Albisteak

"Politena bere prosa da"

Asteartea, 2016-11-29

Meettok argitaletxeak Jean Echenozen nobela berria plazaratu du: Isil-mandataria. "Polita da nobela". Halaxe adierazi digu Gerardo Markuletak, idazle frantsesaren itzultzaile 'ofizialak'. "Baina politena bere prosa da, hitz-laua. Labur eta trinko idazten du Echenozek, arin eta jostari. Oso berezia da".

Jean Echenozen nobela berri honek ez du aurretik plazaratu zuen trilogiaren kutsurik, ezta?

Gerardo Markuleta. Trilogiaren ondoren 14 nobela argitaratu zuen. Lau liburu horiek bere nobelagintzako aldi berezi bati dagozkio. Trilogia (Tximistak, Lasterka, Ravel) benetako bizitza errealetan oinarrituta dago. Fikzio lanak dira, baina ez hain fikzio. Eta 14 nobelarekin ere antzeko gertatzen da. Historiako pasarte batzuei buruz ari da. Lan honekin ordea, fikzio-fikziora itzuli da.

Zein generotan kokatuko zenuke nobela berria?

Gerardo Markuleta. Espioi intriga, nobela beltza eta bukaera aldera abentura nobela. Hiru genero horien elementuak nahastuta halako lan hibrido bat sortu du.

Garaikidea al da tramaren denbora?

Gerardo Markuleta. Nahiz eta vintage elementu batzuk erabiltzen dituen, gaur egungo garaian kokatuta dago nobela. Pertsonaia batzuk 70eko zinema frantsesekoak dirudite: itxuragatik, jokatzeko moduagatik. Baina vintage elementu horiek gaur egungo bizimoduan ageri dira.

Parisen eta Frantziako landa eremuan kokatzen da nobela. Eta bukaeran, Ipar Koreara egindako bidaia bat kontatzen du. Dibertigarria da, eta oso bitxia, baina oso ondo josita dago.

Polita da nobela, Baina politena bere prosa da, hitz-laua. Labur eta trinko idazten du, arin eta jostari. Oso berezia da.


Neke adina gozamen

Gustura egin al duzu itzulpen lana?

Gerardo Markuleta. Oso gustura egin dut. Hartu diot neurria. Echenozi itzultzen diodan bosgarren liburua da hauxe. Neke adina gozamen ematen du, halere. Neologismo pilo bat dago, berak asmatuak edo berak beste nonbaitetik atereak. Inongo hiztegitan agertzen ez direnak. Txiste modukoak. Eta horiek berregin egin behar dira itzulpen prozesuan.

Zure sortzaile lana inportantea izango zen ezta?

Gerardo Markuleta. Bai, literatura itzultzeak hori dauka. Administrazio lanen itzulpenak ez duena.

Zer nabarmenduko zenuke?

Gerardo Markuleta. Umorea. Distantziamendu moduko batekin idatzia dago. Irribarre batekin, gehiegi sinistu gabe. Eta irakurleari ere baimena ematen dio gehiegi ez sinisteko; “baina jolas egin dezagun” esatera dator. Istorioak inporta du, eta izugarri ondo josita dago. Baina beste kontu batez ari naiz.


Markuleta

Jean Echenoz-en Isil-mandataria aurkezten

Isil-mandataria (Meettok) nobelaren aurkezpenean, Gerardo Markuletak ondoko idatzia irakurri zuen:

 

Agurra

Egun on. Mila esker hemen izateagatik, Jean Echenozen, Meettok argitaletxearen eta neure izenean. Oraingo honetan ere, Echenoz jauna ezin izan da etorri, eta itzultzailearekin etsi beharko duzue.

 

Sarrera

Gaurkoan, Jean Echenozen hamaseigarren eleberria aurkeztera gatoz, aurten bertan argitaratua, Envoyée spéciale jatorrizkoan, euskaraz Isil-mandataria.

