Sinadurak

Oier Zuñiga: "Nik egiten dudana beste norbaitek egingo balu, beste zerbait litzateke"

Ostirala, 2020-03-20

Iazko Durangoko azokako kartela egin zuen margolaria, Zaldi Urdina antzezlanarekin Euskal Herria zeharkatzen ari den aktorea, "Iruinkokoa" Hiri Buruzagiko libertimenduaren kokoetako bat...Astroak berez lerrokatzen direla dirudienean, beti dago astroak lerrokatu daitezen gogotik lan egiten duen norbait: Oier Zuñiga (Iruñea, 1986).

Oier Zuñiga: "Nik egiten dudana beste norbaitek egingo balu, beste zerbait litzateke"

Literatura...

Ez dut literaturarekiko lotura irmorik sentitzen, baina badut. Nobelaz gain, poesia irakurtzen dut bereziki, eta, batez ere, saiakera. Interes handikoak zaizkit soziologiatik zein antropologiatik idatzitako ikerketak. Hala, ez dakit gertutasunagatik ala hori irakurtzera ohitu naizelako, euskarazko literatura dut maite. Izugarri kostatzen zait gaztelerazko liburuak amaitzea. Izan ere, niretzat arteak badu zer garen, nor garen edo zer egiten dugun bezalako galdera filosofikoei balizko erantzunak proposatzeko funtzioa. Antzerkian nola pinturan, errealitate paraleloak eraikitzen ditut zer naizen, zer gertatzen zaidan edo zerk inguratzen nauen ulertzeko, eta literaturak ere horretara bultzatzen nau.   

Antzerkia ere literatura da, ezta?

Hezkuntza-kurrikulumetako antzerkia guztiz klasikoa denez, antzerki-ohiturarik ez dutenekin mintzo zarenean, teatroak zaharmindu usaina du. Shakespeare maisua da, baina orain 500 urteko kontuez ari zaigu, egungo jendartearen gehiengo zabalarekin bat egiten ez duten ohorea bezalako baloreez. Horrek ez du laguntzen antzerkiarekiko atxikimendua estutzen. Literaturak, ordea, aski du elkarrizketa bat egoerak irudikatzeko, testuingurua zehazki agertu dezake, pertsonaien sentimendu eta harreman sareak ehundu. Horri esker, berehala eraikitzen da eszena, eta antzerkiak eszena horri bizia ematen dio oraingo eta hemengo errealitatea bilakatuz. Bat-batean, hitzek gorputza, espazioa eta soinua hartzen dute eta erritua gauzatzen da. Ezer izatekotan, liturgia da antzerkia.   

Azkenaldian, euskaraz berriz argitaratzen hasi den liturgia.

Jende askoren burugogorkeria eta lana dago atzean. Argitaratzen dutenek badakite ez direla best sellerrakinprimatzen ari, salmentek ez dutela gailurrik joko, baina garrantzi handia du sortzen ari garena jasota geratzeak. Hala, inoiz taularatu gabeko antzerki-testuak argitaratzea falta zaigu orain. Eten moduko bat dago antzerki-idazle eta aktoreon artean. Antzerkiaz bizitzea zaila bada, literaturaz babak eltzetik ateratzea ez da samurragoa, eta ulertzen dut inor gutxi ausartzea antzerki bat idaztera, aurrez inolako ordainik bermatu gabe. Hala ere, deigarria zait euskaraz irakurtzen ditudan liburu zenbaitek duten antzerki kutsua. Horregatik, gustatuko litzaidake bereziki teatroa idazten duten euskal idazleak egotea.

Euskarazko antzerkiaren loraldi baten aurrean gaude?

