Albisteak

Odolekoak argitaratu du Antxiñe Mendizabalek

Astelehena, 2020-11-09

Odolekoak izeneko eleberria argitaratu du Antxiñe Mendizabalek Elkar argitaletxearen eskutik; Iruñeko familia bateko hiru belaunaldiri erreparatu die –Matilde, Teresa eta Amaia–, 60 urteko denbora tartean: 1941etik 2005era. Pertsonaien arteko harremanak eta amatasun eta alabatasun loturak izan ditu aztergai, garai baten kronika sozial eta politikoa egiteaz batera.

Helduentzako lehen eleberria duen arren, lehenagotik ezagutzen du euskal irakurleak Antxiñe Mendizabal. Elkarreko editorea da, eta, aurrez, haur eta gazte literaturako lanak argitaratu ditu, eta baita poesia-liburu ilustratu bat ere, Iraia Okinarekin batera: Emakume burugabea (Elkar,2018). Oraingo honetan, eleberri mardul bat osatu du, ama-alaba batzuen arteko harremanetik abiatuta.


 

Partikularra eta orokorra, batera

Xabier Mendiguren editoreak nabarmendu duenez, nobela «indartsu» bat osatu du Mendizabalek, «irakurleen gogogan luzaroan» geratzeko modukoa. Izan ere, pertsonaia jakin batzuen istorioa lotu du herrialdearen historia nagusiarekin. Frankismoa eta frankismo-ostea badira ere nobelaren atzeko oihala, eleberrian beste zerbait gailentzen da: ama-alaba batzuen arteko harremana.


 

Ama-alaba zapuztuak

«Ama izan nahi ez duen emakume baten eta amazurtz sentitzen den alaba» dira eleberriaren ardatzak, egileak berak zehaztu duenez. Mendizabalek, hain zuzen, amatasunari eta alabatasuna arakatu ditu, esperientzia pertsonal gisa eta eraikuntza kolektibo eta politiko gisa. Amatasun eta alabatasunarekiko era guztietako bizipen eta ikuspenak bildu ditu, matrioska panpinaren metafora erabiliz eta esan liteke «amatasun eta alabatasun zapuztuaren» ahotsek osatutako eleberri bat dela.


 

Pertsonaien konstelazioa

Liburuko pertsonaia nagusiak, beraz, Etxaluze nafar familia tradizionalistako kideak dira; hala ere, haien inguruan, bigarren mailako pertsonaia ugari daude, «konstelazio bat» osatzen dutenak, eta familiaren testuingurua kokatzen. Badira neskameak, lagunak, ahaideak… Gainera, Mendizabalek pertsonaia historikoak ere ipini ditu nobelan, baina ez ditu traman txertatu; aitzitik, eszenatoki orokorrean kokatu ditu, historiari sinesgarritasuna emate aldera: besteak beste, hori dira Dolores Baleztena tradicionalista eta German Rodriguez, 1978ko San Ferminetan poliziak hil zuena.


 

Memoria, irudimena eta historia

Mendizabalek dokumentazio-lan handia egin du liburua idazteko, eta datak ere zehatz-mehatz eman ditu, adibidez. Hala ere, ez du egin nahi izan historia nagusiari buruzko aurkikuntzarik; kontarra, eguneroko bizitzaren xehetasunei buruzko aurkikuntzak eta lekukotzak biltzen saiatu da: janaria, dendak, arropa, zineman zer ematen zuten… Saiatu da historia nagusiak ez zezan «argumentua jan».

«Memoria baten alaba naiz». Hala hasten da liburua. Memoria du lehen hitza, eta ez da ausazkoa, memoriak leku eta garrantzia handia baitu eleberri honetan: gizartearen memoriak, familiaren memoriak eta memoria inkontziente jaiotzetikoak. Memoriak, bestalde, lotura da irudimenarekin, eta bi-biak dira munta handikoak Odolekoak honetan. «Pertsonengan memoriak duen pisua eta irudimenerako ematen duen bidea» aipatu ditu autoreak. Liburuaren azalak –Irune Izquierdok egin du– ondo islatzen du ideia hori.

Izan ere, Mendizabalen asmoa ez omen da izan nobela historiko bat egitea, pertsonaia batzuei eta haien garaiari buruz idaztea baizik. Pertsonaiak kokagune batean jarri, eta haien arteko loturak erakustea. «Guztiok gaude besteen bizitzatan nahastuta, jakin ala ez».


 

Amu gisa

Berria egunkariak Odolekoaken aurrerapen bat argitaratu zuen duela bi aste, hemen irakur dezakezue, amu gisa.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)