Sinadurak

Bide konpartitutik, bide berrietarantz

Ostirala, 2019-06-21

Peru Iparragirre Albisu (1996) eta Jon Gurrutxaga Urbieta (1996). ITU Bandako kideak. Taldearen parte izan arren ez dute taldearen izenean hitz egiteko zilegitasunik sentitzen. Bizitzaren zirkustantziek markatutako hasieraz, bilakaeraz eta egungo egoeraz jardun dute zintzoki, galderei taldea ezaugarritu duen espontaneotasunez erantzun nahian.

Atzera begira

2013ko udaberrian iteratura zaletasunak hamasei hamazazpi urte bueltako hiru lagun elkartu zituen. Ekoizten zutena partekatzeko eta zaletasuna modu partekatuan bizitzeko gogoa zegoen oinarrian. Fanzine bat modu anonimoan osatzeak bide eman zion gogo horri, sortutakoa beraien artean partekatzeaz gain irakurleekin ere partekatzeko aukera emanez. Iparragirre da lehen hondar alea jarri zuten hiru kide horietako bat Alazne Arruti eta Paul Beitiarekin batera eta berak dioenez, hasieran elkartzeak berak ematen zion zentzua taldeari, “literaturaren mundura jauzi egiteko urra zitezkeen beste bideei begira egon gabe iniziatiba propioz aritzeak”.

Batxillergo garaiko ideia eroek hauspotuta, hasieratik zegoen presente talde bat sortzeko asmoa eta hala, pixkanaka katebegi gehiago elkartu eta aglutinazio fenomeno bat jazo zen. Arruti eta Beitiak, esaterako, Mikele Landa ezagutu zuten Eako Poesia Egunetan eta Mikelek Itziar Ugarte Urruzuno sariketatik ezagutzen zuen.

Gurrutxagak oso espontaneo eta naturaltzat gogoratzen du taldera batu zen unea eta zalantzan jartzen du “behar batetik edo zaletasunak elkarbanatze batetik sortua” izan ote zen. Azpeitiarra bertso mundutik zetorren eta ordurako testu batzuk konpartitzen hasia zen Beitia lagun minarekin, bai bertso eta bai prosa forman. Kontatzen duenez, gainerakoak dinamoari bueltaka zebiltzan dagoeneko eta beraiek indartu asmoz erantsi ziren taldera. Mundu berri bat deskubritzea izan zen berarentzat. Orduantxe ari zen bertso mundua deskubritzen, bertso-udalekuak etab. bizitzen, eta hau mundu paralelo bat gehiago zen, bere orduko kezkei bide emateko balio zuena eta aberastu egiten zuena.

Gurrutxagaren arabera, batzuen prozesua kontzientea izan zen nolabait eta besteena, berea kasu, ez hainbeste. Hala kontatzen du: “ni ez nintzen sartu adin hartan literatuar zaletasun itsua nuelako, ni gero joan naiz garatzen, gero literaturzaletu naiz”. Gogoan du gainerako taldekideek jada beste erreferentzia literario batzuk zituztela eta hasieran hori konplexutik bizi izan zuela.

Adin horretan, jendea normalki beste kontu batzuetan dabilenean, literatura egiteko biltzea ingurukoek arrarotzat hartzen ote zuen galdetuta ezetz erantzun dute biek. Gurrutxagaren hitzetan, jendea adin horretan hasten da geratzen lokaletan rock pixka bat egiteko eta egia da literatura egiteko geratzea ez dela ohikoena. Hala ere, rara avis-arena gero barneratu dieten ideia dela pentsatzen du; “gu besterik gabe geratzen hasi ginen, askoz naturalagoa izan zen”.

Iparragirrek ere bat egiten du aurrekoarekin. Beldurrak eta zalantzak gorabehera, bere burua gai sentitzen zuen horrelako zerbait aurrera eramateko, gustatzen zitzaiena modu konpartituan egiteko. Bere iritziz, “hor ez zegoen konplexu handirik”.

Hazten eta hazten

Badago Itu Bandaren bilakaera azaltzen duen kronologia moduko bat. Aurrez esan bezala, 2013an hasi ziren fanzinearekin. Beitia AEBetara joan zenean Iparragirre eta Arruti Kepa Matxain eta Eneko Sierraren Obabako testiguak irratsaioan parte hartzen hasi ziren eta bi astean behingo ordu laurden horren prestaketara bideratu zuten beraien jarduna.