Hau da euskarara itzultzen zaion bosgarren eleberria: aurretik itzuli genituen “bizitza imaginarioen” trilogia (Ravel, Lasterka eta Tximistak) eta lehen Mundu gerraz diharduen 14. Idazle garaikide gutxi izango da euskaraz hainbeste lan argitaratuta daukana. Eta azpimarratu beharra dago gaztelaniazko edizioa baino lehenago jarri dugula kalean euskarazko hau.

 

Egilea

Jean Echenoz, dakizuenez, Frantzian jaio zen, Okzitaniako Orange hirian, 1947ko abenduan (aurten 69 egingo ditu, beraz). Sari ugari jaso ditu bere literatur ibilbide luzean; garrantzizkoenak: Médicis saria 1983an eta Goncourt saria 1999an. Frantzian erreferentziazko idazlea da, eta, askoren ustez, Europako idazle interesgarrienetako bat.

 

Echenozen idazkera aipatzen denean, bitartekoen ekonomia eta joera deskriptiboa aipatu ohi dira; horrekin batera, asmaziorako gaitasuna, bai istorioetan bai hizkuntzaren erabileran; eta, aldi berean, umore fina eta ironia.

 

Berriz fikzio-fikziora

Euskaraz orain arte eskura geneuzkan Echenozen lanak haren nobelagintzako aldi berezi bati dagozkio. 2006 eta 2010 artean, bizitza errealetan oinarritutako hiru eleberri argitaratu zituen: Maurice Ravel, Émile Zatopek eta Nikola Tesla. Gero, 14 nobelan, Lehen Mundu Gerrako giroa fikzionatu zuen. Garai hartan, Echenozek esaten zuen: “Ez daukat gogorik eleberriaren genero tradizionalari mugatzeko. Itzuliko naiz, beharbada, baina ez dakit. Oraintxe, nekeza zait fikziozko pertsonaiei izena jartzea ere”.

Orain, berriz, iritziz aldatu, eta honakoa esaten du: “Hamarkada oso bat eman nuen pertsonaia edo gertakari ‘historikoekin’ lanean. Horrek eragin zuen liburuxka sorta bat, zeinean fikzioak bigarren mailako lekua baitzeukan; fikzioak, ordea, beti jarraitu zuen hor, ate ostean. Baina nobelaren espaziora itzuli nahi nuen, eta bide horri berrekin. Abenturak kontatzea abentura bat da berez, eta faltan sumatzen nuen hori”.

Gaur aurkezten dugun Isil-mandataria honekin, beraz, Echenozek aldi berri bati ekin dio bere nobelagintzan, edo, bestela esanda, “alegiazko bizitzen” trilogia baino lehenagoko moldeari berrekin dio, fikzio-fikziora itzulita.

 

Eleberria

Isil-mandataria hainbat nobela generoren nahastea da: aldi berean da eleberri beltza, espioi intriga eta abentura nobela. Konplot askok, bahiketa luze batek eta bidaia harrigarri batek osatzen dute trama.

Pertsonaiei begiratuta, nobela korala dela esan daiteke, nahiz eta Constance emakume gaztea den (isil-mandataria bera) intriga guztiaren motorra. Pertsonaia ugarien artean, 68 urteko jeneral bat, aspaldian arrakasta itzela izandako pop konpositore bat, kartzelatik irten berri bat…

Aurreko eleberriekin alderatuta, askoz ere luzeagoa da. Baina bere horretan irauten dute betiko ezaugarriek: labur eta trinko aritu beharra, gutxirekin asko esateko joera, kapitulu hasiera eta amaierak doitasun eta trebezia handiz jostea, eta halako urruntasun bat, ironiaren eta harriduraren artean.

 

Idazkera

Harrigarriena, Echenozen hitz laua egiten zaigu, haren prosa moldea. Musikaren eta zinemaren zaletasunetik omen datorkio.

Musika dela eta, hala dio: “Hainbat musikarik literatur eragina izan dute niregan, melodiak eraikitzeko eta gauzak erritmoz janzteko moduagatik; elipsiak eta laburtzapenak kokatzeko, eta abiadura aldaketak sartzeko moduagatik”.

