Sinadurak

Argiantzan oso zaila da zer datorkigun ikustea

Ostirala, 2020-09-11

Uztailaren hondarrean egin genuen hitzordua Pellok eta biok Iruñean. Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, liburu denda batean eskatu genuen aterpe elkarrizketa lasai egiteko. Iruñeko kale nagusian, beti bezain abegikor, egin ziguten txokoa. Zorionez den-dena ez da aldatzen. Pellorekin bere azken nobela, Argiantza, izan genuen hizpide eta hortik literaturaren kale kantoiak arakatzeari ekin genion. Errealitatea islatzen duten euri putzuak daude nonahi. Eskuzabal eta oparo aritu zen erantzunetan autorea, kamustu gabe beti ere. Luma zorrotzekoa baita Lizarralde. Eta aho bilorik gabea. (Irudia: Erein argitaletxea)

Argiantzan oso zaila da zer datorkigun ikustea

Eskerrik asko elkarrizketari baiezkoa emateagatik Pello. Zer moduz zaude Covid-19ak eragindako egoera honen erdian?

Ongi nago. Begira, bi gertaera izan dira joan deneko zortzi hilabeteetan eragin dutenak. Batetik, erretiroa hartu dudala lanetik, eta erretiroa baliatuz zuzenketak bukatu ahal izan ditut. Dena dela, orain arte beti idatzi izan dut ogibidea ematen zidana bukatu eta gero. Oso diziplinatua naiz eta ez zait kostatzen.

Ze ofizio izan zenuen?

Irakaslea izan nintzen, euskara irakaslea. Klaseak ematen nizkien administrazioko langileei.

Hori utzita, ia lasaixeago ibiliko nintzela eta, laster entregatu nuen liburua, otsailerako, eta orduan esan zidaten ebakuntza bat egin behar zidatela begian, berriz ere. Beraz, konfinamenduak sendaldian harrapatu ninduen, eta banekienez lehendik hibernazioan egongo nintzela ebakuntza zela eta. Gainera, ez zait ezer kostatzen etxean egotea, ongi moldatu naiz.

Kointziditu du aurreikusia zenuen zerbaitekin…

Bai, baina, dena dela, horrelako egoeratan ongi erreakzionatzen dut. Faltan sumatzen nuen bakarra zen mendian ibiltzea, baina gainerakoan oso zaletasun jakinak eta aspaldikoak ditugunok erraz eramaten ditugu horrelako aldiak. Irakurzalea bazara, zine zalea bazara eta musika zalea bazara eguna azkenean laburra egiten zaizu eta lanik egin gabe… ba oso ongi eraman dut.

Egoera honetan tokatu zaizu nobela aurkeztea ere: Argiantza(Erein 2020).

Oso egoera berezia eta batez ere arraroa. Adibidez, normalean hilabete eta erdian egiten da promozioa txukun; sartzen zaizkizu deiak, egiten dituzu elkarrizketak edo iristen dira lehenengo kritikak eta abar, aurten ikusi dut hori, erabat ez bada ere, askotxo aldatu dela, segur aski denok ere aztoratu antzean gabiltzalako, eta oso ezberdina izan da. Iritsi zaizkit iritzi asko eta, gainera, oso xehe emandakoak, posta bidez, eta oso pozik nago alde horretatik, baina esaten dizut, kaleratzea, aurkeztea eta abar ezohikoak izan dira eta ez dira erosoak izan. Baina ez niretzat bakarrik, editoreak, kazetariak antzera ibili dira…

Ekosistema osoa.

Bai, erabat hankaz gora. Ez da desiragarria baina ez zegoen gehiago atzeratzerik. Nik liburua udaberri aldera aurkezten dut beti, apirila-maiatzean, beno aurten ekainean izan da ezinbestean. Baina hortxe dago eta egingo du bere bidea egin behar badu.

Zer liburu dituzu orain mesanotxean? Oso galdera kuxkuxeroa da…

Nik ohitura txar bat daukat, bat baino gehiago izaten dut beti. Oraindik egunkariak irakurtzen ditut, gainera hilero erosten ditut musika eta zinema aldizkariak; normalean osorik irakurtzen ditut edo ia osorik. Gero izaten ditut hiruzpalau liburu; oraintxe dut euskarazkoen artean Hotz industriala (Susa, 2020) eta Peter Handkeren azkeneko nobela, mardula.

Argiantza nobela 1982an kokatzen da, artean jaio gabe nengoen, eta Ramon Beitia da protagonista, hainbat zinema areto gestionatzen dituen gerentea. Nola laburbilduko zenuke zure azken lan hau? Zer konta dezakezu?

Nire liburu guztiek beti dute abiapuntua irudi batean. Oraingo honetan ere halaxe izan da, eta abiapuntua izan da lehen orrialdean agertzen den irudi hori. Irudi hori ez da betiaski izaten; hor ibiltzen da, batzuetan urteetan, buruan jiraka, eta asko errepikatzen denean eta noiznahi burura etortzen zaizunean, badakizu hor egon daitekeela nobela edo antzeko zerbait. Orduan honekin ere halaxe gertatu zen, eta konturatu nintzen irudi horrek ninderamala urte horretara. Nire liburuetan ez da sekula izan datarik, ezta egiazko leku izenik ere. Oraingo honetan ikusi nuen nobela honetarako markatu beharra nuela urtea, urte hartan hasi baitzen orain ere bizi dugun egoera sozioekonomiko latz hau eta abiapuntua hor ikusten dut Izan liteke urte bat lehenago edo geroxeago, baina Thatcher eta Reaganen urteek markatzen dute aldi honen hasiera. Orduan konturatu nintzen oraingoa ezagutzeko interesgarria litzatekeela ordukoa liburuan jartzea.

