Albisteak

Nor da Nor, euskal itzulpengintzaren datu-basea ezagutuz

Astelehena, 2014-09-22

EIZIEk "Nor da Nor" izeneko datu-basea sortu eta aurkeztu berri du, “Garatzen den neurrian, Euskal itzulpengintzaren inguruko informazioa eta baliabideak bildu, antolatu, koordinatu eta gizarteratzeko gunea izango da”. Bego Montoriok azaldu dizkigu proiektu honen nondik norakoak.

Oraingoz bi atal dira Nor da Nor guneak eskaintzen dituenak: batetik, euskaratik eta euskarara egindako literatur itzulpenak (genero guztiak; helduentzako obrak zein haur eta gazteentzakoak); bestetik, literatur itzulpen horien egileak eta EIZIEko bazkideak.

Ezagutzarako eta kontsultarako ezezik, ikerketarako ere erreferentziala izan daitekeen gunea da Nor da nor. Hona hemen Bego Montoriori proiektuaren inguruan egin diogun elkarrizketa:

Noiztik zabiltzate proiektu honekin, nolakoa izan da prozesua?

Orain aurkeztu dugun webgune hau diseinatzen eta datuz elikatzen, duela lau bat urte hasi ginen, baina EIZIEk askoz lehenago abiatutako lanen ondorioa da.

Itzulpenen atalari dagokionez, euskal itzulpenak katalogatzeko beharra elkartearen sorreratik bertatik antzeman zen, eta 90eko hamarkadan egin zen lehen bilketa sistematikoa. Harrez geroztik lanean jardun du elkartea hura arazten, osatzen eta sareratzeko modua jorratzen.

Horrez gain, EIZIEk 2008-2009an burutako gogoeta prozesuan, katalogaziotik haratago joan beharra nabarmendu zen, hau da, itzulitako obrak ez ezik itzultzaileen euren informazioa eta euskal itzulpengintzaren ikuspegi osoa emango zuen gune baten beharra.

Jomuga horrekin ekin genion 2010ean Nor da Nor datu-basea sortzeari.

Emaitzak ondo merezi badu ere, ez dut ukatuko buruhauste ugari eman dizkigula lan honek: gure beharrei erantzungo zien aplikazio informatiko “ad hoc” bat sortu behar zen; datuak itzulpengintza ardatz hartuta antolatu behar genituen, baina katalogazio estandarrak betez;  obren fitxak osatu behar genituen…

Nortzuk osatu duzue proiektua osatzeko lan taldea?

Lan taldeari dagokionez, EIZIEko kideak gara horretan gabiltzanok, alor informatikoan izan ezik. Horretan, Juan Cruz Ruiz de Gaunak egin zituen lehen urratsak, eta ondoren, Dijitalidadea enpresak hartu zion erreleboa web gunea garatzeko.

EZIEren aldetik, elkarteko langileez gain (Arantzazu Royo eta Mila Garmendia, baita aldi jakinetan Iurre Telleria eta Ainhoa Eguren), Maite Lopetegi itzultzaile eta liburuzaina arduratu da obren atalaz; Karlos del Olmok hasieratik hartu du parte proiektuan bai ikuspegia markatzerakoan baita bestelako zereginetan ere, eta nik neuk koordinatu dut taldea.

Egun bi atalek osatzen dute webgunea: itzultzaileak eta itzulpenak, literatur lanak abiapuntu. Zergatik abiatu zarete hortik, zein izan da (edukien aldetik) proiektua abiatzeko irizpidea?

Guretzat oso argi egon da bi horiek direla itzulpengintzaren zutabe nagusiak: itzulpenak egiten dituzten pertsonak, eta pertsona horiek egindako lanak. Eta argi izan dugu, halaber, erabat uztarturik zeudela bi-biak; horregatik behar genuen bien artean saltoka ibiltzeko aukera emango zigun webgunea.

Eta literaturatik hasi gara arrazoi pragmatiko batengatik: alor hori delako jorratuen dagoena.

Inork egindako lanak ez errepikatzea eta egindako lanari ahalik eta etekin handiena ateratzea izan dugu gida lerro, eta hala, elkarlanean jardun dugu Armiarmarekin (Euskarari ekarriak), EHUko Euskara Institutuarekin (Elizabete Manterolaren ELI katalogoa) eta EJko Kultur Ondarearen Zuzendaritzarekin (Liburutegien Katalogo Bateratua). Horrela, sakabanaturik zegoen informazioa bildu eta osatu ahal izan dugu.

Kontuan hartu behar da EIZIEk bere ohiko diru-sarretako parte bat baino ezin diola eskaini proiektu honi, guztiz funtsezkoa baderitzo ere, eta horrek esan nahi du apurka-apurka eta atalaka garatuz joan behar dugula.

Lehen fase honetan EIZIEko bazkideak eta literatur itzultzaile eta itzulpenak biltzeak aukera eman digu aplikazioa bera probatzeko eta jendarteari tresna baliagarri bat eskaintzeko.

Garatzen joango den tresna dugu hauxe, zer ekarriko du etorkizunak?

Esan bezala lehen fase bat baino ez da hau.

Itzulpenei dagokienez, literaturaren atalean biltzeke ditugu oraindik aldizkarietan argitaratutakoak eta argitalpen digitala baino ez dutenak. Eta hortik aurrera, mundu oso bat: literatura ez diren testuak, zientzia alorrekoak, administraziokoak…; ikus-entzunezkoak….

Itzulpenari buruzko ikerketa lanak ere jaso nahi ditugu…

Eta itzultzaileen atalean, berriz, bio-bibliografia gehiago jarri nahi ditugu (oraingoz aitzindari batzuena baino ez dago), sarean CV eguneratua edukitzeko aukera eskaini nahi diegu itzultzaileei…

Asmorik ez da falta, baina gure ahalen neurrira egokitu behar dugu lana.

Kontsultak egiteko orduan aukera anitzak eskaintzen dira (urte tarteen, hizkuntzen, egileen araberakoak...). Kontsultarako ezezik, ikerketarako tresna izan daitekeela aurreikusi duzue? Zer nolako garrantzia izan dezake horrek, gure ondarea ezagutzeko orduan?

Uste dugu joko handia eman dezakeela Nor da Nor-ek ikerketarako ere.

Lehen abantaila, azterlanetarako corpusak identifikatzea. Ikerlan askoren lehen zailtasuna corpusa mugatzea eta osatzea izaten da, eta orain modu errazean egin daiteke hori, zuk aipatutako aldagai horien arabera; esaterako, halako literatur generoa, halako literatur generoa baina hizkuntza jakin batetik… konbinazio ugari dago.

Itzulpengintzaren ikerketarako tresna oso baliagarria izan daitekeela seguru gaude, baina baita euskal literaturaren ikuspegi zabalagoa edukitzeko ere.

Egunotan, aurkezpena prestatzen ari ginela, oso datu esanguratsuak  aurkitu ditugu euskaratu diren eta euskaratik itzuli diren obra eta egileei dagokienez; esaterako, HGLren nagusitasun erabatekoa, norabide bietan.

Eta beste irakurketa askotarako bidea ere ematen du. Nork argitaratu du zer? Zer motatako obrak eta egileak ekarri dituzte argitaletxe batzuek eta besteek?... Haur eta gazteentzako komikiei erreparatuz gero, ez al da oso handia funtzio didaktiko-morala dutenen kopurua…

Tresna sarean dago, guztion esku, eta denborak esango digu zein puntutaraino asmatu dugun.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)