Albisteak

Maiatz aldizkariaren 54. alea

Igandea, 2012-04-22

Kalean da Maiatz aldizkariaren 54. alea. Ohiko moduan hainbat narrazio, poema eta liburu iruzkin biltzeaz gain, aldizkariaren 30 urteurrena eta Txillardegiren lana eduki dituzte gogoan.

Juanma Sarasolaren lerro hauekin zabaldu du Maiatz-ek 54. alea:

MAIATZ, leitu eta idatz

Literaturaren baporerako ikatz
Maiatz,
idatz
hitz eder edo hitz latz.

Literatur maitaleentzako hats
aitzina doa urratsez urrats
urtean mugarik ez duen hilabetea,
Maiatz.

Asperduraren euripean hegats
irakurtzen ederki pasatzeko
goiz edo arrats,
Maiatz.

Nork bere burua adierazteko, arkatz
eta irakurtzen gozatzeko alatz,
Urtezahar zein Urtats,
beti maiatz.

Leitu eta idatz
urte ainhitzez Maiatz!

Maiatz aldizkariak 30 urte bete berri ditu, eta sar-hitzan hori bera izan dute hizpide. Baina horrekin batera ale berriko lehen orriak Txillardegiri eskainiak izan dira: bere lana eta bizitzari buruzko erreportajea egin du Juanma Sarasolak, eta

Emilio Lopez Adanek 'Txillardegi: Enigma variations' artikuluan ibilbide politikoa eta literarioa izan ditu hizpide.



Hortik aurrera ohiko ahotsen elkargunea da Maiatz: narrazioaren bidetik, kasuan kasu kronikara gerturatuz, Ekhiñe Egiguren, Luixa Giltzu, Amaia Iturbide, Itxaro Borda, Mailuix Legorburu eta Jakes Lafitte. Poesiaren bidetik heldu zaizkigu egile hauen berbak: Ainara Maia, Luixa Giltzu, Josu Jimenez Maia, Joseba Aurkenerena, Juankar Lopez-Mugartza, Eric Dicharry eta Lucien Etxezaharreta. Etxezaharretak berak itzuli ditu Aurelia Lassaqueren bi poema. 'Liburuen sasitik' atalean, hainbat nobedadeen aipamenekin batera bildu dute Eneko Zuloagak Twist liburuaren inguruan egin duen iruzkina.

Eric Dicharry-k Hormatik hormaraino poesia liburua kaleratu berri du Maiatz-en eskutik. Bere lerro batzuk lapurtu ditugu aldizkaritik, irakurketarako amu gisa:

Dena geldirik dagoenean

Krisiak esperimentazioak murriztuz,
kontserbadoreagoak bilakatzen gaitu. Balio seguruagoak
zabalduz. Segurutik joz. Aitzindariak kaltetuenak
izanen dira. Izen handiak: irabazleak. Bildumazaletasun
elitistek argitaletxe kontsumeristek bezala sorkuntzak
moldatzen dituzte. Sortzaileen kontzientziak eta
inkontzientziak bertransfiguratuz. Sor bideak erakutsiz.
Modak eraikiz. Tentu handiz sortzeak inposatuz.

Idazleari idaztea eta zer gertatzen den sentitzea
besterik ez zaio geratzen. Irakurleari irakurtzea eta
zer gertatzen den sentitzea besterik ez zaio geratzen.
Gordin ulertzen dugu sorkuntza. Gordin. Gordinkeriak
asko laguntzen dio sorkuntza baten dinamikari. Tentutik
ateratzeko bide bakarra. Literaturak kapitalismo neo
liberaleko modeloa onartu du. Bertikalki. Merkatuak
sorkuntzako modeloak, generoak, erak inposatzen
dizkio. Nobela generoa tronu gainean ezarriz.

Salbuespen alternatibo batzuk erresistentzian sartu
dira. Krisiagatik geldituta dena mugiarazteko. Hitzak
kapitalismo neo liberaleko modelotik askatzeko.
Literatura karrikaratuz, dohanik sozializatuz. Hitzak
oparituz. Puritanismoa errege bilaka ez dadin.

——-

Aldizkarian Marie-Jose Durquet-ek Haitin ateratako hainbat argazki erabili dituzte. Ikusi gehiago HEMEN.

Aldizkaria eskatzeko:

maiatz@hotmail.fr

Albiste honen uberan:

Maiatz-en nobedadeak eta urteurrena

Iazko Maiatz solasaldien kronika

Otsailaren 4an berrogei bat lagunek ospatu zuten Baionan Maiatz aldizkariaren 30. urteurrena.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)