Denbora gutxi izan dugu horri erreparatzeko, baina egia da, azken urteetan, euskarazko obra zenbait antzokiak betetzen ari direla. Oraintsu arte, komediarekin lotzen genuen arrakasta, baina ez da hori bakarrik. Euskaldunok euskara militantantziatik atera behar dugu, euskaraz eta euskararekin bizitzera pasa, eta, horretarako, euskaraz irri zein negar egiteko bitartekoak behar ditugu. Publikoa ez da ergela, barrenak astinduko dizkionaren gose da. Antzerkira noanean, ezinbestekoa zait sartu naizen moduan ez ateratzea. Pentsatzeko heldulekuak behar ditugu, sentitzeko koordenadak; gure lagunekin, senideekin, hitz egiteko aukerak. Hori da komunitatea eraikitzeko gure modua. Kultura batek komunitaterik ez badu, ez da existitzen, eta, komunitate horrek ez du munduan lekurik, ez baditu bere mundua irakurtzeko gakoak sortzen.   

Antzerkia lurralde-antolaketa politika bat izan zitekeela zioen Maika Etxekoparrek.

Hori da euskal sorkuntzaren betebeharra. Orain arte, Euskal Herriko komunitatearen errepresentazioan azaleko paper bat egokitu zaigu sortzaileoi. Zer da Euskal Herria eraikitzea, Atarratzen eta Oionen kode beretan funtzionatzea ez bada? Horrek egiten gaitu herri. Jakina ez dela erraza kode horiek identifikatzea, urak ezberdin mugitzen direla Maulen eta Tuteran, baina, zelofanezko aldarrikapenez harago, kode komunak bilatzea eta horiekin aritzea dagokigu. Ez zait Euskal Herriaz pankartako leloekin soilik jardungo duen euskal antzerkirik interesatzen. Gure herria, izaera zein nortasuna egituratzeko ezin diogu uko egin denak oholtzaren inguruan biltzeko erritualari. Aitzitik, ezin dugu ahantzi diglosian bizi den herri zapaldua garela. Nik ere behar dut gehiegi pentsatu gabe irri eta negar egiteko entretenimendua, baina ezin daiteke herri baten babes instituzional eta programazio osoa horretara bideratu. Zer nahi dugu gure herriarentzat? Zer behar dute gure herritarrek? Zer kultur eskaintza ari gara ematen ez badugu elkarrekin zer garen konprenitzeko aitzakiarik sortzen?      

Herri gisa, zer harreman dugu gure zauriekin?

Ni neu nire zauriek eraiki nauten bezala eraiki dute herri hau bere orbanek. Haur batek, ikasketa-prozesu natural eta senezkoenean dagoenean, porrotetatik zein frustrazioetatik du ikasten, ez helburua lehenbizikoan lortzetik. Horrela antolatzen eta eraikitzen gara gizakiak zein komunitateak. Kolpatzen gaituzten egoera latzek aztarnak uzten dituzte gure DNAn, gure izateko maneran, gure hezurduran, eta, ondorioz, ezinbestekoa da horiei erreparatzea. Hori baino gehiago gara, ordea. Badira beste aire batzuk, agian hain dramatikoak ez direnak, baina gure izate kolektiboa baldintzatzen dutenak. Hor daude perspektiba historikoak, arazo sozio-ekomomikoak...Ez da gauza bera Euskal Herrian ala Afrikako edozein herrialdetan jaiotzea. Osotasun horretan jarri behar da begia. Zauriek, ordea, sentipenetarako bide zuzena irekitzen dute. Horregatik da interesgarria zauri horietan hatza sartu, sakontasuna neurtu, zornea garbitu eta "hau ere bagara" esatea.

Zaldi Urdina ere baldin bagara, zergatik hitz egin da orain arte hain gutxi heroinak gurean eragindako sarraskiaz?

