Sinadurak

Zergatik dira direnak emakume itzultzaileak?

Ostirala, 2020-03-27

Itzulpengintza jarduera feminizatua omen da; baina azken urteotan argitaratu diren euskararako itzulpenak aztertuta, lautik hiru gizonezkoek sinatuak direla ikusiko dugu. Nondik nora desoreka hori? Arrazoiak ulertu nahian, Itziar Diez de Ultzurrun, Bego Montorio eta Ana Moralesengana jo dugu argibide eske.

Itzultzaileona lanbide feminizatua omen da. Bakartxo Arrizabalagak 2007an Senez aldizkariko artikulu batean azaldu zuen moduan, itzulpengintzaren beraren ezaugarriek esplikatzen dute zergatik den emakumeei hain estu lotutako jarduna: etxeko ikusezintasunean egiten da, apenas ezagutzen duen plazarik eta aitortzarik, desorduetan eta tarte solteetan egin daiteke (zaintza lanek libre uzten dituzten horietan, alegia), eta itzultzailea egile aintzatetsiaren itzalean uzten du, bigarren mailan, apal, zenbat eta ikusezinago hainbat hobeto. Itzulpengintzaren eta emakumetasunaren subalternotasunak bat eginik.

Paradoxikoki, nahikoa zabalduta egon da gure artean beste susmo bat ere: euskarara egindako literatur itzulpengintzan emakumezko itzultzaileek presentzia txikia dutela. Desoreka bat sumatu eta aipatu izan dute zenbaitek, lagun arteko solasaldi txikietan zein jendaurreko hitzaldi eta artikuluetan. Izan ere, itzultzailearena lanbide feminizatua dela egia bada, ez al dira proportzioan gutxi emakumeek sinatutako itzulpenak? Non dago emakumezko itzultzaile horien guztien produkzioa? Duela gutxi arte ez dugu izan kopuruak kalkulatzeko tresnarik, eta aieru hutsa baino ez zen ideia hori. Baina nahikoa zen, adibidez, Literatura Unibertsala bildumako itzultzaile zerrenda gainetik begiratzea emakumeek sinatutako itzulpenak nabarmen gutxiago zirela konturatzeko.

2018an Itziar Murgiondok datuak bildu, zenbatu eta aztertu zituen bere Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko amaierako lan gisa (datuok xehe ikusi nahi dituenak 2019ko Senez aldizkarira jo dezake). Eta bai, askok sumatu bezala, kopuruak argigarriak (ezen ez harrigarriak) dira. Murgiondok 1990 eta 2017 bitartean euskarara itzulitako narratiba-lanak aztertu zituen; Literatura Unibertsala bilduma sortu zenetik ikerketa egin zuen unera artekoak, alegia. Bitarte horretan, 227 itzultzaile aritu ziren 631 liburu itzultzen; liburu horien % 25 inguru emakumeek itzuliak izan ziren eta % 75 inguru gizonek itzuliak.

Murgiondok beste zenbait daturekin alderatu zituen kopuru horiek, eta desoreka nabarmena azaleratu. Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua egiten duten ikasleen banaketa aztertu zuen, adibidez, eta gradua 2000-2001 ikasturtean abian jarri zenetik (20 urte laster!), promozio bakoitzean izena eman duten ikasleen artean batez beste % 80tik gora emakumeak izan direla ikusi zuen. (Kontuan hartu behar da, noski, Murgiondoren azterketak 1990etik aurrera argitaratutako narratiba-itzulpenak zenbatu zituela, eta Itzulpengintzako lehen labealdiak 2005ean bukatu zituen ikasketak. Itzulpengintza ikasketek zer-nolako eragina izan duten aztergai dago oraindik).

Bestalde, literaturatik kanpo itzulpengintzako beste arlo batzuetan ari direnen inguruko datu zehatzik lortu ezin, eta EIZIE elkarteko kide diren itzultzaileen datuak zenbatu zituen: % 54 emakumeak eta % 46 gizonak.

