Albisteak

Natibo amerikarren literaturari so

Errepaso txiki bat egin diogu AEBeko natibo amerikarren literaturariOstirala, 2015-12-04

Azaroaren hirugarren astean ospatzen dute Amerikako Estatu Batuetan eskerrak emateko eguna, ingelesez Thanksgiving deitzen den hori. Hilaren hirugarren ostegunean egiten dute, eta iraupen luzeko tradizio askorekin gertatu bezala, honezkero apur bat lausotuta ageri da festaren arrazoia, edo, zehatzago esatera, zeinek eman behar zizkion eskerrak zeini. Hain justu, Ingalaterratik iritsitako puritanoek ezarri zuten festa, beraiek heldu orduko bertan bizi ziren herrien laguntza eskertzeko, salbatu ere salbatu egin baitzituzten. Izan ere, inguruko janariak erabiltzen irakatsi izan ez baliete, berehalakoan hilko lirateke. Dataren aitzakian, AEBetako herri natiboen literaturara hurbildu gara.

Guda, debeku, bazterkeria eta derrigorrezko tokialdatzeen historia da Iparramerikako herri natiboen historia. Gaur egun ere, erdibituta daude, erreserbetan bizi dira batzuk, non, teorian, beren ohitura eta bizimoldeei euts baitiezaiekete, eta herri eta hiri ez-hesituetan bestetzuk, komunitate zabalagoaren barruan bizitzen. Hizkuntza asko galdu dituzte; jarraitzen dute haatik idazten, ingelesez sarri, eta sarri gertatzen den moduan, gauza interesgarriak sortzen dira bazterretan. Artikulua idazten duen honek AEBetara egindako lehenengo bidaian izan zuen, estreinakoz, idazle horietako batzuen berri. Dena dela, aldez aurretik ere baziren zenbait ale suelto euskarara itzuliak. Erreportaje honen bidez errepaso txiki bat egingo diogu euskaraz argitaratu diren testuetako batzuei.

Lurraren indarra

Susa argitaletxeak beren-beregi erreparatu zion natibo amerikarren literaturari, 1991n argitaratutako Lurraren indarra bilduman. Mitxel Sarasketa aritu zen itzultzaile, eta, orotara, sei autoreren ipuinak eta Gerlad Vizenor idazlearen hainbat poema ekarri zituen. Liburua sarean dago, osorik irakurgai. Hona hemen idazleei eta haien lanei buruzko zenbait zertzelada:

Anna Lee Walters

Pawnee/Otoe-Missouria herriko idazlea, 1946an jaio zen Oklahoman. Gaur egun Arizonan bizi da eta unibertsitatean ari da irakasle. Hainbat ipuin-liburu eta eleberri argitaratu ditu, eta horiei esker sariak irabazi ere. Navajo herriei buruzko hainbat dibulgazio-lan ere argitaratu ditu. Sarasketak "Gerlariak" izeneko kontakizuna euskaratu zuen, bertako pasarte bat.

Linda Hogan

Chickasaw herriko idazlea, 1947an jaio zen Coloradon. Genero asko jorratu ditu, tartean poesia, ipuingintza, eleberrigintza eta antzerkia. Horrez gain, unibertsitatean ere ematen ditu eskolak. Hainbat sari jasotakoa da, eta AEBetatik kanpo ere ezagutzen den autoreetako bat da. Natibo amerikarren egoera garaikideari eta erreserbetako bizitzari buruz ez ezik, ingurugiroaren lotutako gaiez ere jarduten du bere liburuetan. Sarasketak "Oinetako berriak" izeneko kontakizuna euskaratu zuen.

Elizabeth Cook-Lynn

Dakota herriko idazlea, 1930an jaio zen, Hego Dakotako erreserba batean. Ingeles ikasketak eta kazetaritza ikasi zituen, eta beste batzuekin batera, Wíčazo Ša Review [Arkatz gorria] aldizkaria sortu zuen, Native American Studies delakoak (natibo amerikar ikasketak) bultzatzeko helburuarekin, alor akademiko gisa. AEBetako natibo amerikarren egoeraz esan dituenek polemika piztu izan dute, eta, batez ere, poesia, ipuinak eta ez-fikziozko testuak idatzi ditu. Sarasketak bi kontakizun euskaratu zituen: "Zaldien boterea" eta "Berebiziko aukera".

