Albisteak

"Publikoarengandik jaso dugun erantzuna oso beroa izan da"

Hilabete honetan, Arrastoak antzezlanaren azken funtzioakOsteguna, 2015-11-12

Errautsak, Hamlet, Gizona ez da txoria,  Gure bide galduak... Bakarka edota beste talde batzuekin elkarlanean aritu dira Dejabu Panpin Laborategikoak. Obra horietan bezalaxe, Arrastoak antzezlanean ere aktore jokoan oinarritutako lan fisikoa, poesia bisuala eta errealismo magikoa gailentzen dira. Ibilbide arrakastatsu baten azken txanpan dira orain Dejabu-koak. Azaroan emango dituzte Arrastoak antzezlanaren azken funtzioak. “Guretzat opari bat da antzezlana sortu eta hainbeste jenderekin elkarbanatu ahal izatea”, halaxe adierazi digu Urko Redondo aktoreak. “Publikoarengandik jaso dugun erantzuna oso beroa izan da”.

Belaunaldien arteko lotura ikustezin horiei buruzko gogoeta planteatzen duzue “Arrastoak” antzezlanaren bitartez. Badu tragediatik, badu komediatik. Edukiari dagokionez, nola laburbilduko zenukete antzezlanaren mamia?

Antzezlana sortzen hasi ginenean galdera hau izan genuen motorra: gizarte batean edo familia batean ixiltzen diren gauzak, tabu bilakatzen direnak, datozen belaunaldietan ba al dute eraginik? Eta noski, gure iritzia da baietz, ezkutuan gelditzen diren korapiloak berandu baino lehen askatu beharko ditugula. Emakumeek mendeetan jasandako biolentzia ere berehala  agertu zen gai gisa.

Hori guztia mamitzeko  Lur izeneko neska baten istorioa kontatzen dugu. Antzezlana hasten da Lurren ama hilda agertzen denean. Drogomenpekoa zen eta Lurrek ez zuen apenas ezagutzen. Thriller baten moduan, bere iragana ezagutuz joango da Lur, eta horrela, bere barneko korapiloak askatzen.

Orain arte egin dugun lanik konplexu eta potenteena da.

Tragedia, komedia, tragikomedia... Kazetariok etiketak ditugu maite. “Arrastoak” obra, zein generotan kokatu beharko genuke? Edo akaso zaila da genero bakar batera mugatzea, ezta?

Etiketek lagundu dezakete gauzak kokatzen batzutan baina ez dut uste oso egokiak direnik, azken batean norberak leku ezberdin batetik bizitzen baitu esperientzia bakoitza.

Egia da hala ere guk genero asko nahasten ditugula beti gure lanetan. Horrela ateratzen zaigu. Tragedia ikaragarri maite dugu genero gisa, gai potolo eta traszendentalak lantzea gustatzen zaigulako, kolektiboak, eta pertsonaiak erabaki handien aurrean jartzen ditugulako. Baina komedia zale amorratuak ere bagara. Umorea oxigenoa da antzerkian eta bizitzan, eta beraz gure antzezlanetan beti leku handia eskaintzen diogu baita.

Etiketak jartzen hasita, gureari teatro herrikoia ere dei dakioke. Gure imaginario kolektiboari lotzen saiatzen gara beti, erreferentzia gertukoekin eta emanaldi bakoitza erritual kolektibo batean bihurtzeko intentzio garbiarekin.

Arrastoak03

“Gure bide galduak” obran, zuen aurreko antzezlanean, elementu gutxirekin mundu oso ezberdinak irudikatzen zenituzten. Ildo beretik dator “Arrastoak”.

Oso gutxirekin ahal den guztia egin edo kontatzea asko gustatzen zaigu. Irudimena eztandarazten digu horrek. Gainera uste dugu ikuslea antzezlanaren barrura gonbidatzeko modu bat ere badela, ikusleak berak osatzen baitu ikusten ez duena, bere irudimenarekin. Arrastoak-en ere premisa horri eutsi diogu baina, hala ere, estetikoki eta antzerki lenguaiari dagokionez, ezberdintasun handiak daude. Lan berri bati ekiten diogunean beti saiatzen gara ordura arte egin ez dugun zerbait egiten. Ezezaguna zaigun horrek erakartzen gaitu, ez dugu erremediorik!

Arrastoak antzezlanak beste mugimendu-kualitate bat eskatzen zuen, beste dinamika bat antzezleen artean...


Donostia Antzerkia Saria jaso duen antzezlana

Donostia Antzerki Saria jaso duzue obra honekin. Sari honek prestigioa du eta pentsatzen dut ikusgarritasuna emango ziola taldeari eta obra honi bereziki. Nola hartu zenuten saria eta zer suposatu du zuentzat?

Poztekoa da beti sari bat jasotzea. Ikusgarritasunari dagokionez, noski sari batek medioetan gehiago agertzeko aukera ematen dizu eta horrek ere jendea eraman dezake antzokietara. Dena den, azken urteetako gure esperientziaren arabera uste dut benetan publikoa antzokira eramaten duena publikoa bera dela, hau da, ahoz ahokoa da azkenean jendea gehien mugiarazten duena.

Arrastoak02

“Arrastoak” antzezlanaren azken saioak dira hauek. Bira amaieran zaudetela esan daiteke. Zer nolako balantzea egiten duzue?

Guretzat opari bat da antzezlana sortu eta hainbeste jenderekin elkarbanatu ahal izatea. Publikoarengandik jaso dugun erantzuna oso beroa izan da egia esan.

Uste dugu antzezlanak planteatzen dituen gaiak eta emozioek nolabaiteko mugimendua eragin dutela ikusleengan. Jendeak bere esperientziak elkarbanatu ditu gurekin, antzezlanak kontatzen duenarekin identifikatuak sentitu direlako edota antzeko gertaerak ezagutu dituztelako.

Eta guretzat ere emanaldi bakoitza oso berezia da, gure barneko emozio eta pentsamendu sakonenak hor doazelako gure pertsonaietan, kontatzen dugun istorioan...

Opari bat da unibertso bat sortu eta ikustea ikusleak, norberak bere modura, unibertso hori bere egiten duela. Oso eskertuta gaude esperientzia hauek bizitu ahal izateaz.


Arrastoak, azken emanaldiak

Azaroak 14 larunbata. Usurbil /Sutegi. 20.00.

Azaroak 18 asteazkena. Hernani /Biteri kultur etxea. 20.00.

Azaroak 21 larunbata. Agurain /Harresi Aretoa 19.30.

Azaroak 22 igandea. Atarrabia /Kultur Etxea 20.00.

Azaroak 27 ostirala. Izpura /Fauxtin Bentaberri gela. 20.30.

Azaroak 28 larunbata. Maule /Salle Maule Baitha. 21.00.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)