Albisteak

Zortzi narrazio, (ez) dirudienaz eta (ez) denaz

Osteguna, 2021-10-21

Ezer ez da dirudiena ipuin-bilduma kaleratu du Maribel Aiertzak, artea gaitzat eta girotzat duten zortzi narrazioz osatua; pasa den astean aurkeztu zuen, Elkar argitaletxearen eskutik. Irudia: Elkar argitaletxea.

 

Ezer ez da dirudiena izeneko ipuin-bilduma argitaratu du Maribel Aiertzak, helduentzako bakarka idatzitako bigarren fikziozko lana du. Liburuan, zortzi narrazio, artearen munduan girotuak denak, artea gaitzat hartzen dutenak, baina era askotako ertzak erakutsiz irakurleari: «Van Gogh margolari ospetsuaren ezkerreko belarria ikusgai jarri duen erakusketa; museoko lorezainak lapurturiko grabatuaren ezkutalekuan agertutako hilotzaren kasua; Gabonetako jaiotzak museora garraiatzean, bi tarantulek sorturiko nahasmena eta deskalabrua; koadro baten aurrean musean jolasean aurkitu eta ospitaleratutako aitonaren istorioa; mutil-lagunaren hitzordura joanda grafitigile talde batekin eta guardia zibilarekin endredatzen den neskaren abenturak eta desbenturak…»

Aiertzak lotura estua du artearen munduarekin zein idazketarekin: dibulgazio-testuak idatzi izan ditu arteaz zein bestelako gaiez, eta Mikel Lertxundi senarrarekin elkarlanean bi liburu idatzi ditu –eskultorea da hura–: Lertxundi, euskaradun arte unibertsala (1989) eta Lertxundi, espazioa, lurra, denbora (2019). Fikziozko estreinako lana 2010ean kaleratu zuen Aiertzak, Elkarren eskutik hura ere, Tigreak hondartzak izeneko eleberria. Horrez gainera, haur eta gazteentzako literatur lanak idatzi ditu orobat.

Honako lan honetan, eta izenburuak iradokitzen duenari jarraituz, «(ez) dirudien horrekin jolasten den gisa artista jolastu da idazlea», argitaletxeak adierazi duenez, eta «fikzioa eta errealitatearen arteko jolasa eta ariketa literarioa» uztartu ditu, «paleta koloretsua» eskaintzeko asmoz.


Albiste honen uberan

Amu gisa, hemen entzun dezakezue liburuko lehen ipuineko pasarte bat, autorearen ahotsean: «Belarria».

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)