Zinema dela eta, berriz: “Irudiak eta hotsak jaurti nahi ditut. Ezin dut eszena bat eraiki, aldez aurretik ikus errepresentazio zehatz bat izan gabe, edo soinu-banda lagungarri, osagarri bat izan gabe. Hori guztia testu hutsaren bitartez eman nahi dut”.

 

Itzulpena

Itzultzaile naizen aldetik, zerbait esan beharko nuke. Echenoz itzultzea gozamen hutsa dela esango banu, ez nuke egia osoa esango.

Irakurleak erraz irensten badu ere, itzultzailearen ikuspegitik testua askotan konplikatu egiten da, bihurritu, keinuz beteta dago, inongo frantses hiztegitan agertzen ez diren neologismoz gainezka, itzulezinak diren eta, beraz, berregin edo birsortu egin behar diren esamoldez josita.

Baina Echenozen hitz laua itzultzeak zailtasun adina plazer ematen dizu, neke bezainbeste gozamen. Jatorrizko testua hartu, eta esaten duzu: honek zer emango ote du euskaraz? Baina lan horren guztiaren ondoren, euskarazko testua hartu, eta sinestezina egiten zaizu zeinen trinkoa eta aldi berean arina gerta daitekeen. Sortzen hasiz gero, nekez lortuko zenukeen testu aberats eta malgua, itzuli beharrak ekarri dizu.

 

Vintage

Isil-mandatari honetan, intriga garaikidea da, gaurko egunetan kokatua, baina badu hala ere ukitu vintage bat, zahar itxurako elementuekin, eta batzuetan akzioa denboratik kanpo dagoelako inpresioa eragiten du. Horren inguruan, Echenozek esan du: “Gustuko nuen, gaur eguneko garaian nahastea pertsonaia egiantzeko edo errealak, garai –edo zinema– zaharrago batetik ateratakoak diruditen beste batzuekin. Justaposizio, desoreka efektu bat bilatu nahi nuen, eleberriari dinamika dislokatu samar bat emateko asmotan”.

 

Ipar Korea

Liburuaren hirugarren herenean, pertsonaia batzuek Ipar Koreara bidaiatzen dute. Dakizuenez, herrialde berezietan berezia. Hori dela eta, egileak esan du: “Hasieratik nahi nuen istorioaren zati bat herrialde opaku batean gertatzea. Saia nintekeen bertara joaten, baina irakurri nituen bidaia kontakizunek ideia kendu zidaten burutik. Dokumentazio ugari erabili nuen, oinarri errealak nahi nituen –nahiz eta hari buruzko ezer seguru ez izan– fikzioa hantxe txertatzeko”.

 

Beste bi zertzelada

Eusten badidazue, beste bi zertzelada erantsi nahi nituzke.

1. Echenozek ohiko narratzailea erabiltzen du kontaketan, hirugarren pertsonakoa, ez guztiz orojakilea. Baina, oso tarteka, eten egiten du kontakizuna, eta, jolasean bezala, aipamenen bat egiten du tramari buruz edo idazketari buruz (...). Narratzailearen ustekabeko agerpen hauek idazlearen eta irakurlearen arteko jolasaren parte dira.

2. Eleberrian ageri denagatik, badirudi Echenoz ez dagoela oso pozik Frantziako ikus-entzunezko medioetan egiten den kultur kazetaritzarekin. Pertsonaiak Frantzian daudela, irrati bat edo telebista bat piztu orduko, han agertzen da musikari, zine zuzendari edo idazle bat bere azken disko, film edo eleberria aurkezten, elkarrizketa baten bitartez beti. Eszena surrealista samarrak dira, eta badirudi Echenozek aprobetxatu egiten duela bere nobelaz egingo dioten galderei erantzuteko (...). Hemen ere, jolasa nagusi.

 

Amaitzeko

Nolabait laburtzeko: Echenozen azken eleberria, mirariz bezala, euskaraz gaztelaniaz baino lehenago argitaratua. Egilea, Isil-mandataria honekin, fikzio-fikziora itzultzen da. Eleberri beltz baten, espioi intriga baten eta abentura liburu baten ezaugarriak biltzen dira trama gorabeheratsua eta prosa molde gozagarria daukan nobela dibertigarri honetan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)