Leslie Marmon Silko

Laguna Pueblo herriko idazlea, 1956an jaio zen, New Mexicon. Native American Renaissance deituriko olatuaren ikurtzat hartzen da. Ceremony [Zeremonia] eleberriari esker sona handia lortu zuen. 1977an argitaratu zuen, eta hura izan zen bere lehenengo lana. 30 urtetik gora pasa diren honetan, garrantzia handiko lana da, AEBetako kanonaren barruan, unibertsitateetan irakurtzen baitute. Beste bi eleberri, poemak, ipuinak eta saiakerak ere idatzi ditu Marmon Silkok. Adituen ustez, autore honen lana bereziki garrantzitsua da, zalantzan jartzen duelako tradizio anglo-amerikarrak ezarritako literatur kanonaren diskurtsoa. Sarasketak "Jabego pribatua" izeneko kontakizuna euskaratu zuen.

Ralph Salisbury

Cherokee eta irlandar jatorriko idazlea. 1924an jaio zen, Iowan. Bere burua definitzeko, zera dio: "ez naiz partez indiarra eta partez zuria, ezpada bi gauzak, osorik". Armadan borrokatu zen, Bigarren Mundu Gerran, eta bizipen horren ostean AEBetako politika militarrari kritika gogorra egin izan dio, beren lanen bidez. Sarasketak "Hijodeperra eta txakurra" izeneko alea euskaratu zuen.

Gerald Vizenor

Anishinaabe herriko idazlea, 1934an jaio zen Minnesotan. Idazteaz, literatur kritika egiten ditu, irakatsi eta baita etnografiaren alorrean ikertu ere. Narratiba eta poesia idatzi ditu, batik bat. Literaturaz kezkatu ez ezik, natibo amerikarren egoera sozial eta politikoa axola zaio, eta lan handia egin du natibo amerikarren eskubideen alde. Sarasketak sei poema euskaratu ditu.

erre09

XX. mende-hasiera: Indiarrentzako eskolak

Era berean, paperean irakurri daiteke, honezkero, Zitkala-Ša autorearen kontakizun bat, "Nire ile luzea moztu zutenekoa". Elearazi itzulpen-blogeko kideek euskaratu zuten testu hori, eta, orain, paperezko bertsioan bildu dute.

Autoreari buruz, zera idatzi zuten Elearazikoek: Sioux herriko idazle, musikari eta eragile politikoa. 1876an jaio zen, Yankton erreserban, Hego Dakotan, eta 1938an hil, Washingtonen. Ama Dakota herrikoa zuen, eta aita, aldiz, europar jatorrikoa. Ama-izebek hezi zuten haurra, aitak etxetik alde egin baitzuen. Zortzi urte arte bizi izan zen erreserban, garai horretan jazo zen-eta bizitza errotik aldatuko zion gertaera: misiolari quaker-ek Indianara eraman zuten, eskolara. Bizipen gogorra izan zen umearentzat: ohitura zuriei men egin beharra, errezatu beharra. Halaber, eskolan ikasi zuen Zitkala-Šak gerora ogibide bilakatuko zitzaiona: irakurtzen eta idazten (ingelesez). Hurrengo urteetan atzera eta aurrera ibili zen, eskolan lau ikasturte egin ostean, hiru urte eman zituen erreserban amarekin, baina ordurako zerbait zuen hautsia barrenean, eta ikasketekin jarraitu asmoz eskolara itzuli zen. Musika ikasi zuen: pianoa eta biolina. Emakumea eta natiboa izanda bereziki zaila izan arren, gure autoreak lortu zuen, goi-mailako ikasketak egin zituen, beka bati esker. Musika-irakasle modura jardun zuen luzez, natiboen istorioak ekarri zituen ingelesera, emakumeen eta natiboen eskubideen alde borrokatu zen. Eskola zurietan hezitako natiboen identitate-gatazkez idatzi zuen, eta emakumeek hezkuntzan pairatzen duten bazterketaz.

