Komunitatea

Edu Zelaieta Anta

Derrigorrezko utopia bana

Osteguna, 2016-04-07 | Edu Zelaieta Anta

(Guk ihes egin dugu. Kanporatuak gara, desterratuak. BERTOLD BRECHT)

 Ihesi gatoz lubaki hiltzaileetatik,

heriotzaren kontrako talka saihestu zezan gorputzak.

Ozta-ozta egin ahal izan diogu izkin

mila buruko gerraren piztitzar ankerrari.

 

Kilometro asko ibili ditugu, biharko eguna

urrunago gerta dadin atzoko horroretik.

Higatu zaizkigu oinetakoak eguzki-galdatan,

arima gehixeago arraildu atergabeko erauntsietan.

 

Guztiz aldrebestu da mundua, zentzuz hustu.

Alabaina, bizi gara:

bakearen esperantzak eta hildakoen hitzak

berritzen ditugu gauero errefuxiatuon kanpamenduan.

 

Derrigorrezko utopia bana daramagu

sakela urratuetan,

ezinbestean gauzatu beharrekoa,

gure erbestealdia amaituko bada.

Eskolak galduko du mundua

Ostirala, 2015-10-02 | Edu Zelaieta Anta

 “Eskolak galduko du mundua”. Hala esaten omen zuten aspaldian Euskal Herriko zenbait txokotan. Berako osaba Joxe Marik kontatua didanaren arabera, berak ere entzun zuen inoiz arestiko esaldia mutiko koskorretan, duela 50-55 urte inguru. Nonbait, herriko zaharrak ez ziren fio eskolan egiten ziren kontuekin, bertako hezkuntzaren bidez sartzen ziren ideia berriak ez baitziren ordura arteko bizimodu tradizionalarekin bat etortzen beti. Hori zela eta, eskola ez zen denen gogoko: munduaren akabera etorriko da noizbait, eta, eskola izango da hondamendiaren erruduna. Eskolak galduko [...] Gehiago irakurri

Zibak

Osteguna, 2015-08-06 | Edu Zelaieta Anta

 

Modan jarri dira zibak berriro. Batez ere haurrak inguruan dituzuenok ondo konturatuta egongo zarete honezkero, eskoletan, parkeetan edota kalean bertan. Neuk ikusitakoaren arabera esango nuke azken urte hauetako moda indartsuenetako bat izan dela haurren artean, indartsuena izan ez bada. Modarekin batera, ohi denez, modu berri batzuk ere iritsi dira, baita zenbait berba ere.

Umeei sinestea kostatzen zaien arren, ziba dantzarazteko gure dorpezia ikusita, gu ere aritu ginen jolas berean. Hala ere, gaurko zibak eta lehengo zibak ez dira berdinak: lehengo ziba [...] Gehiago irakurri

Heriotza erakutsi

Asteazkena, 2015-04-01 | Edu Zelaieta Anta

Deus guti erakutsi uste zizun aitak

etxe berean bizi izan zineten urteetan,

umezaroan eta nerabezaroan,

gurasoak banandu artean.

Hala azaldu diozu Rakeli,

aita axaleko berniza izan zela zuretzat

(amari “brotxa lodia”ren irudia eman diozu).

Bernizaren metaforaren frogagarri, erantsi duzu

aita ez zegoela Gasteizen zu jaio zinenean eta

hiru bat hilabete izan arte ez zintuela ezagutu.

Heriotza erakutsi dizu orain gordin-samurrean,

biziaren –gorputzaren– akabaila:

haren begi itsuek ikusi duten azken

pertsona zeu izan zara.

Zure besoetan eman ditu hondar

hats handituak ospitaleko ohatzean.

Aitago egin zaitu aitaren heriotzak ezustean,

bortz urteko semearen galderen aitzinean.

Bukaerarako gordea zuen, nonbait, zuretzako

lezio [...] Gehiago irakurri

Autoezagutza

Asteartea, 2015-02-24 | Edu Zelaieta Anta

Oso gauza arraroak egiten hasi da gaur goizean bost urteko semea, hura eta biok gosaria hartzen ari ginela etxeko sukaldean. Halako batean esan dit, azken bi-hiru urteotan lehen aldiz, eztirik ez zuela nahi ogian. Ondoren, gustatu bai baina hartzea pixka bat kostatzen zaion laranja zuku gehiago eskatu dit, berea amaitutakoan. Txundigarria iruditu zait. Jokaera ezohiko horiek ikusita, urduri ote dagoen galdetu diot; izan ere, gaur Bilbora egin behar dute txangoa eskolarekin, eta arratsaldera arte ez dira Gasteizera itzuliko. Ez dira [...] Gehiago irakurri

Zazpi aforismo

Astelehena, 2015-01-05 | Edu Zelaieta Anta

Kasurik onenean, bide luzea aurretik eta osasuna lagun ibilian, bizi guztia dugu heriotza onartzeko. Geurea nahiz besteena.

Zahartzea da ezbairik gabe gerta dakigukeen gauzarik hoberena. Aitzitik, inork ez du zahartu nahi.

Zinikoek ez dute aforismo bat bera ere merezi. XXI. mendeko zinikoek, alegia.

Pentsatzeak denbora eskatzen du. Horregatik egiten dugu gero eta gutxiago.

Informazioaren jendartea engainu zenbaitek bizi ditu, aurreko jendartea beste engainu batzuek bizi zuten bezala.

Begiek, ahoaren pare, solas egin dezakete, eta ahoaren pare ere okertu.

Bestela begiratzen duenak bestela ikusten du.

W. eta E.

Larunbata, 2014-12-13 | Edu Zelaieta Anta

W. eta E.

W. eta E. anaia-arrebak dira. Urte batzuk zeramatzaten elkar ikusi gabe; ez fisikoki, ez birtualki. Duela gutxi berriro elkartzeko aukera izan dute, hemen, Euskal Herrian. 1998an ezagutu genituen guk W. eta E., Hondurasen, Mitch urakan bortitzaren aurretik. Haien familiako beste kide batzuk ere ezagutu genituen, hala nola Isabel izeneko gizon garai bat, bertako parajetan barrena gidari lanak egin zizkiguna.

Hondurasen egondako beste lagun batzuk tarteko, Lautadako herri batean egin dugu enkontrua. E.-rekin berbetan hasi orduko zera esan dit: [...] Gehiago irakurri

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.