Albisteak

Ongi etorri Ursula K. Le Guinen literatur oihanetara

Asteartea, 2021-09-07

Ursula K Le Guin autore estatubatuarraren Oihan hitzean mundua eleberria argitaratu du Igelak, Amaia Apalauzaren itzulpenean; idazle guztiz garrantzitsua izan zen Le Guin zientzia-fikzioaren arloan, eta haren obrara sartzeko bide bat eskaini nahi du Igelak nobela honen bidez. Irudia: Leire Urbeltz marrazkilaria eta Amaia Apalauza itzultzailea, atzo, liburuaren aurkezpenean.

 

Ursula K. Le Guin autore estatubatuarraren Oihan hitzean mundua eleberria argitaratu du Igelak; Amaia Apalauzak itzuli du, Leire Urbeltzek egin du liburuaren azala, eta Arrate Hidalgo eta Iban Zaldua arduratu dira, hurrenez hurren, liburuaren aitzin-solasa eta gibel-solasa idazteaz.


Zientzia-fikzioa itzuli da

Igelak zientzia-fikzioarekiko «zor» bat zuela eta Le Guinen eleberria publikatuz horri erantzun diotela azaldu du Lander Majuelo Igelako editoreak prentsaren aurrean. Mespretxu-puntu batekin erreparatu zaio luzaroan genero horri, baina Majuelok argitu du indarra hartzen ari dela hainbat lekutan, eta interes handia pizten duela gazteen artean bereziki. Le Guinen figura bera hazten ari da.

1929an jaio zen idazlea, Kalifornian, baina Oregon estatuko Portland hirian igaro zuen bizitzaren puskarik handiena –2018an hil zen–. Ibilbide literario oparoa egin zuen, zientzia-fikzioaren arloan bereziki, «50 urtez [hark] markatu zuen zer izan zen eta zer izan zitekeen» literatur genero hori. Zientzia-fikzioaren molde berri bat sortu, zeinak, soilik alderdi teknikoei erreparatu ordez, gatazka moralak jartzen baititu erdigunean, norbanakoaren eta kolektiboaren erabakiak eta erantzukizunak.

Majueloren esanetan, liburu egokia da hauxe Le Guinen unibertsoan barneratzen hasteko, liburu klasikoetako eztabaida asko lantzen baitira bertan, eta, nabarmen, biolentziaren erabileraren auzia –Vietnameko gerraren testuinguruan idatzi zuen Le Guinek lana, eta 1972an argitaratu–. Honen ostean, Le Guinen eleberri gailenetako bat kaleratzeko asmoa dutela iragarri du Majuelok: The Left Hand of Darkness [Iluntasunaren ezker eskua].


Le Guinen soiltasun poetikoa

Amaia Apalauzak aletu ditu argumentuari buruzko xehetasunak eta itzulpenari loturiko kontuak. Etorkizunean kokaturik dago narrazioa, asmaturiko planeta-sistema batean, Terra planetako biztanleek Athshe planeta inbaditu eta kolonizatu dutelarik. Hortik aurrerakoak hiru ahotsen bidez jasoko ditugu: Davidson kapitain terratarraren ahotsa, Selver athshetarrarena eta Liubov antropologoarena –terratarra bera ere–.

Ahots bakoitzak badu bere berezitasuna, eta horixe izan da, hain zuzen, koska nagusia itzultzeko garaian, tonu poetikoa biltzea eta erregistroak bereiztea, Apalauzaren arabera betiere.

Davidson kapitaina gizon zakarra da, zitala, madarikazioak eta irainak darabiltza hitzetik hortzera, eta bere azpikotzat hartzen ditu Athsheko biztanleak. Selverrek, ostera, athshetarren mundu-ikuskera islatzen du bere hitz egiteko manera poetikoaren bidez. Liubov antropologoa, azkenik, beste bi pertsonaien arteko katebegi moduko bat izan liteke, athshetarren aldera enpatia gehien sentitzen duen pertsonaia izanik –hango hizkuntza ulertzen duen bakarra da–. Bere nagusien presioa sentitzen du, baina kontraesanak ere baditu, eta hori guztia islatzen da bere mintzoan, hartzen dituen pilulek sorturiko eldarnioarekin batera.


Fantasiaren bidez errealitatea

Fantasia gaur egungo errealitatea aztertzeko tresna bikaina izan daitekeela azaldu du Leire Urbeltzek –liburuaren azal psikodeliko ederra egin du–, eta halaxe da, izan, gaur egunean kezkatzen gaituzten gaiei buruz gogoeta egiteko bidea eskaintzen baitugu Oihan hitzean mundua lanak –estraktibismoa, kolonialismoa, Bestearekiko harremana–, estreinakoz kaleratu zenetik mende-erdia joan den arren.


Etzi, Karrikirin

Prentsaurreko aurkezpenaz gainera, aurkezpen berezi bat egingo dute etzi, hilaren 9an, Iruñeko Karrikiri elkartean. Bertan izango dira Apalauza, Hidalgo eta Zaldua, liburuaz eta zientzia-fikzioaz hitz egiteko prest. 19:30etan hasiko da saioa.


Albiste honen uberan

Elkarrizketa Arrate Hidalgorekin: «Baztertutako identitateek betidanik idatzi dute zientzia-fikzioa»

Elkarrizketa Iban Zalduarekin: «Utopia anbiguoen bidetik jotzen saiatu naiz»

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)