Albisteak

Bost liburu berri Maiatz-en eskutik

Asteartea, 2012-04-03

Maiatz-ek bost liburu kaleratu berri ditu. Aldizkariak hogeita hamar urte bete dituen honetan, zer esan eta zer eman ugari duela erakutsi du beste behin Baionako argitaldariak.

Maiatz-ek bost liburu kaleratu berri ditu. Honako hauek, argitaldariko arduradunek aurkeztuta:

- Galerna Piarres Trounday-ena, bizi aberats baten oroimena Ortzaize, Kolonbia Britanika eta Ambares-en artean.
- Hormatik hormaraino Eric Dicharry-rena, poesia bilduma garaikide bat, itxurakeria salatuz slam baten gisako mailukadarekin.
- Inifife Peio Jorajuria-rena, Marokora egin bidaia baten kronika, amazigh kulturaren bideetan.
- Kezka bat gutxiago Urtzi Urkizu-rena, olerki bilduma bat biziaren aurkikuntzaren bidean.
- Medearen iratzarpena Itxaro Borda-rena, obra elebiduna euskal kultura mitologia zaharrekin eta kezka garaikideekin gurutzatuz.

Lucien Etxezaharretarekin solasean

Lucien Etxezaharretak gogoetatzen duenez, Maiatz-ek ezagutzera eman duen uzta berria oro har literaturan bizi diren joeren isla izan daiteke 'gaur egun jendeak arrazoi askorengatik idazten du, haien artean arrazoi pertsonalek gaina hartzen dute eta hori albiste ona da euskal literaturan. Garai batean egin behar zen ustez egin behar zena, eta orain bakoitzak nahi duena agertzen du, hori gauza berria dela iruditzen zait'.

Testuinguru horretan kokatzen du Etxezaharretak Piarres Troundayren Infife lan berria 'bere bizitza kontatzen du, kapitulu bakoitzean bertsoak idatziz, ahozko kultura tradizional bat azaltzen da eta bere minak eta esperantzak modu hunkigarrian kontatzen ditu. Horrelako liburu bat adibidez uste dut ez zela idazten ahalko duela zenbait urte'. Bidai liburuen arloan koka liteke berriz Peio Jorajuriaren liburua 'Marokora bidaian egindako aurkikuntzak, oso modu lasaian eta politean, tokiko historia eta kulturari leku eginez'.

Poesiaren alorretik datoz beste hiruak. Eric Dicharryren Hormatik hormaraino delakoari 'ikonoklasta' hitza jarri dio Etxezaharretak 'bai forma eta bai eduki aldetik. Mundu formateatu baten salaketa bat bezala da, botatzen ditu lerro batzuk poesia itxurakoak forma aldetik baina gogorki erakusten dutenak gure mundu ustez zibilizatu hori, osoki menperatua dena, menperatzearen aurka eginez'. Interneten eraginez komunikazio berritu baten influentziak ere badira liburuan. Urtzi Urkizuren Kezka bat gutxiago poesia lana berriz oso intimista da 'azken batean bere bizitzaren ilustrazio bat bezala, goxotasun ez ohiko batekin egina'.

Itxaro Bordaren Medearen iratzarpena lana elebiduna da 'berrogeita bat poemarekin hogeita hamar urteko poesiagintzaren laburbiltze bat egiten du. Argiki erakusten du nola aldatu den bere poesia euskal kultura batetik kultura unibertsalerat, bere ikasketa, jakintza, bizitzako gora beherekin eta mitologiako kulturarekin. Mitologiak gaurko mundua ere kontatzen du, hortik titulua. Beste hegal batean Alemaniako kultura du mintzagai, oso aberatsa dena baina era berean tragediarekin lot daitekeena'.
?
Maiatz-en 30. urteurrena

Otsailean bildu dira hainbat lagun bazkari batean, Maiatz aldizkaria estreinako aldiz atera eta hogeita hamar urtera, eta ohiko moduan maiatzaren amaiera aldera jardunaldiak ere antolatu dituzte. Etxezaharretak azaldu digunez urteurrena airean egongo bada ere ez diote sobera begiratuko 'bazkaria, Euskal Herrian ohi denez, aspaldi elkartu gabeko jendea elkartzeko aitzakia izan zen. Baina ez gara urtemugak ospatzeko zaleak'.

Etxezaharretak dioenez Maiatz-eko kideek nahiago diote orainari erreparatu 'uste dut bidean garela euskararen berritzearekin, gai askoren jorratzea edo lantzearekin. Bada pertsonalizatze handi bat euskal literaturan, eta bada lan kolektibo bat, euskarak nahi ala ez elkartzen gaituelako. Ni baikor agertzen naiz, gero eta gehiago badira gazteak, gero eta jende gehiago ausartzen da idaztera. Ausartze horren beharra ikusten da oraindik, ez gara egoera normal batean. Euskal politika eta sozial munduak ez dio kasu egiten aski hizkuntzari, denak hizkuntzaren alde dira baina praktikan horrek erran behar luke ere aurreratzea gehiago idazleen lana, eta euskararen egoera'.

Arazoak beti ere hor dira, baina hala ere Etxezaharretak aurrera begiratzearen aldekoa da 'gure betiko arazoak dira irakurlegoaren sustapena, komunikabideen interes eskasa eta mundu itsu eta elkor batean bizi garela, baina hala ere uste dut hobekuntza batean garela'.

Eric Dicharry poeta iazko Maiatz-solasaldietan.

Albiste honen uberan:

Albistea Berrian

Eric Dicharry-ren bloga

Kazeta.info

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)