrelaxe ibiliko garela aurreikusita, kultura hori hobeto ezagutzeko prestatu dugu erreportaje hau, katalanez idatzitako literatura euskaraz irakurtzeko aukera egon baitago. Merce Rodoreda edo Salvador Espriu aspaldidanik daude gurean, baina baita autore garaikideagoak ere, hala nola Empar Moliner edo Albert Sanchez Piñol.

Kultura katalana hobeto ezagutzeko bide honetan, bi atal nagusi jorratuko ditugu: hasteko, autoreka ekingo diogu bidaiari (bederatzi idazleko lagina batu dugu), eta, ondoren, hainbat autoreren lanak biltzen dituzten bildumetara egingo dugu jauzi.

AUTOREAK

VICENT ANDRÉS I ESTELLÉS

Poeta. Liburu interesgarri baten bidez dauka irakurle euskaldunak Vicent Estellès poetaren obra ezagutzeko aukera. Revista Bostezo aldizkariak editatua, ale elebiduna dugu Estellés euskaraz, valentzieraz eta euskaraz dauzkagi hala poemak nola bestelako testuak. Hector Arnauk egin zituen apailatzaile-lanak, eta Gerardo Markuletak egin zuen valentzieratik euskararako itzulpena. Obrari buruzko berri xehea jaso dezakezue aldizkariaren webgunean, are gehiago, antologia-egilearen eta itzultzailearen hitzaurreak irakur ditzakezue.

2009-07-01_IMG_2009-06-24_00.20.55__XV043CU001.jpg

GABRIEL FERRATER

Etortzeko. 2015ean argitaratuko da Gabriel Ferrater poetaren kaiera, Aritz Galarragak hautatu eta itzulia. Gabriel Ferrater Reusen jaio zen 1922an eta San Cugat del Vallesen hil, 50 urte beranduago. Gerraren ostean erbestean bizi izan zen, eta, hain zuzen, garai horretako lehen poeta katalan modernotzat jotzen da. Les dones i els dies [Emakumeak eta egunak] du poema-liburu ezagunena. Erreportajearen bigarren zatian aipatutako antologia batean irakur ditzakegu bere zenbait poema. Kaiera osoagoa geure eskutara iritsi arte, hemen duzue amu txiki bat Ferrateren obra ezagutzeko.

indizea

MARIA MERCÈ MARÇAL

Poeta. Lleidan jaioa 1952an, Bartzelonan zendu zen, 1998an, berrogeita sei urte baino ez zituela. Kaierak egitasmoaren eskutik heldu zaizkigu haren poemak, Itxaro Borda idazleak itzuliak. Poema-bilduma horren sarreran, sailaren zuzendari den Beñat Sarasolak, hainbat zertzelada biografikoren berri ematen digu. Femismoarekin eta militantzia ezkertiarrarekin lotura estua izan zuen Marçalek. Izan ere, poesia idazteagatik ez ezik, Llores de Moll argitaletxea sortzeagatik eta Kataluniako PEN Kluba sustatzeagatik oroitu beharko genuke Marçal.

Giza harremanekin, gizartearen ordenamenduarekin eta maitasunarekin zerikusia dute sarri Marçalek landutako gaiek. Errekonozimendu handiko poeta da Katalunian, fundazio bat ere badu bere izenean, Marçalen obra zabaltzeaz eta bultzatzeaz arduratzen dena.

Bi amu, bada, zuen eskura: batetik, poesia-kaiera, osorik irakurgai; bestetik, Silvia Pérez Cruz musikari katalanak sortutako kantua, Marçalen poema bat abiapuntu hartuta: Covava l'ou de la morta blanca. 