Laburbilduz: emakumeak % 80 dira itzulpengintza ikasketetan, % 54 EIZIEn, eta % 30 narratiba itzultzen. Zer dela eta galtzen dira horrenbeste emakume bidean?

Datuak ulertu nahian, Itziar Diez de Ultzurrun, Bego Montorio eta Ana Morales itzultzaileengana jo dugu, eta arrazoiez galdetu diegu. Elkarrengandik fisikoki aparte baina elkarri entzunez aritu dira hirurak gaiaz hausnartzen. Bataren erantzunetik besteak tira, hirugarrenak sakondu, lehenak ñabardurak azaleratu eta azkenak laburbildu... datuen atzealdearen interpretazio zorrotz eta burutsua osatu dute hiruren artean.

Datuek ez dituzte harritu. Ana Moralesek prestigio kontu batekin lotzen ditu, eta adibide argigarria erabiltzen du: «Gizonak [narratiba-itzulpenean] gehiengo nabarmena izateak ez du esan nahi itzulpengintzan oro har gehiengoa direnik. Sukaldaritzan gertatzen den bezala, emakume sukaldari profesional asko egon arren taberna-jatetxeetan (eta, zeresanik ez, etxe partikularretan, soldatarik gabe), chef famatu gehienak gizonezkoak dira. Plaza publikoarekin zerikusia duten eta prestigio pixka bat duten gauza guztietan gertatzen da hori, eta literarioa da segurutik prestigio handieneko arloa itzulpengintzan».

Itziar Diez de Ultzurrunek ere literatur itzulpenaren prestigioari lotutako arrazoiak ikusten ditu, eta pribilegiozko egoera horren talaiatik zenbait gizonezkorengan topatu duen axolagabetasuna salatzen du: «Plaza publikoan eta jardun prestigiotsuetan gizonen pare ez egote horren atzean dauden arrazoiak beste arloetako berberak dira nik uste: orain dela zenbait urte nire inguruko gizonak emakumeak baino anitzez ausartago ikusten nituen administrazio itzulpenetatik literatura moldekoetara jauzi egiteko, horretarako aukera izanez gero (ausartago eta “irabazi asmorik gabeko” lanorduz kanpoko jardun horri heltzeko astiaren jabe, jakina). Iruzurgilearen sindromea zer den horrela ikasi nuen, ikusirik banituela inguruan emakumezko itzultzaile fin batzuk urrats hori emateko uzkur. Gizon itzultzaile batek datu horiek gizonezko itzultzaileen kontrako erasotzat hartzea izan zen niri harrigarria iruditu zitzaidana (holako komentario bat aditu bainuen behin), baita datuok direla-eta gizon itzultzaileen artean sumatu dudan interes falta ere».

Duela gutxi arte erabaki guneak nagusiki gizonen esku egon direla gogorarazi du Bego Montoriok: «Euskarazko literatur mundu editoriala txikia da (1990ean, are txikiagoa), eta esango nuke argitaletxe bakoitzaren inguruko zirkuluetatik atera izan direla, gehienbat, literatur itzultzaileak. Literatur zirkuluetatik, nolabait esateko, eta badakigu zein maskulinoak izan diren (zeozertxo aldatzen ari da) zirkulu horiek. Irudipena dut harreman informal horiek erabateko garrantzia izan dutela». Eta sare informalen sorgin-gurpila apurtzeko denbora behar dela gogorarazten du: «Aurrekoarekin guztiz loturik, itzultzaileen prestakuntza berariazkoa oso berandu hasi da gurean: Martuteneko eskola 1980an hasi zen, eta EHUko lizentzia/gradua 2000. urtean, beraz, oraintsura arte, nekez sor liteke bere burua prestaturik ikusten zuelako argitaletxeei lanak proposatuko zizkion itzultzailerik. Era berean, argitaletxeek ez dute izan erreferentzia gunerik lankide berriak bilatzeko, beraz, ohiko zirkuluetatik edaten jarraitu dute, eta jada bidea egina zutenetatik».