Erantzuna topatu ezinik nabil. Gogoan dut, txikitan, Iruñeko alde zaharrean, nola esaten ziguten deus ez hartzeko lurretik, xiringak egon zitezkeela. Oroitzen dut harresien inguruko zenbait txoko itxita egoten zirela drogazaleak ziztatzera joaten zirelako bertara. Horrek aztarna bat utzi du gure belaunaldian, drogekiko distantzia bat markatu beharra, beldur eta errespetu moduko bat sentitzeko premia. Kontsumitu ditugun arren, drogen mamuarekin bizi izan gara, eta apenas hitz egin dugun horri buruz. Uste dut, iraganean, gure minen zerrendako beste zauri zenbait gailendu zirela, eta gatazka politiko armatuak familien itzalpean gorde zuela heroinaren sarraskia. Horri gizakiaren higadura fisikoaren krudelkeriaren tabua gehitu behar zaio. Lazgarria da, antsiari ezin eutsita, senide bat egunetik egunera argaltzen ikustea; ez dakigu giza miseriak sortutako sentipenak kolektiboki kudeatzen. Familia, etxea eta lana bezalako balore kristauek trinkotutako jendartea ginen, hortik zetozen gure herri-aldarrikapenak ere, eta drogek ez zuten bat egiten gudariaren zein herri askearen idealizazio edo erromantizismoarekin.     

Zaldi Urdinaren merituetako bat ez al da heroinaren izurriteari buruzko irakurketa adostu bat egon aurretik plazaratu izana gaia?

Baliteke. "Francoren bilobari gutuna" ikusi nuenean, oso obra poliedrikoa iruditu zitzaidan, barrenak mugitu zizkidan, baina denok genekien bukaera, denok genuen irakurketa konpartituaren berri. Drogen gaiarekin, ordea, hain ezkutukoa izanik, inork gutxik daki zer datorren gertukoen lotsaren eta minaren ondoren. Euskal Herrian heroinaren hedatzea estatu-interes zehatz batzuen arabera gertatu zela iradokitzen dugu obran, ez zela kasualitatea izan, baina ez dago horri buruzko kontsentsurik, ez dago errelatorik, ez dago ikerketarik...Ez dakigu. Gutaz ulertzen ez dugun pasarte horietako bat kontatzen digu Zaldi Urdinak, "hau ere bagara" aldarrikatzen du, oraindik konpondu gabe daukaguna seinalatzen. Izan ere, antzerki-lan batek ez digu soluziorik ematen, ez da youtubeko tutorial bat, argi-ilunetan arakatzeko gonbidapena baino ez da. Hortik dator "Zoaz Zaldi Urdina ikustera!" olatua. Kontatu genezakeen beste istorio bat gai berari buruz, izan zitekeen antzezlan hobea, teknikoki nahi bezainbat epaitu dezakegu, baina ukaezina da publikoak ikusteko beharra zuen zerbait gertatzen dela taula gainean.

Iraganeko garai batek gaur egungo problematika bati erantzuten diolako, agian?

Drogak tabu handi bat dira gure jendarte modernoan. Gu ez gatoz drogen erabilera egokia den ala ez epaitzera. Zer gertatzen da, aitzitik, 80eko hamarkadakoa bezalako fenomeno sozial eta politiko bat hedatzen denean? Zer egiten dugu? Ukatu? Izugarria da, 13-14 urteko gaztetxoentzako emanaldiak eskaintzen ditugunean, nola geratzen diren mutu. Nahiz eta sekula baino presenteago egon, inork ez die drogei buruz hitz egiten. Arazorik gabe edaten dugu alkohola umeen aurrean, apustu-etxeak paisaiaren parte dira... "Hori ez!" esatera mugatzen gara, ordea, eta, jakina, debekatua beti da desiragarria. Gaztetxo horiek emanalditik etxera itzultzen direnean, halaber, heroinari buruz galdezka hasten dira. Osabaren edo hirugarreneko bizilagunaren istorioaren berri jakiten dute orduan, amaren lehengusuaren heriotza ulertzen, eta, bat-batean, helduen mundua uste zutena baino konplexuagoa dela ohartu eta gure komunitatean saretzen dira. Hori ere bada antzezlan honen indarra.    