Gero, behin fanzinea eta irratsaioa bukatu eta Beitia itzulita, Iparragirre joan zen Parisera eta hor geldialdi moduko bat egon zen. Hala ere, bitarte horretan Bilbon elkartzen hasi ziren lau bat lagun (Maialen Akizu eta aurrez aipatutako Landa, Ugarte eta Arruti) gai bat akuilu moduan hartu eta elkarrekin idazteko. Horrela hasi zen pixkanaka taldea zabaltzen eta zazpi-zortzi bat lagun izatera igaro ziren.

Inflexio puntua fanzineak utzi eta aldizkarirako pauso ematea izan bazen ere, 2015ean Eako Poesia Egunetan egindako Ituskizuna-k ere badu garrantzirik. Taldekideen arabera, bultzada handia izan zen. Jendea “badatoz!” esaka hasi zen eta apar horri edukiarekin erantzun beharraren presioa sentitu zuten. Fanzine bat egiten jarraitzea aski ez eta modu antolatuan hasi ziren geratzen. Unibertsitate garaian sartu izanak lagundu zien honetan. Gurrutxagaren hitzetan, “urte haietan gauza asko lerratu ziren guk proiektua aurrera atera genezan”. Horrela, astero ekartzen hasi ziren Bilbon eta honek konpromisoa eta egonkortasuna ekarri zuen. Garai hartako oso oroitzapen onak dituzte biek ala biek.

Kolektibo izateak lagundu zien promesa berrien presio hura kudeatzen. Bien arabera, fokua ez zegoen pertsona bakarrarengan eta erantzunkizuna partekatua zenez, horrek askoz bide gutxiago ematen zuen frustraziorako. Iparragirrek, gainera, promesaren kontuarekin hasieratik bertatik jolastu izanaren sentipena du; presioa kentzeko asko parodiatu izanarena. Belaunaldi berrien kontuak testuetarako ere ematen zuen bide, eta oso modu sanoan eraman zuten balizko presioa.

Ituskizuna tarteko, lehen aldiz aurpegia eman zutenean talde bezala eman zuten eta, hain zuzen ere, talde bezala ateratzeari eman zioten garrantzia. Kasualitatez edo zortez baina talde izaera horrekin publikotasunari aurre egiten asmatu izanaren sentipena dute. Gurutxagarentzat, bakoitzaren desilusio momentuak kudeatzerakoan ere babes handia izan da taldea.

Lekoreren zentraltasuna

Lekore sortu zenean presentzia handia hartu zuen asteroko jardunean eta askotan bilera osoa okupa zezakeen proiektua aurrera atera behar horrek. Espontaneotasuna lapurtuta, denborarekin aldizkariak hartu zuen zentraltasun osoa eta bitarte horretan egiten zituzten ikus-entzunezkoak ere Lekoren oinarrituak izan ohi ziren.

Beste gauza puntual batzuk ere egin zituzten, ordea. Besteak beste, “Isabel Iturberen bizitza eta heriotza” emanaldia egin zuten Kaluse taldearekin batera. Literaturian aurkeztu zuten eta geroago Bilboko Loradian eta, behin horiek burututa, astero elkartzeari utzi zioten.

Aldizkariei dagokienez, bost zenbakidun alea ateratzear dago baina zero zenbakidun aletik hasi zirela kontuan hartuta, seigarrena izango da guztira. Nahiko irregularki argitaratu dituzte nahiz eta hasieran plangintza zehatz bat eduki. Lasai aitortu dute: “inork ez digu aurpegiratu eta, beraz, ez dauka zentzu handiegirik guk gure buruari ezer aurpegiratzeak” dio Iparragirrek.

Egin dutenari zintzotasunez begiratzea dagokiela uste dute eta sei ale egin izana ez dela gutxi. Bide hau jasangarria izan zedin laguntza handia izan dutela sentitzen dute, bai konplizeen aldetik, hau da, aldizkarietarako testuak bidaltzen zizkietenen aldetik eta baita inguruko artistengandik ere. Ilustratzaile edo argazkilari ezberdinekin egin dute lan.

Mugarriei buruz galdetuta, zero zenbakia bere horretan mugarri bat izan zela aipatzen dute eta ondoren sortutako zenbaki bakoitzak duela garrantzia bere horretan. Ez dute gehiegi hitz egin izan aldizkarietaz eta ez dute diskurtsorik garatu gaitegiaren eta edukiaren inguruan. Hala ere, Gurrutxaga beti harritu izan du ohartzeak elkarrekin hitz egin gabe ere norberak sortutako testuek zenbateraino egiten zuten bat besteenekin erabilitako elementu nahiz moduetan. Elkarrekin ordu dezente pasatzeagatik-edo izan zitekeela dio.