Testuari buruz: The School Days of An Indian Girl (Neska indiar baten eskola-egunak) liburuan kontatzen ditu Zitkala-Šak bere heziketako hainbat kontu, trauma fundazionalak. Lan horretan dago bilduta, hain zuzen, Elearazikoek itzuli duten pasartea, "Nire ile luzea moztu zutenekoa". Kronika antzeko horretan, autoreak azaltzen du nola sagarren lurraldetik atera eta eskolara eraman zuten. Bertan, bere arropa eta zapata erosoak kendu eta horren ordez quaker taldeko kristauek erabiltzen zituzten moduko jantzi estuak eman zizkieten. Zitkala-Ša haurrarentzat esperientzia txarra izan zen, baina benetako umiliazioa jasaten du noiz eta adats luzea mozten diotenean, izan ere, bere herrikoentzako, ile laburra eramatea lotsaren adierazgarri da, dolua egiten dutenek edo borrokalari eskasek baino ez dute ilea mozten.

XIX. mendean jaiotako idazleen artean, ohikoak dira Zitkala-Šaren moduko kontakizunak, izan ere, idazten ikasi zuten gehienek, asimilazio-eskoletan ikasi baitzuten. Askok aipatzen dute nola, azkenean, arrotz sentitzen ziren bi munduetan: erreserban, zurien moduak ezagutzen zituztelako eta kanpoan igaro zituztelako bolada luzeak (behartuta bada ere); eta zurien artean, ingelesa eta gainerako guztia ikasita ere, ez zirelako sekula zuriak izango.

Zitkala-Sa,_1898

60ko hamarkadatik aurrera: Native American Renaissance

1983an aipatu zuen lehen aldiz Native American Renaissance (Berpizkunde Natibo Amerikarra), Kenneth Lincoln literatur kritikariak. 60ko hamarkadatik aurrera fikziozko lana argitaratzen hasiak ziren idazle natibo amerikarren taldeaz hitz egiteko. N. Scott Momaday idazlearen eleberri bat ezarri zuen mugarri gisa. House Made of Dawn 1969an kaleratu zen, eta Pulitzer sari sonatua eskuratu zuen. AEBetako historian lehen aldiz, natibo amerikarrak hezkuntzara iristen ari ziren, indiarrentzako eskola kristauetatik kanpo (horietara derrigortuta eramaten zituzten, aipatu berri dugun Zitkala-Ša bezala); eta, gero eta gehiagok unibertsitateko ikasketak ere egin zituzten.

Estilo diferenteetako idazleak izanik ere, gai aldetik bazuten loturarik, eta horren bilakatzen zituen hein batean talde, Lincolnen ustez. Hiru osagai komun aipatzen ditu: batetik, beren tradizioaren aitortza, literaturaren bidez; bestetik, lehenagoko autore natibo amerikarren testuak deskubritu eta balioan jartzea, eta, azkenik, herri tradizio eta ohituren berreskurapena. Berpizkune honekin lotzen da, era berean, 80ko hamarkadan natibo amerikarren kulturei buruzko ikasketak ezartzeko ekimena, aurrez ere aipatu duguna.

Berpizkunde honek ez du esan nahi horren aurretik natibo amerikarrek literaturarik sortu ez zutenik. Zitkala-Ša bera horren erakusle dugu, eta areago, ezin da ahaztu natibo amerikarrek tradizio luze-luzea dutela ahozko kontagintzan.

Gaur egungo egoerari beha, zorrotz eta umoretsu

Bere lanik ez dugu euskaraz, baina merezi du Sherman Alexie idazlea ere ekartzea errepaso txiki honetara. Spokane/Cour d'Alene herriko idazlea da, eta ipuinak, poesia eta eleberriak idatzi ditu. 1966an jaio zen, Washingtonen, Spokane erreserban. Erreserban hezi zuten, baina hezkuntza-aukera hobeak lortze aldera, derrigorrezko bigarren hezkuntza egiteko bertatik atera zen, eta gaur egun Seattle hirian bizi da. Medikuntza eta zuzenbideko ikasketak hasi baina azkenean literaturari heldu zion.