Zein indarrek bihurtzen du testua haragi?

Antzerkian dena da posible. Errealitateak fikzioa gainditzen du, baina errealitatean ez bezala, bilatzen dugun guztia topa genezake teatroan. Edozein irudi, edozein sentimendu, edozein emozio, edozein testuinguru... Dena dago antzerkiaren magian. Kodean sakontzea eta bilaketan tematzea da gakoa; artelanak agertu nahi badu, agertuko da, antzerkia ez baita ez errealitatea eta ez zinema, errealitateaz aritzeko errealitate paralelo bat baizik. Errealitate paraleloa den heinean, antzerkiak aukera ematen digu erritmoan, edukietan zein hitzetan bestelakoak izateko eta gure munduaren onurak nahiz miseriak agerian uzteko. Esaterako, pertsonaiak sortzerakoan, nire memoriaren erregistrotik tiratu ohi dut. Ez dut alferrik gertatzen zaidana ulertzeko eta antolatzeko antzezten, nire patuarekin zein bizitzarekin nolabaiteko bakea sinatzeko sortzen dut, eta patua heriotza delako iruditzen zait inportantea pertsonaiak horrela eraikitzea. Horregatik, pertsonaiek, nire haragia eta ahotsa ez ezik, nire karga emozionala daramate, nire zauriak eta nire pozak. Hori da oholtzan imitazioa saihesteko nire modua, eta, era berean, pertsonaia horiei esker topatzen ditut bizitzan bestelako aldarteak.

 Irudien bilaketan dago aktorearen eta margolariaren arteko konexioa?

Hori da nik defendatzen dudana. Beste jarduera batzuetan ez bezala, bi horietan ni neu naizela sentitzen dut. Teknikoki oso diziplina ezberdinak izan arren, Oteizak etengabe aipatzen zituen izate errealek, izate idealek eta izate bizidunek definitzen dituzte nire pintura eta antzerkia, hiru izate horiek osatzen dute nire izate estetikoa. Bi adierazpideetan ni neu sentitzeak ahalbidetzen ditu bien arteko lotuneak. Txikitatik egon naiz sorkuntzara bideratua: haur-eskolan, lurrean margotzea eta mozorroen txokoa gustatzen zitzaizkidan, musika-eskolan ibili nintzen gerora, dantza mundua ezagutzen dut... Beti izan dut esploratzeko egarria. Egia da gauza askotan traketsa naizela, baina altxortzat daukat diziplina ezberdinetan muturra sartu izana. Hala, gustuko dut aurreko bizitza batean zirku batean egon nintzela pentsatzea. Gustatzen zait, musika jotzeaz eta krispetak saltzeaz gain, trapeziora igotzen eta malabarrak egiten zekien clownaren figura. Gaur egun, ordea, geroz eta arlo zehatzagoetan espezializatzeko joera dago; sistema ekonomiko neoliberalak espezialitatearen espezialitateari buruzko masterrak egingo gaituela nor saltzen digu behin eta berriz. Baina ez al da justu kontrakoa? Ez al gara gure burua makina jakin bateko torloju zehatz baten berri soilik izatera mugatzen ari? Beldurrengatik edo dena delakoengatik, ez nituzke zenbait gauza sekula probatuko, baina probatu eta gustatzen bazaizkit, zergatik egin behar diet uko?

...Literatura.

Nobela bat irakurtzean, berehala eraikitzen ditugu irudiak; irudi horiek errealitate ukigarri batera eramaten ditugu pinturan, eta oraingo zein hemengo hiru dimentsiotako errealitate batera antzerkian. Horregatik, nik egiten dudana beste norbaitek egingo balu, beste zerbait litzateke. Horregatik, hobeki ala okerrago, bilaketa horretan segi ahal izatea eskatzen diot etorkizunari.  

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)