Erreferentzia literarioak konpartitzeak ere izango zuen eraginik horretan, noski. Gaur egun ere elkartzen direnean beste pare bat izen, liburu izenburu edo pelikularekin ateratzen direla diosku Iparragirre, “elkarrengandik ikasteko eskola” dela.

Talde lanaren ajeak

Momentu askotan, taldean biltzeko, eztabaidatzeko, konpartitzeko… gogo hori motorra izan da, baina gogo horrek ere boladak ditu; bat egon daiteke oso zentratuta literatur jardunean, besteak alboratuago izan dezake, ondokoa galduta aritu daiteke, egin nahi bai baina jakin ez zer edo asmatu ezinean… eta hori ere errespetatu egin behar dela diote, bidearen parte dela.

Talde lanari buruz galdetu eta atzera begira jarrita lanari buruzko bi ikuspegi ezberdin bereizi dituzte. Batetik, talde bezala aurrera egitea, elkarrekin gustura egotea eta taldeari berari bere garrantzia ematea legoke eta, bestetik, ekoizpenari berari fokua jartzea. Orduan, Lekoreri erreparatuz, dezente kosta zaie proiektua lan bezala aurrera ateratzea, “batez ere, borondatetik, konpromisotik eta lehentasun propioetatik ateratako zerbait izan delako eta zaila delako guztiek bat egitea”. Oreka horretan egon direla aitortzen dute; ekoizten zituzten gauzak zenbait unetan arrastaka zeramatzatelako eraginkortasun falta horretan apur bat sufritzen eta, bestalde, taldeari nola eutsi asmatu nahian.

Gurrutxagaren ustetan batik bat izaera konkretu bateko jendeak asko sufritzen du horrelakoetan; konstantzia batekin lan egitera ohituta daudenek. Proiektu bat aurrera ateratzeak diziplina eskatzen du eta taldean beharrezkoa da akuilu bezala funtzionatuko duen jende hori. Aldi berean, jakin behar da bakoitzak eman dezakeena onartu eta tentsioak kudeatzen, “literaturatik harago baitoa talde dinamikena”. Inprentatik kutxak jaso behar dira, lekuak lotu, bazkariak antolatu… Taldean asko izateak lan hori errazten zien batzuetan, baten bat falta izanda ere aurrera jarraitu zitekeelako.

Talde dinamika bizitzaren joanak asko deternimatu duela sentitzen dute. Garai konkretu batek egonkortzeko asko lagundu bazien ere, gero, beste garai batek uztera bultzatu baitzituen. Bakoitzak bere bidea hartu zuen nolabait; baat oposaketak prestatzen hasi zen, bestea lanean, hirugarrena kanpora joan zen, Bilbotik alde egin zuten ia denek…

Banaketa hau ekidin ezina zen ia, baina zer pentsatua ere ematen du. Iparragirreren arabera, “gaur egungo gure bizitzak ez daude asko eskatzen duten horrelako talde dinamiketarako pentsatuta, askoz ere indibidualagoak dira”.

Errealitateak mugatu zituen, beraz, nekea eta frustrazioa sortuz. Gogorrak izan ohi ziren zenbait bilera dituzte akorduan eta egoera hori kudeatzen ez jakin izanaren pena moduko bat ere geratu zaie. Egia da, hala ere, ahalik eta naturaltasun handienarekin hartu eta gehiago erre aurretik konpromisoaren langa jeisten asmatu zutela. Oro har, nahiko ondo eraman dutela uste dute, zentzu horretan ez delako inor erre eta ez delako hausturarik gertatu. Alabaina, ez da prozesu oso hausnartua edo pentsatua izan eta taldeari bere bidea egiten utzi diote. Frustrazio ezberdinak taldean beharrean oso pertsonalki kudeatu izanaren arantzatxoa dute orain. Adierazgarria da gai honi buruz esplizituki hitz egiten duten lehen aldia dela.

Azken alea

Azken alea berezia da zikloa itxiko duelako. Sorkuntza prozesua bera berezia izan da dagoeneko. Iparragirreren hitzetan, “dolu oso oso luze bat –dolu zentzu azalekoan– bilakatzen ari da, prozesu oso luze bat”. Urtebete baino gehiago daramate azken zenbaki honekin bueltaka Lekore ixteko prozesuan murgilduta. Hori dela eta, behin ateratzen denean lasaitua hartuko dutela uste dute.

