Albisteak

Lucio Urtubiaren bizitza “Gerezi garaia” komikian

Asteazkena, 2018-07-04

Mikel Santos “Belatz”ek sortu du Lucio Urtubiaren bizitza jasotzen duen Gerezi denbora komikia, Lucioren egungo izaera eta bere memoriak tartekatuz. Liburua aldi berean gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz plazaratu dute, Txalaparta, Tigre de Paper eta Demo argitaletxeen arteko lankidetzari esker. Pasa den astean Iruñean aurkeztu zuten, eta atzo bertan Donostian.

Pasa den astean Katakrak liburu-dendan aurkeztu zuten liburua Belatz egileak, Mikel Urmenetak eta Julia Itoiz-La chula potrak. Aurkezleen ahotak sormena irudi bilakaturik, eta aldarria. Lucio Urtubiaren bizitza aurkezteko osagai ezin hobeak.

Liburu-dendetan dago jada liburu bakarrean kabitu ezin den Lucio Urtubiaren bizitzaren irudi-biografia ederra, irudiei esker informazioa eta sentsazioak uztartuz. Orrial zabaldu eta berehala dator gainera kontaketaren hari nagusia: Amaia izeneko gazte iruindarrak karrera bukaerako lana egin behar du Lucio Urtubiari buruz, eta hori dela eta solasaldi luzeak izango ditu protagonistarekin, zeinetan bere biografiako pasarte ezagunak joango zaizkion lehen eskutik aletzen. Berari buruzko dokumentala egin zenetik, azken urteetan gero eta oihartzun zabalagoa izan dute Lucio Urtubiaren biografiako pasarteek, eta bertan komiki moldez ezagutu ahal izango ditugu, nolabaiteko biografia ilustratua osatuz.

gerezi-garaia_txalaparta_eus

Honatx sinopsiak dioena:

“Teoria ederren zale baino, ekintza-gizona dugu Lucio Urtubia. Haren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta, batzuek kontrakoa uste duten arren, ondare hori utzi digu, Lucioren altxorra. Belatzek luze galdekatu du Lucio hainbestetan kontatutako pasadizoen inguruan, ekintzak, lekuak, pertsonak, gertakizunak, atmosferak iruditan zehaztasunez islatu ahal izateko. Hala, bada, cascantearraren biografo ofizial bihurturik, ezagutzen genituen abenturak eta ezagutzen ez genituen beste hainbat pasadizo ere kontatuko dizkigu irudigile iruindarrak. Euskaraz estreinakoz, Cascanten emandako haurtzaroa, lehen banku-desjabetzeak, poliziei iskintxo egiteko asmatutako trikimailuak, familia-kontuak, Citibank banketxearekin egindako negoziazioa, muga-zeharkaldiak… Guztia edo ia guztia kontatuko digu Luciok akzioz eta ekintzaz betetako orri hauetan. Izan ere, anarkista menderaezin honek dioen bezala: «Ezer egiten ez duen iraultzaile bat apaiz bat besterik ez da».

Mikel Santos 'Belatz'

1974 Iruñea (Nafarroa, Euskal Herria)

untitled

Mikel Santos 'Belatz'ek ilustrazioa eta komikigintza ditu ofizio. Mikel Urmenetaren sortze-taldearen parte da eta, bai nazio zein nazioarte mailan, hainbat haur-ipuin ilustratu ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da Tim Burtonek berak zuzendutako Pesadilla antes de Navidad (Penguin) filmaren komikirako egokitzapena. Horrez gain, elkarlanean egindako eta hainbat hizkuntzatan argitaratutako testu-liburutan parte hartu du. Osasuna Fundazioarentzat 90 minutos en el Reyno eta Nafar Gobernuarentzat Una aventura en tres tiempos komikien egilea da ere.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)