Albisteak

Memoria eta literatura aztergai Literaktum jaialdian

Asteazkena, 2021-11-10

Literaktum jaialdia antolatu dute Donostian: aurtengo edizioan, era askotako ekitaldiak egingo dituzte memoria eta literatura binomioaren inguruan.

Astelehenean abiatu zen Literaktum, Anjel Lertxundik eta Oihana Iguaranek Martin Ugalderi eskainitako saioarekin. Agenda bete-betea dakar jaialdiak azaroaren 21era arte. Euskarazko ekitaldiak bildu ditugu jarraian. Literaktum txikiaren egitasmoen berri izateko, jo hona.


 

Azaroak 10, 18:00 (Tabakalera)

Kandelikara, Buñueli buruzko film baterako apunteak

Harkaitz Canok idatzitako Kandelikara - Buñueli buruzko film baterako apunteak liburuaren aurkezpena. Bertan, Iratxe Fresneda kazetariarekin arituko da elkarrizketan liburuaren eta Luis Buñuelen inguruan. Liburuak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak argitaratuak, Iñaki Landaren ilustrazioak ditu, eta 2013tik Nosferatu zikloetako bakoitzarekin batera euskarazko argitalpen bat editatzen duen Nosferatu Bildumaren IX. zenbakia da. Oraingo honetan, Luis Buñueli eskainitako atzera begirako osatu bat da zikloa, Tabakaleran urtarrilean hasi eta datorren abenduan amaituko dena.

"Literaturaren alde jostarienetik zinemari egindako omenaldi bihurri hau, Luis Buñuelen eta beste artista askoren testu, film, elkarrizketa zati, poema, off-eko ahots eta bestelakoen remake bat da. Tarteka, egileak asmatutakoak ere badira. Inoiz edo behin, Buñuelekin zerikusirik ez duen jendeak parte hartuko du: adibidez, aseguru-saltzaile armeniar batek. Badelako modu bat saiakera fikzio bihurtzeko: aski da kandela baten argitan irakurtzea, liburuak esku artean su hartzen dizun bitartean"

Gonbidapenak Tabakaleran bertan eskura daitezke.


 

Azaroak 12, 18:30 (Tabakalera)

Akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna

Aurelia Arkotxa (Baigorri, 1953) euskal idazleak eta Jean Désy (Kanada,1954) idazle quebectarrak Txekhov vs Shakespeare izeneko ekimenean hartu dute parte Korrespondentziak liburuarekin, Saison Québec-Pays Basque 2020-2021 egitasmoaren baitan, Etxepare Euskal Institutuak sustatuta. Tarte horretan hamabi gutun elkar trukatu dituzte, akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna hizpide hartuta. Solasaldi honetan gai horien inguruan bi idazleek duten ikuspegia ezagutu ahal izango dugu.

Moderatzailea: Aiora Jaka


 

Azaroak 13, 18:00 (Liburutegi Nagusia – San Jeronimo kaleko ekitaldi-aretoa)

Ipuin Kontalarien VII. maratoia: May Gorostiaga

Ipuin kontalarien VII. maratoiaren barruan, helduentzako izango da azken saioa.

May Gorostiagak Nire munduan ipuina kontatuko du.

"Atsegin dut neure irudia ikustea niri begira daudenen begi

besteen barruan “ni” txiki bat dagoela… Barne

mundua ote?"

Adina: +15

Izen-ematea beharrezkoa da hemen.


 

Azaroak 15, 19:00, (Liburutegi Nagusia – San Jeronimo kaleko ekitaldi-aretoa)

Gogoan dut, irakurketa musikatua

Gogoan dut, irakurketa musikatua emanaldiak izen bereko Aritz Galarragaren liburuan du jatorria (Pamiela, 2021).

Memoria ariketa bat da Gogoan dut, pertsonala, intimoa, ezer ezkutatzen ez duena. Joe Brainard, Georges Perec edota Joseba Sarrionandiak ibilitako bidetik, printza labur, kolpe zuzen, pasarte jakingarriak bilduz osatzen da idazlearen biografia. Baina, azkenerako, oroitzapenez oroitzapen, ariketa pertsonala zena, ez ote den bilakatzen garai, giro, belaunaldi oso batena.

Emanaldian, oroitzapen aukeratu batzuen irakurketa egiten du Galarragak, eta liburuan agertzen diren abestien bertsioak tartekatuko ditu Ibonrg-ek, gitarra soilarekin, bere eremura ekarrita, cover batzuetan ezin ederragoak, besteetan barre eragitekoak sortuz. Irakurketaren eta bertsioen arteko konbinazioak ikuskizun hunkigarri, aktibatzaile, are irrigarri bat sortzen du emaitza gisa.


 

Azaroak 16, 19:00, (Ernest Lluch kultur etxea)

Eraikuntzarako materiala

Liburuak eraiki egiten dira, etxeak bezala, eta pertsonak ere eraiki egiten ditugu, nork bere ikuspuntutik, bere harreman partikularretik. Pertsona bera pertsona ezberdina izan daiteke begiradaren edo momentuaren arabera. Eider Rodriguezen (Errenteria, 1977) nobelak aita baten figuran arakatzen du alabaren ikuspuntutik.

Eider Rodriguezek Harkaitz Canorekin solasean aurkeztuko digu azken lana.


