Albisteak

Palindromoei buruz hizketan, Markos Gimenorekin

EUSKARAZKO PALINDROMOEI BURUZ JARDUN DUGU MARKOS GIMENOREKINAsteazkena, 2015-02-04

10 urtetik gora daramatza Markos Gimeno Vesgak hitzekin jolasean. Zerorajasoa izeneko blogean argitaratzen ditu, astero-astero, palindromo-ariketak, eta horien bilduma da, hain zuzen ere, iaz argitaratutako AZA liburua. Autoediziora jo zuen lana ateratzeko, zehazki, Verkami plataformaren bide lortu zuen behar zuen laguntza. Liburuari buruz, blogaren inguruan eta, orokorrean, palindromogintzaz esandakoak dakarzkizuegu elkarrizketa honetan. (Argazkiak: zerorajasoa.com)

Markos Gimeno Vesga palindromolariarekin hizketan aritu gara. Iaz argitaratu zuen AZA izeneko palindromo-ariketen bilduma, eta astero-astero proposatzen ditu ariketa berriak Zerorajasoa izeneko blogean. Palindromoei buruzko tailerrak ere ematen ditu, Ordiziako Jakintza Ikastolan, kasu egin zuen bat (bideoa elkarrizketaren amaieran). Gimenorekin hizketan aritu gara eta hainbat gauza kontatu dizkigu palindromo eta hitzekiko pasioaz. On egin!

Hasteko, noiztik eta nondik datorkizu palindromoekiko eta hitz-jolasekiko zaletasun hau?

Betidanik izan dut hitz-jokoekiko zaletasuna. Palindromoekin, zehazki, zaletu etan engantxatu nintzen 1998-99 inguruan. Hortik aurrera engantxatu egin nintzen, eta gaur arte.

Nola zaletu zinen?

Kasualitatez. Ezagutzen nituen baina ez nien arreta berezirik eskaini. Halako batean, ikasten ari nintzen etxean eta irratian aipatu zituzten. Orduan probatzen hasi nintzen, paperean eta arkatzarekin, ea posible zen euskaraz palindromoak egitea. Hasieran pentsatzen nuen ezetz, euskarazko palindromoak ez zirela posible izango, baina batzuk atera ziren eta ordutik nabil horretan.

Palindromo-ariketen liburu bat argitaratu duzu, nola sortu zitzaizun lana kalera ateratzeko ideia?

Nik lana blogean egiten dut, eta halako batean, baneukan hainbat urtetan egindako lana, palindromo-ariketak, eta nahikoa ziren liburu batean biltzeko. Ideia hori buruan neukan, inoiz zerbait egitea paperean, palindromoekin; izan ere, aurretik baneukan egina postal-bilduma bat, baina, bueno, liburu-formatuan egin nahi nuen. Esan bezala, konturatu nintzen baneukala material nahikoa blogean, eta bi urtetako palindromo-ariketen bilduma hori osatu nuen.

Dena den, jarraitzen duzu astero palindromo-ariketa bat proposatzen.

Bai, hori da. Berez, lana blogean egiten dut, liburuaren proiektua berezia izan da, puntuala. Horretaz gain, nik jarraitzen dut blogean ariketak proposatzen, astelehenero.

Burua fresko mantentzeko onak dira palindromo-ariketak?

Nik denbora-pasa moduan planteatzen dut eta jendeak ere horrela hartzen du. Hitzekin jolasteko da, azken batean, enigma moduko bat da. Nik palindromo ezkutu bat proposatzen dut, eta jendeak, arrasto batzuk jarraituz, asmatu behar du palindromo hori zein den. Jendeak lortu behar duena, bilaketa horren saria testu kapikua bat da, testu simetriko bat, eta, alde horretatik, erronka onartzen duen jendean jasotzen duen saria gauza bitxi eta kurioso bat da.

postalaktabloi-955x1024

 Nori gomendatuko zenioke liburua?

Printzipioz, edonoren eskura dago eta nik edozeini gomendatuko nioke: gerturatu dadila, proba dezala eta gustuko badu bat animatu dadila erronka onartzera.

Blogean ibiltzen diren batzuek, adibidez, urteak daramatzate astero-astero palindromoari erantzuna ematen, horiek ere engantxatuta daude. Itzela da hori, hainbeste denbora eustea.

Niretzat ere, palindromo-ariketena erronka bat izan da, mantentzea bera, astero-astero mantentzea. Lan baten modura hartu dut. Gainera, hasieran nahiko gauza informala zen, baina gero sortu nuen palindromo-ariketak proposatzeko formatu jakin bat. Bere arauak eta formatua ditu, adibidez, pistak bertso-lerrotan ematen dira. Egitura hori edukita, astero-astero lantzen dut, egitura bera errespetatuz, baina horri zukua ateraz, eta gauza berriak proposatuz astero. Alde horretatik, ofizio moduan hartu dut, eta horrekin luzaroan jarraitzeko asmoa dut. Ez daukat lagatzeko asmorik, astero-astero palindromo berriak ateratzen ditudalako, eta sorkuntza aldetik ez delako agortzen. Are gehiago, jendeak segitzen baldin badu blogean ariketak egiten

Gutxi gorabehera, zenbat denbora eskaintzen diozu ariketak prestatzeari?

Lehenengo pausoa da palindromoa ateratzea, batzuk errazago ateratzen dira, noski. Palindromo batzuk ia automatikoki okurritzen zaizkizu ia bereahala, baina gero eta luzeagoak, orduan eta zailagoak izaten dira, noski, eta batzuekin ordu batzuk pasa behar izaten dira. Nik normalean telefonoan apunteak hartzen joaten naiz. Askotan, kalean entzuten dudan edo ikusten dudan hitz bat abiapuntu hartu eta saiatzen naiz hortik sortzen palindromoa.

Palindromoa ateratakoan, ariketa bera prestatzen dut, pistak bertso-lerrotan jarri eta abar. Lana da, baina, asko telefonoan edo tabletean bertan lantzen joaten naiz. Ondoren, etxean ordenatzen ditut idatzitakoak. Ariketa batzuk besteek baino denbora gehiago hartzen didate, baina, oro har, esango nuke ordubete inguru ematen dudala.

Amaitzeko, palindromoekin jolasean hasi berri direnentzat gehiago jakiteko gomendiorik: aholkuak, webguneak…?

Badago webgune bat, Movimiento Rever izenekoa, Nazioarteko Palindromo Klubetik sortutako talde batean webgunea. Palindromoen izaera literarioa lantzen da bertan, alegia, palindromoak literatura moduan. Azpimarratzen du palindromoa ez dela soilik hitz-joko bat, baizik eta idazteko, literatura egiteko modu bat ere. Bertan daude palindromo-poemak, antzezlan txikiak eta antzeko gauzak. Oso kuriosoa da, eta balio du ikusteko zer egiten ari diren gaztelaniaz. Gainera, urtero lehiaketa bat egiten dute. Aurten parte hartzeko epea duela gutxi amaitu da, eta laster argitaratu dituzte sarituen lanak. Palindromoen Mundu Lehiaketa ere badago.

Markos Gimeno eta bere palindromoak euskaljakintzan (Maite Goñi erabiltzaileak Vimeon)

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)