“Linbotarren itzalen ostean”: Asier Serranok Donostian eskainitako saioa osorik ikusgai
Asteartea, 2016-09-20Euskal Idazleen Elkarteak Poesia Orduak ekimena antolatu zuen irailaren 9 eta 10ean Victoria Eugenia Clubean, Donostiako Euskal Jaien egitarauaren barruan. Hitzen Uberanen emanaldiak osorik jaso ditugu. Jarraian ikus dezakezue Asier Serranoren testuetan oinarritutako “Linbotarren itzalen ostean” emanaldia.
Emanaldiaren ostean komentatu zutenez, urduri zeuden oholtza gainekoak, errezitaldiaren lehen aldia zela eta. Publikoaren eserlekuetan ordea asetasuna izan zen nagusi, lehen aldi honekin opari eder bat jaso izanaren sentsazioa.
Asier Serranok bi poesia liburu plazaratu ditu aurten: Xabier Lete saria Linbotarrak poema bildumarekin, eta Irun Hiria Ate osteko itzalak liburuarekin. Lehenengo saria jaso zuenean honela zioen: "Ni linbotarra naiz, baina denok gara linbotarrak. Linboa lurra da: gure Europa hau, gure Euskal Herri hau". Bi liburuetako testuak hartuta osatu du, hain zuzen ere, 'Linbotarren itzalen ostean' emanaldia.
Serranok bi lagun izan zituen oholtzakide: Antxon Sarasua eta Miren Fernandez. Emanaldian zehar eskura zuten aukeren arku zabala baliatu zuten: poemak hutsean deklamaturik, poemak musikaz lagundurik, poemak hiru ahotsen artean parrafoka errezitaturik, kantu bilakatutako poemak... Kontzertua eta errezitaldiaren arteko formatua izan zen Donostiakoa, idazle izateaz gain musikaria ere baden sortzaile batekin ezin beste modu batera izan. Hain zuzen ere, emanaldiaz gain izan zen beste oparirik: Serranok dagoeneko deskatalogatuak dauden Hoteleko kantuak eta Gerrari bai diskoen aleak utzi zizkien opari bertaratutakoei.
Linbotik erreseskatatu ditu Asier Serranok testuen bidez hainbat sentimendu, jarrera eta oroitzapen, titularrak gero eta gupidagabeago irensten dituen jendarteotan kultura izan daitekeelako linbokoen babesleku -edota- gotorlekua.
“Gu biok ez garela
ez galtzaileak, ez bazterrekoak, ez zapalduak, ez ahaztuak.
Gu biok ez garela
ez linbokoak, ez linboarrak, ez linbotiarrak, ez linbodunak.
Gu biok
linbotarrak besterik ez garela
ohartzeko ez bada ere,
zu izan behar zinen,
ezezagun maitea,
zu ez beste inor etxera igo behar nuena”.
('Behar nuena' poemaren zatia, Linbotarrak liburua).
Egileari buruz
Asier Serrano (Eibar, 1975), idazle eta musikaria. EH Sukarra taldeko letragilea eta Lorelei taldearen abeslari eta gidari izandakoa. Ondoren bakarkako zenbait disko kaleratu ditu eta literatur ibilbidea ere egin du. Lubaki Banda literatur taldeko kide izan zen, beste zenbait idazlerekin batera: Harkaitz Cano, Garikoitz Berasaluze, Xabier Aldai eta Xabier Gantzarain. Poesia da Serranok gehien landu duen esparrua eta zenbait errezitaldi egin ditu, arrakastatsuenen artean Mikel Markez kantariarekin eta Joxemari Karrere ipuin kontalariarekin ondutako Igurtzi nazazu berriro, laztana aipatu daiteke.