Azaroak 17, 19:00, DK ON!

Izurdeen aurreko bizitza

Euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Behin urrats hori emanda, ez zegoen atzera egiterik. Migrariari ere goitik behera aldatzen zaio bizitza herrialdez aldatzen duenean. Aldatzen zaio bizitza, eta baita ere, iraganarekin duen harremana. Izurdeen aurreko bizitza eleberriak hiru hari narratibo ditu. Lehena, Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) berak New Yorkeko liburutegian egiten duen ikerketa Rosika Schwimmer sufragistari buruz. Bigarrena, idazlearen eta haren familiaren bizitza New Yorken 2018 eta 2021 urteen bitartean (Trump-en agintaldiaren bukaera zalapartatsua eta pandemiaren testuinguruan), eta hirugarrena, idazlearen haurtzaroa 80ko hamarkadan emakume iraultzaileen familia batean. Fikzioaren eta ez fikzioaren mugetan mugitzen den nobela, generoari berari definizio berri bat eman nahian.

Elkarrizketatzailea: Mari Jose Olaziregi

Saioa streaming bidez eskainiko da zoom plataformaren bidez eta aukera egongo da galderak idatziz egiteko.


Azaroak 18, 19:00 (Tabakalera)

Iragana, oraina, etorkizuna. Mikro-eztabaidak. Pentsatu! jaialdia

Oroitzeak ematen digu denboraren zentzua, iragana, oraina eta etorkizuna bereizi eta pentsatzeko gaitasuna. Hiru mikro-eztabaida oroitzearen arlo ezbedinez eztabaidatu eta hausnartzeko.

Pentsatu! jaialdiaren eta Literaktumen baitan kokatzen dira hiru mikro-eztabaida hauek.

IraganazJonathan Lavilla & Marta Garcia.

Orainaz, Belen Altuna & Fernando Migura.

Etorkizunaz, Alba Garmendia & Iñigo Martinez.


 

Azaroak 18, 19:00 (Viktoria Eugenia kluba)

Unisonoa

Ainara LeGardonek, Rafael Martínez del Pozok eta Ixiar Rozasek hitza, ahotsa, hatsa, hotsa, sonema, soinua eta musika erabiliko dituzte irakurketa eta kontzertua den pieza honetan.

Abiapuntua Unisonoa (Pamiela, 2020; Bandcamp, 2020) Ixiar Rozasen bi formadun lana da, poema liburuak eta soinu piezek osaturikoa. (Hemen irakur dezakezue Rozasi egin genion elkarrizketa).

Eta ahotsa, xuxurla edo soinua espaziora eramatea. Soinutu: hor sortzen da agian irudia.

Eta hitzen zentzua beste nonbait kokatzen da, bere ihespuntuan, bere paisaian.

Eta hitzek hainbat lengoaia zeharkatzen dituzte, bata bestearen atari direnak, pasaleku direnak.

Entzunmugan esateko ekintza.

Izaki sigi-sagatsuak gaua zeharkatzen.

Gonbidapenak Victoria Eugeniako leihatilan eskatu eta jasoko dira errezitalaren egunean bertan, 17:00etatik aurrera.


 

Azaroak 19, 16:00 (EHUko filosofia fakultateko aula magna)

Oroitu ezin dena. Pentsatu jaialdia!

Oroitzeko erak asko dira, ez oroitzekoak bezainbeste. Eta oroitu ezin direnek erakusten dizkigute batzuk zein besteak.

Pentsatu! eta Literaktum jaialdien baitan kokatzen den solasaldi honetan, oroitu ezin denaz arituko dira, Goizalde Landabaso eta Jon Benito kazetari eta idazleak.


 

Azaroak 19, 19.00 (Liburutegi Nagusia – San Jeronimo kaleko ekitaldi-aretoa)

Euskal literaturaren historia sobrenatural bat

Testamendu Zaharrean sugeak Ebari esandako hitzak abiapuntu hartuz idatzi du Irati Jimenezek bere azken lana, Begiak zabalduko zaizkizue izeneko saiakera literarioa, euskal literaturaren azterketa sakonaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen dituen lan mardula, narratibazko bere lanen estilo literarioan idatzitakoa. Eta urteetako ikerkuntza lana biltzen duen lan hori oinarri hartuta osatu du Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izeneko ikuskizuna. Bideo-lanen eta musikaren laguntzarekin egindako proposamen eszeniko bat, abadeek idatzitako literatura pobre bat kontsideratu izan dena hori askoz gauza interesgarriagoa dela frogatzen duena, eta euskal literaturaren ozeano ilunean bidaiatzera gonbidatzen gaituena, gure literaturaren botereaz jabetu gaitezen eta orain arte ezezagunak zitzaizkigun lurraldeak deskubritzerakoan, bere edertasun hordigarriak liluratu gaitzan.


 

Azaroak 20, 19:00, (Loiola kultur etxea)

Dylan dosia

Bob Dylan Minesotako kantautorearen abesti mitiko eta ahaztezinen errezitaldia. Bere letrek literaturako Nobel saria lortzera eraman zuten eta orain euskararen mundura ekarri dituzte. Aktore batek, Iker Díaz Letamendik, eta perkusio jotzaile batek, Adolfo Garcíak, giro dylaniarra sortuko dute literatura eta musika ikuskizun berezi baterako.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)