JOAN MARGARIT

Poeta eta unibertsitateko irakaslea. 1938an jaio zen, Segarra eskualdean, Katalunian. Hamaikatxo poesia-liburu ditu argitaratuak. Hainbat sari jaso ditu eta bere liburuetako asko atzerriko hizkuntzetara itzuliak izan dira. Tartean euskarara; izan ere, 2009an, Miserikordia etxea iritsi baitzen gurera, Mettook etxearen eskutik eta Juan Ramon Makusok emana. Hain zuzen, liburu hori da Margaritek idatzitakoen artean sona handiena jaso dutenetako bat, Kataluniako gobernuak ematen duen Poesia Sari Nazionala erdietsi baitzuen horri esker. Hasiera batean, gaztelaniaz idazten zuen poesia, eta 1980ko urteetan ekin zion katalanez sortzeari.

joan_margarit_med1

MIQUEL MARTÍ I POL

Poeta. Hein handi batean, Joseba Sarrionandiak ezagutarazi zion publikoki, euskal irakurleari, Miquel Martí i Pol poetaren jarduna. 1984an, Maiatz aldizkariaren maiatzeko alean, Martí i Polen hainbat poema euskaratu zituen (guztiak hemen irakurgai). 1991n, Hezurrezko xirulak bilduman, atzera ekarri zituen poetaren beste ale batzuk, eta 1998an, Itxaro Bordak egin zituen itzultzaile-lanak, Maiatz aldizkarian argitaratuz lerroak oraingoan ere. Edonola den, Marti i Polen lan bakarra daukagu, osorik euskaraz.

2011n argitaratu zuen, Denonartean etxeak, Joxemari Sestorainek itzulia, Marta maitea poema-bilduma. Liburu sonatua da, inondik ere. 1978an argitaratu zuen Marti i Polek lehenengoz, esklerosi anizkoitza zeukala jakin eta zazpi urtetara. Poesia-liburu katalan salduenetarikoa da, bertan. Marti i Polen olerkiak ere sarritan izan dira musikatuak, hortxe daukazue lagin bat, Lluís Llach, Silvia Pérez Cruz eta Pep Guardiolaren ahotsetan: Ara mateix [Orain bertan]

QUIM MONZÓ

Poetak tarte baterako utzi, eta bagatoz ipuingile sonatu batengana: Quim Monzó. 1952an jaioa, Bartzelonan, bertan bizi da. 1976an ekin zion idazketari eta ordutik buru-belarri jardun du horretan, hamartik gora liburu argitaratu ditu. Ipuingile gisa da batez ere ezaguna, baina eleberriak ere idatzi ditu. Halaber, hainbat hedabiderekin kolaboratu du, iritzigile modura, hala nola Avui edo El País kazetekin, eta horietan kaleratutako artikuluak batu ditu zenbait bildumatan. Quaderns Crema du ohiko argitaletxea.

Gidoigintzan ere jardundakoa da, besteak beste, Jamón, Jamón film espainiarreko elkarrizketak berak idatziak dira. Nazioartean sona handienetakoa duen idazle katalana da, hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu.

1998an, Elkar argitaletxearen eskutik eta Luis Berrizbeitiak itzulia iritsi zitzaigun euskarara Gauza guztien zergatia. Hogeita hamar kontakizun batzen dituen bilduma horri esker bi sari jaso zituen Monzók: Bartzelona Hiriko Saria eta Serra d'Or saria.

q_2202

SERGI PÀMIES

Ipuingile sonatua hau ere. Parisen jaio zen, 1960an, Espainiako egoeratik ihesi hara joanak baitziren bizitzera gurasoak: Teresa Pàmies idazlea eta Gregorio López Raimundo politikaria. Hamaika urterekin itzuli ziren Bartzelonara, eta bertan ikasi zuen ondo katalanez. Euskaraz ipuin-bilduma bat irakur diezaiokegu, Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu, Gerardo Markuletak itzulia eta Txalaparta etxearen eskutik kaleratua. Horixe du liburu ezagunean, horrekin hasi zen izen ona lortzen. Nahi izatera, liburuaren hasiera irakurgai dago argitaletxearen webgunean. 2006an argitaratu zuen hori, eta sei urte beranduago heldu zen gurera.

Ipuinak ez ezik eleberriak ere idatzi ditu, eta hainbat autore frantsesen itzulpenak ere egin ditu, besteak beste, Amèlie Nothombenak eta Agota Kristofenak.

sergi600

ALBERT SANCHEZ PIÑOL

Idazle eta antropologoa. Bartzelonan jaio zen, 1965ean, eta bertan bizi da. Antropologiarekin lotuago dauden lanez aparte, 2002an hartu zuen literaturarako bidea, La pell freda eleberriarekin. Arrakasta izugarria izan zuen obra horrek, hala irakurleek nola kritikak goratu zuten. Nobela horixe da, hain zuzen, Sanchez Piñoli euskaraz irakur diezaiokegun bakarra: Larrua hotz. Lander eta Zigor Garrok itzuli zuten, eta Txalapartak argitaratu, 2009an.

