Komunitatea

Ian Sancho Linares

Zigor garratza

Astelehena, 2019-04-08 | Ian Sancho Linares

Tabernazuloko sasi-txakolina

edo, leihoratu zen txiribogina

iratzarraraziz geroztik, ozpina

irentsi genuen behin, alajaina!

 

Mozkor arrail bost axola ekoizkina?

Txikiteoa luzatzeko lotsa ziztrina

gehi ardozalekeria gordina

berdin hordigarriarekiko grina.

 

Azken edari horren kutsu samina

gutxi-asko galdu zitzaigun antzina,

ospakizunak utzi zigun erpina

oroimenetik lausotu gabe baina.

 

Igande gaueko parranda bikaina

laburbildu ordez, botila zikina,

eztarria busti orduko muzina,

zurrutalariontzako higuina...

 

Kinka hartan ez ginen behar adina

haserretu, beranduegi, jakina,

aitzurrek bazeukatelako girtaina

urra genezan etxeranzko zuina.

 

Lehenago berotutako ezpaina

egonkortu ahala, mihi arina

lehortzen zihoakigun, aho-lurrina
Gehiago irakurri

Elkarrekin

Astelehena, 2017-11-13 | Ian Sancho Linares

Gizarteak sailkatzen gaitu

jaioterriaren arabera.

Begirunea nagusi bagenu

hobe litzateke ezaguera.

Bejondeizuela, etorkinak!

Jatorriagatik ez du ardura,

guztiok joan behar dugulako

jana ematen diguten lekura.

Muga igarogaitzetan zehar,

auskalo zenbat beldur-ikara.

Bizikidetza oinarritzat joz,

koskak berdintzeko lagunak gara.

Gutariko bakoitzari esker,

oihana daramagu gerora.

Erroen aurka alferrik dabil

lurpean edozein aizkora.

Aberasgarria gertatzen zait

arrotzez nahastutako zingira,

baina, bestalde, nahiago dut

denon elkarketaren aintzira.

Gallartaren hilobi hutsa

Igandea, 2017-10-01 | Ian Sancho Linares

Antzinako Gallartak meatzaritzari zor zion guztia heriotzaz ordaindu zuen ni jaio baino lehen. Hala ere, amak, zazpi urte nituelarik, bertako meatzal iraganaldiranzko leihoa ireki zidan:

-Gallarta, aspaldi, “Bodovalle” meatzeko zuloak gaur egun hartzen duen lursailean eraikia zegoen.

-Kontxo! Ez nekien! Eta nolakoa zen?

-Abanto Zierbenako udaletxeak, elizak eta pilotalekuak osatzen zuten erdialdea, musika-kioskoaren plazarekin batera. Etxe gutxi izan arren, ohiko familia gehienak ugaritsuak ziren, eta, bestalde, meatzari asko zeuden ostatuz. Gallarta zaharrak burdin-hobi bat estaltzen zuenez, altxorraren atzetik aski ugazaba [...] Gehiago irakurri

Adarra jotzen abere beltzen bizkarretik

Larunbata, 2017-07-22 | Ian Sancho Linares

Urallaga haitzuloaren ahotik "Pepita" meatzeko burdina azaleratzen zutenean, lehenik inguruko geltokian metatzen zuten, ondoren aire-tranbiaz eramateko, kilometro batean zehar, Galdames-Sestao meatzal burdinbideari atxikiriko Atxuriagako geltokiraino. Aire-tranbia motor elektrikorik gabe zebilen, burdinaz betetako baldeak Urallagatik Atxuriagarantz beheratzean sorturiko indarraren bidez balde hutsa igoarazten baitzuen.

Egun batean Atxuriagako geltokian gizon langabea agertu zen meatzeko nagusiaren bila, edozein motatako lana eman ziezaiokeen jakin nahian. Baldea deskargatzeaz arduratzen zenak Sauco auzuneko bulegoan galdetzea aholkatu zion. Atxuriagatik bertarainoko ibilbiderik laburrenaren erdian zetzan Urallaga; hortaz, aire-tranbia [...] Gehiago irakurri

Langile-odolez zipriztinduriko iragana

Asteartea, 2015-03-10 | Ian Sancho Linares

Gallarta herriaren lurpeko burdina artean ustiatzeke zegoen garaian, gertuko meategietan langile-buru batek sei edo zortzi peoiz osatutako meatzari talde bakarra izan ohi zuen bere esanetara, astelehenetik larunbatera, biak barne. Bertako meatzari bakoitzak 14 tona mea eskuz eta indarrez kargatu behar zituen lanegunero, zortzi orduko lanaldian, eta hori guztia lansari urri baten truk egiten zuen. Hala ere, behargintza honetako gizon eta beste zenbait meatze-eginkizunetan aritzen ziren emakumeen lanaren ordainak euren bizitza proiektua garatu ahal izatea bermatuko zien, zailtasunak zailtasun, herritar sektore [...] Gehiago irakurri

Txulok itzala utzi zuen nigan

Astelehena, 2015-02-02 | Ian Sancho Linares

Hamalaugarren urtebetetzearen biharamunean hasi nintzen ni Galdames udalerriko meatzaritzan lanean, abeltzaintza eta nekazaritzari atxikitako eginkizunak saihestu barik baina. Baserriko seme nagusiena izaki, eta beharrak eraginda, hirurotan gogor jardutea egokitu zitzaidan. Lehenengo bi urteak meatzariei eta harrizulatzaileei lana errazten igaro nituen, “pintxe” gisan. Adinez aurrera joan ahala, burdinaren ustiakuntza ahalegin eta denbora gehien eskatzen zidan diru iturri bilakatu zen. Horrez gain, goizero, lanera sartu baino bi ordu aurretik, artzain ibiltzen nintzen menditik etxeko artaldea bideratzen, gure alemaniar artzain-txakurra beti jagole nuelarik. [...] Gehiago irakurri

Hemengoa ez da betiko

Igandea, 2014-12-21 | Ian Sancho Linares

Ez zaituztet gogaitu nahi, baina

gogora ezazue hil-beharra.

Gaitz gaberik gabiltzanetik

heriotzari atzea emanda

bizi garela esan daiteke.

Ordea, gure sortzetik bertatik

onartu beharreko laguna da,

zeren eta egoera honetan

ez baitago inmunitaterik.

Gauden lekuan gaudela ere,

gorputza badoa gainbehera.

Une horretarako prestaturik

egon beharko ginateke beti,

behintzat, beldurra galdu dezagun.

Bizitzak, gizakion ondasunik

kutunena izanik ere, muga

ezartzen dio askatasunari,

hiltzeko dugun arriskuagatik.

Norberak nolanahi ulertzen du

ezezaguna denaren zentzua.

Sineskerak bazterrean utzirik,

bukaerak Egia dakarkigu.

Nahi nuke luzaroan iraun

azken arnasa eman aurretik.

Oraingoz eskura dauzkadan

atsegin oroz gozatuko naiz,

orduraino, zorionez beterik.

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.