Unisonoa: hitza, soinua eta esanahia elkartzen dituen lerroa
Osteguna, 2020-09-03Unisonoa izeneko lana kaleratu du Ixiar Rozasek, Pamiela etxearen eskutik; atzo aurkeztu zuen prentsaren aurrean, Kaxilda liburu-dendan. Bi formadun lana da: lerro bakarreko poesia liburua, eta material sonoroa. Hitzaren, soinuaren eta ahotsaren inguruko esperimentazioaren ondorioa da lana, elkarlanean osatua.
Unisonoa izeneko lana kaleratu du Ixiar Rozasek, Pamiela etxearen eskutik. Lan «berezia» da, Jose Angel Irigarai editorearen esanetan. Izan ere, bi forma ditu: batetik, poesia liburua da, eta, bestetik, material sonoroa dakar. Poesia, gainera, lerro bakarrean emanda dago, liburua alderik alde zeharkatzen duena.
Lerro bakar horrek gauza asko iradoki ditzake Irigarairen arabera «ostertza, soka bat, bide bat», eta ondo islatzen du nolako kezka duen Rozasek esan nahi duen horri ematen zaion formarekin, aurrez beste obra batzuetan erakutsi duen bezala –adibidez, Beltzuria liburuan (Pamiela, 2014)–.
Material sonoroari dagokionean, bandcamp plataforman aditu daiteke. Edizio mugatuan, liburua eskuratzen dutenek kode bat jasoko dute, eta horren bidez deskargatu ditzakete pieza guztiak. Nolanahi ere, hiru pieza entzungai daude jada, liburua eduki zein ezin.
Esperimentazioaren aldeko apustua
Irigaraik nabarmendu du halako lanek «ahalegin berezi» bat eta «inplikazioa» eskatzen dietela argitaletxeei; gaur egun, liburuaren eta kulturaren sektorea dagoen egoeran, ezin da beti lortu, baina Unisonoaren kasuan, ahalegina egiteak «merezi» zuela aipatu du, eta «oso pozik» daude lana kalean delako.
Rozasek, halaber, eskerrak eman dizkio Pamielako taldeari, liburua argitaratzeko «arriskua hartzeagatik»; adierazi duenez, ez da erraza «esperimentazioaren alde egiten duen» argitaletxeak aurkitzea. Biek ala biek azpimarratu dute bigara-k egindako lana (Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia), azalaz eta maketazioaz arduratu baitira.
Entzumenarekin idatzitako liburua
Ostertzari buruz duen ikuspegia azalduz ekin dio Rozasek liburuaren gainekoak aletzeari: harentzat, ostertza ez da gauza finko eta mugiezin bat; gehiago interesatzen zaio «mugikorra» den zeruertza. Liburuko lerro bakarrari dagokionean, bestalde, «ikusten dena» baino gehiago, «entzuten dena» nabarmendu du. Izan ere, «entzumenarekin idatzitako liburua» da, autorearen beraren esanetan, «erritmoa» bilatzearen ondorioa.
Badira urte batzuk Rozas ikertzen ibili dela soinuaren eta hitzen arteko harremanez, eta bide horren ondorio da Unisonoa, nahiz eta hasiera batean ez zuen asmorik liburu bat egiteko. Besteak beste, bilaketa horren aurreragoko mugarri gisa aipatu du Mursegorekin batera egindako Plastika emanaldia. Hitzaren, soinuaren eta esanahiaren arteko harremanen arakatze horretan, «itxoiten» egon dela aipatu du Rozasek, «lan asko egiten», baina zain hala ere, «presarik gabe».
Liburua egiteko xederik ez izateak «askatasun» handia eman diola aitortu du, eta erritmoak berak esan omen dio pieza noiz zegoen prest. Askatasun hori, «mugarik gabe» ibiltze hori, beste elementu batzuetan ere nabaritzen da: euskaraz gainera, beste hizkuntza batzuk tartekatu ditu (gaztelania, ingelesa eta italiera), eta hitz eta kontzeptu «asmatuak» edo «inspiratuak» ere baliatu ditu. Horien artean, «entzunmuga», hiru piezari izena ematen diona. Elbira Zipitriari aitortza egin dio autoreak, ikusmuga kontzeptutik tiraka sortu baitu entzunmuga.
Unisonoa, elkarlanean
Nabarmentzekoa da, bestalde, Unisonoa lankidetzan garatu dela, batez ere material sonoroari dagokionean. Rafael Martinez del Pozo, Ainara LeGardon, Maite Arroitajauregi eta Ibon RG musikariak izan ditu bidelagun Rozasek. Haatik, idazleak argitu du piezak ez direla «poema musikatuak».
Aurkezpenean zegoen LeGardon, eta argi adierazi du: «ez dira poema musikatuak; Ixiarrek kantatu dituen piezak dira». Lan egiteko moduaz mintzatu da jarraian: «nik pentsatzen nuen Ixiarrek bere xuxurlen pieza ekarriko zuela, grabatua, eta gero nik gitarrarekin edo ahotsarekin gehituko nizkiola gauzak; baina sekulako sorpresa hartu nuen ohartu nintzenean bera han zegoela xuxurla horiek nirekin batera inprobisatzeko eta denbora errealean sortzeko». Apustu hori «arriskutsua» eta «ausarta» izan zela nabarmendu du LeGardonek, eta, haren arabera, «bizitza» eta «organikotasun» gehiago ematen dio lanari, «dialogo bat delako».
Aurkezpena amaitzeko, piezetako bat zuzenean eskaini dute Rozasek eta Maite Arroitajauregik, Kaxilda liburu-denda xuxurlaz eta kantuz betez. Emanaldirik egiteko asmorik baduten galdetuta, Rozasek esan du ez dutela prestatu zuzenean emateko formaturik, baina, «gonbidatzen bagaituzte», joango direla.