Literatur fantastikorantz jotzen du nobelak, eta irakurlea erraz katigatuko da, Irlanda iparraldeko uharte misteriotsu batera, Espainiako Gerra Zibiletik ihesi, iristen den protagonistaren abenturekin. Eleberriaren lehen orrialdeak irakurgai daude argitaletxearen webgunean.

MERCÈ RODOREDA

Idazle kanonikoa. 1908an jaio zen, Bartzelonan, eta 1983an zendu, Gironan. Autore oso ezaguna eta maitatua, Letra katalanen ohorezko saria eman zioten 1980ean. Ipuinak, antzezlanak eta poesia ere idatzi zuen arren, eleberriek egin zuten batez ere, ezagun. Erbestean bizitzea tokatu zitzaion, Espainiako Gerra Zibilaren eta Franco diktadorearen garaipenaren ostean. Frantzian bizi izan zen, hainbat tokitan.

Hain zuzen, deserri garaian ekin zion gerora eleberri sonatuenetako bat bilakatu zen bat idazteari: Ispilu hautsia. Literatura Unibertsala bildumaren bitartez iritsi zen euskarara Rodoredaren lan hori. Antton Olano itzuli zuen, eta 2013an argitaratu zuten Erein eta Igela argitaletxeek, elkarlanean. Horrez gain, baditugu Rodoredaren beste bi lan euskaraz irakurgai. Biak ala biak Maite González Esnalek euskaratu zituen, eta Elkar etxearen eskutik kaleratu. Lehenik, 1984an, Ipuin hautatuak izeneko bilduma bat argitaratu zen (ipuinetako batzuk irakurgai hemen). Hamar urte beranduago, Rodoredaren beste eleberri ezagun-ezagun bat kaleratu zen, Diamantearen plaza. Hori ere sarean irakur daiteke, hemen. Plazer duenak, bestalde, benetako plaza bisitatu dezake, Bartzelonara doan hurrengoan. Gràcia auzoan dago, bixi-bixi.

rodoreda

BILDUMAK

 

POETA KATALAN GARAIKIDEAK. ANTOLOGIA

Ibaizabal argitaletxeak argitaratu zuen estreina antologia hau, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, 1996an. Zenbait poeta katalan zuen izenburua harako edizio hark, eta Gerardo Markuletak egin zituen itzultzaile-lanak. Iaz atera zen berredizioa, azal- eta izenberrituta, Elkarren eskutik, Urrezko Bibliotekan. Izan ere, EIZIEk antolatutako Literatura Unibertsala bildumako hasierako izenburu asko paper-ore bilakatu ziren, eta klasikoen biblioteka honek helburu du horietako hogei berreskuratzea.

Edizio berrikusi dut Markuletak, baina jatorrizkoan zeuden poeta eta poema berak agertzen dira liburuan, bi eletan. Poetak dira: Josep Carner, Carles Riba, J. V. Foix, Joan Salvat-Papaseit, Pere Quart, Salvador Espriu, Joan Vinyoli, Gabriel Ferrater, eta Vicent Andrés i Estellés.

 poeta katalanak AZALA.indd

HOBE KONTATZEN EZ BADIDAZU

Antologia dugu hau ere, ipuinena, baina. Aritz Galarragak aukeratu ditu ipuinak eta Gerardo Markuletak itzuli. Iaz atera ziren argitara, Pasazaite etxearen eskutik. Bost ipuingileren lanak biltzen ditu: Quim Monzó, Imma Monsó, Sergi Pàmies, Empar Moliner eta Francesc Serés. Elkarrizketa batean esan zuenez, Galarragak ipuingintzan ikusten du literatur katalanaren gailur garaikidea, garai batean poesiak izan zuen moduan indarra. Galarragak azpimarratu zuen ipuingintza katalanak ondo jorratu duela ipuin fresko, arin eta umoretsuen ildoa.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)