Berezia izango da, gainera, zero zenbakiak bezala azken honek ere Edituriala zazpi ataletan banatuta daukalako, potoloagoa ere izango delako… Baina berezitasun handiena hori izango du; ziklo bat itxiko dela bai taldekideentzat eta baita irakurleentzat ere.

Iparragirrek kontatzen duenez, kosta egin zaie azkena izango zela onartzea. Horren ondoren beste aleren bat ateratzea izan dute buruan; aukeraketa moduko bat egitea. Zailtasunak sumatuta, ordea, errealitateak erakutsi die azkena izan behar zuela nahitaez.

Ale honekin zikloa borobiltzen saiatu dira horrela, sinbolikoki bada ere urteotako lanari agur duin bat ematen. Gurrutxagarentzat, askotan bukaerek dolu kutsu bat izan ohi duten arren, oso natural bizi dute dolu hau ere eta “Edituriala irakurtzen duenean jendeak ikusiko du ez dagoela inongo pena zantzurik, egindakoaren harrotasuna baizik”. Hori azpimarratzea da garrantzitsua bientzat, guztientzat izan baita oso emankorra bide hau.

Aurrera begira

Azken urte pasatxoan moteldu egin da nabarmen taldaren martxa: kideak dispertsatuago aritu dira, bakoitzaren bizi-momentuak aldatu egin dira… eta zaildu egin du erregulartasunez geratzen jarraitzea. Horrek ekarri du, batez ere, erdi-arrastaka jarraitu baino, egindako bidetxoa txukun ixtearen aldeko hautua.

Talde bezala ez dute erabaki aurrera begira zer egin. Argi dute fase baten itxiera dela baina bidea zabalik utzi nahi dute. Azken bileran komentatu zutenez, gerta liteke itxiera honek beste proiektu batzuetarako, jendaurrekoetarako etab., arnasa ematea. Taldekide guztiek ez dute ezer sortuko baina baliteke pertsona zehatz batzuk beste proiektu bat sortzea, ez baztertzailea izango dena, baizik eta hemendik jaio dena. Irekita daude etiketetatik jauzi egin eta hori naturaltasunez bizitzeko.

Azken finean, sortzeko helduleku bat izan da taldea eta helduleku gabe sortzea oso zaila denez, idatzitakoa partekatzeko eta elkarrekin idazteko leku bat sortzeko interesa badu Iparragirrek behintzat. Gurrutxagarentzat, gainera, adinarekin pilatutako tresnak baliatu eta kontzienteki sortzeko garaia da. Garai batean inertziaz eta erreakzioz egiten zutena orain kontzienteki egiteko eta, adibidez, beraien proiektuak funtzio politiko konkretu bat edukiko duen sorkuntzara bideratzeko.

Sare bat sentitu dute beti inguruan. Lektore izeneko harpidedunei kasu gehiegi egin ez izanaren arantza ere geratu zaie eta aldizkarian kolaboratu duten konplizeak behar bezala zaintzera ez iristearena ere bai. Asko eskertzen dute jendeak hain ondo erantzun izana bai harpidetzeko unean eta baita aldizkarietarako testuak bidaltzeko garaian ere. Belaunaldi inguruko jendearekin saretzeko aukera ere izan dute proiektu honen bidez: Kaluserekin, Txakur Gorriakoekin…

Hala ere, bistakoa da garrantzitsuena taldekideen arteko sarea izan dela. Azken batean, bat da zein bide literario egin duen bakoitzak eta bestea da zein lagun harreman egin dituzten. Argi daukate azkenean kezkagai antzekoek bizi dituztela eta espontaneoki sortu daitezkeela balizko errezitaldi eta proiektuak. Sortzerakoan lehenengo erreferentzitzat talde hau izango dutela sentitzen dute azken batean harreman gehien izan dutena delako. Azkenean, sei urte ez direlako alferrik pasatzen eta konpartitutako guztiak hor iraungo duelako.

Printzipioz, beraz, Lekore-ren agurra da baina ez ITUrena. Biltzen jarraitzeko asmoa dute oraingoz, lagun talde bat delako funtsean. ITUk segiko du nolabait, eta hortik sor daitekeena ikusteko daukate beraiek ere.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)