Xabier Leteren poesia antologia plazaratu du Koldo Izagirrek
Osteguna, 2017-11-23Xabier Leteren poesia antologia plazaratu du Koldo Izagirrek, Elurra ikusi dut titulupean, Elkar argitaletxearen eskutik. Bere lehen liburutik azkenekora, poemarik esanguratsuenak hautatu ditu, eta baita ere kanten artean balio poetikorik handiena dutenak ere.
Xabier Leteren ibilbideko poemak eta kantuen letrak eskaintzen dizkigu Koldo Izagirreren lanak antologaturik, Elurra ikusi dut titulupean; baina ale hau bada hori baino gehiago ere, Izagirrek berak epilogo mamitsua eskaini digu bertan, antologatzailea bera antologatua ulertu nahian, lerro arteko borrokan; eta bada oraindik gehiago ere, kronologiak zartatuz poematik poemara gaien eta poemen aldaeren araberako zeharbideak eskain dizkigu Izagirrek, poeman artean internetekoa izan zitekeen nabigatze sistema bat osatuz. Norberak bere Xabier Leteren antologia osatu dezan bertan, irakurketa posibleak bermatu, Xabier Leteren lanak egilearen bera gainditzen dituen oihartzunak dituelako imajinario kolektiboan.
Antologien zentzuaz mintzatuz hasi zuen Izagirrek liburuaren aurkezpena: “Antologia batek finkatu egiten du, mapan ipintzen du bai autorea, bai poemak ere. Antologia gai, edo garai bat edo espazio bat hartzen badu, autore bat baino gehiago badu antologiak horiek kokatzen ditu eta poemak ere, poesia dugunez gaurko gaia, kokatzen du, finkatzen du halako mapa batean. Suposatze da antologia batek legitimazioa ematen diola antologian azaltzen denari, antologia batek pentsamendu literario bat eraikitzen laguntzen du, gure literaturaren pentsamendua garatzen du, aldi berean da objektu eta subjektua. Oso interesgarria da antologiak egin dezakeen papera. Algoritmoen morroi nahi gaituen mundu honetan, uste dut interesgarria izan litekeela poesia, imaginario kultural baten oinarria izan litekeenez.”
Xabier Lete bera gogoan berriz, “Autore berezi bat, letragilea lehenik, kantaria hurrengo, geroago poeta”. Izagirrek berak aipatu zuen Lete dela “nire bizia antolatzen eta desbideratzen lagundu zidaten autoreetako bat da Xabier Lete, gure nerabezaroko larritasunei arrazoiak eman zizkigun poeta-kantaria hain zuzen. Zergatik ez da posible zoriontsua izatea? Nola maitatu behar dugu? Noiz hautsi behar dugu katea? Eta melodia malenkoniatsu mordo bat”.
Lete gatazkan bere buruarekin, pesimista, gatazka hizkera poetikoarekin “Interesgarria da enkargua alderdi ilunak zeuzkalako autoreak”. Jarraian entzun dezakezue Izagirreren aurkezpena osorik:
Elurra ikusi dut
Sinopsia:
Xabier Lete, azken mende erdiko euskaldun guztion oroimen sentimentalean sakonkien sartu den poeta izan liteke, eta hala ere, neurri handi batean poeta ezezaguna dela esan liteke, berak bere liburuei inportantzia handirik eman ez zielako, eta kanten interpretazio indartsuen aldean paper hutsezko testuak itzali antzean geratu direlako. Haren heriotzatik urte batzuk iraganda, beharbada iritsi da unea Leteren obra neurtzeko, berrirakurtzeko, duen balioa emateko. Horretara dator Koldo Izagirrek prestatu duen antologia hau. Bere lehen liburutik azkenekora, poemarik esanguratsuenak hautatu ditu, eta baita bere kanten artean balio poetikorik handiena dutenak ere. Irakurketa kronologikoa egin liteke, testu zaharretatik berrietara, baina posible da bestelako ibilbideak egitea ere: hain zuzen, poema edo kanta bakoitzean, harekin lotura duten beste testuetara bidaltzen gaitu, dela gai bera lantzen dutelako, dela irudi antzekoren bat dutelako… Bestalde, ezin utzi aipatu gabe Izagirreren epilogoa, Xabier Leteren poesia interpretatzeko saio mamitsu eta guztiz interesgarria, poeta oiartzuarraren alderdi eztabaidagarrienak ere jorratzen dituena, bere testuinguruan kokatuz.