Eta hala ere, bada esperantzarako arrazoirik. Azken urteetan bilakaera bat gertatzen ari dela uste du Montoriok. «Duela hamar bat urte, baita mundilloko jendeari ere, nekez etorriko zitzaion burura emakumezkorik literatur itzultzaileez galdetuta (Koro Navarro eta besteren bat). Gaur egun, euskal literatur inguruko edozeini datozkio burura emakume itzultzaile mordoska baten izenak, horienak baitira irakurri dituen azken liburuetako batzuk». Eta datuak eskaintzen ditu: «1990etik 2004ra bitartean euskaratutako obren % 82 gizonek sinatutako itzulpenak dira, eta % 18 emakumezkoek sinatuak. 2005etik gaur egunera, berriz, % 72 dira gizonek sinatuak, eta % 28 emakumeek sinatuak. Eta 2014tik gaur egunera: % 68 gizonek sinatuak, eta % 32 emakumeek sinatuak.

Aldea ikaragarria da oraindik ere, baina parekotasuneranzko joera nabarmena da».

Aldaketaranzko joera hori zenbakietan bakarrik ez baizik eta emakume itzultzaileek jendaurrean duten ikusgaitasunean ere irabazi dutela ahotan hartuta, Diez de Ultzurrunek salaketa egiten du: «Nire iritziz, emakumeak hedabideetan “ohi” baino gehiago agertzen hasten garenean, batzuei toki guztia hartzen ari garela iruditzen zaie, gure “ez agertzea” hain izan baita orain arte lege. Berriki arte gizonek hartu dute toki guztia eta emakumeak beste “gutxiengoen” pareko ibili gara. Nire irudikoz, batzuendako agerikoagoa da hartzen dugun toki txiki hori, gizonek oraindik ere hartzen duten “soberako” tokia baino».

Aldaketa, besteak beste, ahalduntzearekin eta emakumeen arteko sare informalak sortzearekin lotzen du Bego Montoriok: «Jendartean oro har, eta kulturan bereziki, emakumeok ahaldunduz joan gara, burutxoak ateratzen hasi gara, elkar ezagutzen joan gara eta sareak sortu ditugu. Duela ez hainbeste urte, erabat maskulinoak ziren literatur sare informal horiek, eta orain badaude emakumezko sareak ere. Eta gizonezko sareak ere zabaltzen doaz (batzuetan, oso apurka). Feminismoaren kontzientzia zabaltzeak eta kontzientzia horretatik jokatzeak ateak zabaldu dizkie emakume itzultzaileei. Zuek denok ezagutzen dituzuen proiektuak daude hor: Xerezade, Eskafandra, Lisipe… Inguru maskulinizatuetan ere nahitaez ikusi behar izan gaituzte, eta nola edo hala zabalduz doaz estu-estuak ziren sarbide horiek».

Sareen auzi honetan, Ana Moralesek funtsezkoa deritzo sare sozialen zabalkundeari: «Plaza publikora agertzen hain ohituta ez dauden kolektiboentzat, Internetera konektatutako gailu eramangarrien zabalkundeak eta sare sozialen hedapenak modua ekarri dute edozein unetan eta edozein txokotan besteen ekimenen berri izateko eta nork bereak ere proposatzeko, eta hortik, sare formal edo informalak osatzeko. Hori nire ustez pizgarri handia da bazterrean dauden kolektiboak, oro har —eta emakumeak literatur itzulpenaren arloan, zehazki—, toki handiagoa okupatzen joateko».

Eta behin antzinako inertziak apurtuta, gainera, zaila da aldaketa geldiaraztea. Honela dio Moralesek: «Beste faktore bat gehituko nuke, ispilu efektuarena: zenbat eta emakume itzultzaile erreferente gehiago azaleratu (sari eta guzti!), orduan eta emakume gazte gehiago animatzen dira itzulpengintza profesionalaren plazara, beste arlo guztietan gertatzen den bezala; hau da, fenomenoak bere burua elikatzen du».