AEBetako arrazakeria eta bazterkeria egoera idazten du Alexiek, sarritan egokitu zaio-eta jendearen aurreiritziak entzun behar izatea. Institutuan, esaterako, bera zen natibo amerikar bakarra. Umore handiz heltzen die gaie, hala ere, eta ironiaz hitz egiten du natibo amerikarrei buruzko estereotipoez. Izenburuek argi uzten dute: The Lone Ranger and Tonto Fistfight in Heaven eta Smoke Signals izeneko ipuin-bildumak kaleratu ditu. Azken hori oinarri hartuta film bat egin zuen Chris Eyre zinegileak (Alexiek berak idatzi zuen gidoia).

Eleberriak ere idatzi ditu Alexiek. Horietako bat: Indian Killer, arrakasta handikoa. Hiltzaile bati buruzko istorioa da. Unibertsitateko arrazakeria eta hipokresiari kritika egiten dio Alexiek nobela horretan. Izan ere, liburu horretan irakasle zuriek eskolak ematen dituzte natibo amerikarren kulturei buruz, horien inguruan den mendrenik jakin ez arren.

sherman_alexie

Amaitzeko, poema bat

Errepaso txiki honi amaiera emateko, poema bat euskaratzea baino hoberik ez zaigu okurritu. Hona ekarri dugu, beraz, Diane Burns autore ez-oso-ezagunak 1989an idatzitako pieza hau. Chemehuevi eta Anishinabe jatorriko poeta, Kansasen jaio, Kalifornian hazi eta New Yorken bizi izan zen. Hiriko beste zenbait poetarekin harremana izan zuen, besteak beste, Allen Ginsberg eta Joy Harjorekin. 49 urte baino ez zituela hil zen, gibeleko gaitz baten ondorioz. Poema-liburu bakarra argitaratu zuen, 1981ean: Riding the One-Eyed Ford.

Galdera pertsonal bat egin diezadakezu, jakina

Zer moduz zaude?

Ez, ez naiz txinatarra.

Ez, ez naiz espainiarra.

Ez, amerikar indi... ai, natibo amerikarra naiz.

Ez, Indiakoa ez.

Ez, apatxea ez.

Ez, navajoa ez.

Ez, siouxa ez.

Ez, ez gara desagertu.

Bai, indiarra.

A bai?

Beraz horrexegatik dauzkazu hain masail

garaiak.

Zure amona, beraz?

Printzesa indiar bat, beraz?

Ile luzea, gerrirainokoa.

Utzi asmatzen: Txerokia?

O, adiskide indiar bat daukazu, beraz?

Hain hurbil?

O, maitale indiar bat izan zenuen, beraz?

Hain estu?

O, zerbitzari indiar bat izan zenuen, beraz?

Hainbeste?

Bai, gauza benetan latzak egin zenizkiguten.

Eskertzekoa da barkamena eskatzea.

Ez, ez dakit non lor dezakezun peiotea.

Ez, ez dakit non lor ditzakezun merke-merke tapiz navajoak.

Ez, hau ez dut nik neuk josi. Bloomingdales-en erosi nuen.

Eskerrik asko. Niri ere gustatzen zait zure ilea.

Ez, ez dakit inork ba ote dakien

Cher indiarra den ala ez.

Ez, bart gaueko euriari ez nion neuk hots egin.

Bai. A, bai. Espiritualtasuna.

A, bai. Bai. Espiritualtasuna. Horixe. Ama Lurra.

Bai. A, bai. Horixe. Espiritualtasuna.

Ez, ez ditut arku-tiroko goi-mailako ikasketak egin.

Bai, gutako askok gehiegi edaten du.

Gutako zenbaitek ez dauka edateko nahikorik.

Hau ez da begirada estoiko bat.

Nire aurpegia da hauxe.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)