Itziar Diez de Ultzurrunek beste faktore batzuk gaineratzen dizkio desoreka azaltzeko arrazoien zerrendari. «Sare maskulinizatuen eraginaz eta erreferenteen faltaz gain, emakumeon uzkurtasunak (gure heziketa moldeek gugan txertaturiko beldurrak-eta) eta gure gain ditugun etxeko ardurek eta zaintza-lanek (umeenak eta adinekoenak) zerikusi handia dute desoreka horretan». Eta gaineratzen du: «Zaintza-lanetan dagoen desorekaren isla dira datu horiek: emakume gazteak ahaldunduago egon arren, desoreka ez da orekatuko generoaren araberako ardurak (eta burmuinen eraikuntzak) desagerrarazten ez diren artean».

Zaintza-lanen zamaz mintzo da Ana Morales ere, eta ikergai interesgarria proposatzen du: «Interesgarria litzateke jakitea nolako eragina izan duen andrazko itzultzaileen seme-alaben jaiotzak eboluzio horretan, hau da, 90etan —gure itzulpengintzaren urrezko aroaren hasieran— literatur itzulpengintzan lehen pausoak eman zituzten emakume gutxi horien bilakabidean, eta ikustea ea ez ote zen eten bat edo jaitsialdi bat gertatu beren ekoizpenean umeen zaintza aroarekin batera. Jakina, tarte horietan beste emakume batzuk ere hasiko ziren itzulpengintzan eta horien hutsunea beteko zuten, baina gizonezko itzultzaileen kasuan segurutik hori ez zen berdin gertatuko edo ez neurri berean. Beharbada azken urteotan emakume itzultzaileen portzentajea handitu duten andreetako asko umeak hazitakoan literatur itzulpengintzara bueltatu diren emakumeak izango dira». Eta, koxka bat estuago, zaintza-lanen banaketan eragiten duen beste faktore bat ere aipatzen du: «Era berean, uste dut oso interesgarria litzatekeela aztertzea nolako eragina daukan familiari lotutako beste faktore soziologiko batek emakumeen literatur itzulpenaren ekoizpenean: dibortzioez edo banaketez ari naiz (irribarrez nago, baina oso serio diot!), eta ez bakarrik seme-alaben zaintza modu orekatuagoan banatzeari dagokionez, baina baita emakumeek espazio propio bat (“norberarena den gela hori”) eskuratzeari dagokionez ere».

Puntu honetara iritsita, Bego Montoriok galdera bat mahaigaineratzen du: zenbateraino eragiten du emakume itzultzaileen produkzioan itzuli beharreko testu motak? Eta EIZIEren NorDaNor datu-basean bilaketa azkar bat eginda, haur eta gazte literaturako datuak aurkezten ditu: 1990-2004 bitartean gizonek sinatutako itzulpenak % 74 izan ziren, eta emakumeek sinatutakoak % 26. 2005etik gaur egunera artekoetan, % 55 izan dira gizonek itzuliak eta % 45 emakumeek itzuliak. «Oso kontuan hartzekoak iruditzen zaizkit haur eta gazte literaturako datuak» dio Montoriok. «Ezin dugu ahaztu puskaz handiagoa dela merkatu hori helduen literaturarena baino (askoz itzultzaile gehiago behar dira), baina, hala ere, oso esanguratsua iruditzen zait dagoen aldea. HGLn, hots, periferikoa, prestigio gutxiagokoa, literaturaren kanon nagusitik nahiko kanpokoa den esparru horretan, ia parean agertzen zaizkigu emakume zein gizon itzultzaileak. Ez da kasualitatea. Errazagotzat jotzen dira (oker, nik uste) HGLko lanak, eta hala errazago hurbilduko dira itzultzaile hasi berriak (gehientsuak, emakumeak) halako lanetara, eta errazago onartuko dituzte argitaletxeetan “izenik handirik” ez duten horiek». Eta Ana Moralesek, hortik tiraka, gogoeta bat gaineratzen du: «Horri lotuta, bururatzen zait Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua hain feminizatua dagoen honetan, ea zenbat denbora beharko den titulazioa prestigioa galtzen hasteko, emakumeek daukaten Midas efektu alderantzikatua kontuan izanik, nahiz eta karrera horretan sartzeko eskatzen den nota oso altua izan».

Bego Montoriok kontziliazioarekin lotutako arrazoiak ere aipatzen ditu. «Lan baldintzek ere zerikusia izan dezakete. Helduen literaturako lanak luzeagoak izan ohi dira, denbora tarte luze samarra eskatzen dute, eta, askotxotan, ordainketa eskasaren truke edo besterik gabe doan egin izan dira. Hots, ezinbestean baliatu behar norberaren “denbora librea”». Ana Morales bat dator: «HGL, testuen luzeragatik eta lan baldintzengatik, nolabait “saltoka” eta “han-hemenka” tarteak ostuz egin daitekeen itzulpen mota da, bateragarriagoa emakume gehienek izaten duten lanaldi bikoitzarekin. Ildo horretatik, bururatzen zait balitekeela emakumeek gehiago jardutea itzulpen teknikoan literarioan baino antzeko arrazoiengatik: esango nuke testu mota horiek (esaterako, eskuliburu teknikoak) bateragarriagoak direla, beren hizkera kontrolatu eta errepikakorra dela eta, denbora urriarekin, eta denbora aurrezten duten tresnekin (itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa)».

Itziar Murgiondoren lanean azaldu zen datu bitxi baten inguruan ere galdetu diegu azkenik. Murgiondok modu anonimoan “enkargatzen” diren itzulpen kopuruak eta itzultzaile jakin bati zuzenean “enkargatzen” zaizkionak konparatu zituen. Hau da, Literatura Unibertsala bilduman itzultzaileak aukeratzeko, jakina denez, lehiaketa bat antolatzen da urtero eta zenbait lagin anonimoren artean aukeratzen du epaimahai batek hurrengo urteetako lanen itzultzaileak nor izango diren. Pentsatzekoa litzateke, beraz, modu horretan esleitutako itzulpenetan, sare informal maskulinoen eraginetik at egonik, emakumeen ehunekoak altuagoak izan litezkeela. Murgiondok bildutako datuen arabera, ordea, aldea ez da bereziki handia: lehiaketa bidez esleitutako itzulpenen artean % 28,26 ziren emakumeek eginak, eta bestela esleitutakoetan % 24,23. Bego Montoriok neurri batean logikoa ikusten du: «Egia da Literatura Unibertsala bilduman badaudela lehen itzulpena horixe izan duten itzultzaileak, baina ez dira edozelango testuak, eta normalagoa da gutxieneko eskarmentua duen jendea aurkeztea. Eta hor sorgin-gurpila sortzen da: bestelako literatur testuak itzultzeko aukera gutxiago izan badute emakumeek, zailagoa izango zaie LUra aurkezteko pausoa ematea. Are zailagoa euren buruaz oso seguru ez badaude (ausardia, erreferenteak, ahaldundurik ez egotea…)».

Itziar Diez de Ultzurrun bat dator, eta emakumeen autoexijentzia mailarekin lotzen du: «Segurtasun falta horren atzean nire adineko emakume batzuengan (eta neure buruan) sumatzen dudan koxka erantsi nahi nuke: egiten dugun oro bikain egin nahi izatea. Ausartuko bagara, zernahi “garrantzitsuri” helduko badiogu, aldez aurretik segurutik jakin nahi dugu gure ekarpena urrezkoaizanen dela; bikaintasun orbangabe bat ziurtatzerik ez badugu, akabo. Eta itzulpengintzan, gainerako arlo gehienetan bezala, zenbat eta gehiago jakin, handiagoak zalantzak. Beraz, hor ere gurpil zoro bat sor daiteke».

Irudiak

laranjak100
Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)