Nik uste dut protagonistari begiratzen badiogu bi hari daudela: bata da hari existentziala –bera, bere egoera. Bere ordura arteko ibilbidea kontuan izanik, jubilatua behar zuela, gainera, eta oraindik lanean ari dela, zaila zaio mundu bat bukatu dela eta beste hasiko dela onartzea; batetik zaharra delako eta bestetik beharbada dena galtzea litzatekeelako.

Horretaz gain, beste hari batekin pertsonaia inguratzen duen egoera sozioekonomikoa erakutsi nahi izan dut. Azken batean, sei bat eguneko bidaia kontatzen da. Bidaia behartua da: etorri da (jabe) gazteago bat, beste mundu bat ikusten duena eta beste baldintza batzuk ezarri nahi dituena ordura arte izan duten negozio horretan. Eta pentsatuz hobetu dezakeela edo, behintzat, arindu beste horrek proposatzen dion aldaketa latz hori erabakitzen du bidaia hori egitea, ustez baduela bere tokia eta lehengoak ere egin dezakeela aurreko bidea edo antzekoa.

Arreta piztu dit horrek, ez zuen ikusten hori Ramonek? Momentu batean hainbat herritan gauza bera gertatzen baita, ez dute berarekin kontakturik hainbat langileek ofizioan urteak eroan arren.

Batetik berak badaki zer dagoen, oraingo irabaziak ez direla lehengoak, baina badaki horregatik enpresak ez duela galtzen. Neurri batean begiak itxi ditu, baina bestetik pentsatzen du enpresak irabaziak dituen bitartean eusten ahal zaiola. Bestetik berak ikusi behar du berea, berak ikusten du berea, egiten du berea eta betikoa, eta ez dauka etorri berri horrek daukan grina hori, alegia, lehengo irabaziak izatekoa eta ahal bada gehiago ateratzekoa.

Bestetik, eta hau oso garrantzitsua da niretzat, kapitalismoa berez eta beti ankerra izan den arren, langileek garai horietan jaso zituztela urteetako lanaren emaitzak. Hor izan ziren grebak, hor izan lan hitzarmen duinagoak, berme sindikal batzuk eta bestelakoak. Berme horiei esker garai batekoen aldean babestuagoak zeuden langileak. Ez da ahaztu behar kapitalismoak, krudela izanda ere, izan zituela sasoi hobeak, asko ahalegindu zirelako langileak, dudarik gabe. Baina, gainera, ezin ahaztu dugu liberalismo zaharrak, liberalismo paternalistak beste bide batzuk probatu zituela. Euskal Herrian, esate baterako jeltzale batzuek, karlista batzuek, enpresari txikiek, langileari asko eskatzen zioten, baina ordainean, tarteka, opari txikiak egiten zizkion, eta sistema ez hain ankerrari eusten zioten. Liberalismo zaharrean bazen, batzuen aldetik behintzat, konbentzimendua pribilegioak gordeagatik, ingurukoak hobeki zeuden neurrian haiek ere hobeki egongo zirela, alegia, arazo gutxiago izango zituztela. Aldi berri honetan hori bukatzen da, koska bat estutzen da, behar diren koska guztiak estutuko ditu gero ere, langileak babesten dituen sistema hankaz gora jartzeko. Horrelaxe gaude orain, etorri dira etorri direnak, eta ematen du ez duela amaierarik. Gero, gainera, aldi honek zapalkuntzarako sistema berriak ekarri ditu, esate baterako, asko eta asko orain nozitzen ari diren telelana, on-linekoak, behin-behineko kontratuak, egun batekoak, ordukakoak…

Katakrakeko sukaldari-zerbitzaria sartu da ea ondo gauden galdetzera, terrazan baikaude gure bakardade goxoan. Eskerrak eman dizkiogu eta Pellok azpimarratu zerbitzari oso jatorra dela. Honek pasatu egin dela erantzun dio, aurrekoan ere esan baitzioten zerbitzari-polizia dela eta ezetz, berak sukaldari anarkistatzat duela bere burua, ostalaria asko jota. Hori gutxi ez eta bere lanaren beraren aurka omen dago ere, lanaren aurka oro har, eta kontsumoaren aurka dago utilitaterik ez badu. Liburugintzari buruz ere iritzi elkartrukea izan dugu, kapitalismoak kontsumismoa sustatzen duen heinean, elkarrizketatzailea ere tartean sartuta. Ados gaude hirurok liburuak ez direla munduko gaitz nagusia ekologia eta kontsumoaren kalteei dagokionean. Bukaeran, nola deitzen garen esan diogu elkarri, Pau da bera, eta barkamena eskatu digu tartean sartzeagatik. Ez da hala izan, hari mutur interesgarriak utzi baitizkigu eta gure seriotasuna apur bat printzatu.

Ez dakit non ari ginen…

Ari nintzen pentsatzen Ramonen figurarengan. Alderatu duzu bere tradizioa gazteagoekiko, paternalismo hori…

Liberalismoa zaharrak esaten zuen hori bukatu zen, eta eskola horretakoa zen Ramon Beitia. Ez du bizimodu hori galdu nahi, nahiz eta langileak ez ikusi bakarrik aritzen delako, ez du langileekin duen harreman hori galdu nahi. Ez du batere beharrik ikusten hori okertzeko eta hori gaiztotzeko. Bera bere tokian dago, erabakiak hartu behar ditu eta ikusten da zer asmo dituen eta gero zer gertatzen den, baina dagoenean utzita ere uste du ez legokeela gaizki. Baina datozenak, gazte horrek ekartzen dizkionak dira: balantzeak, zifrak… “Ez dago zertan estutu, gauza ez doa horren gaizki, ea zerbait egin dezakedan…”

82ak teknologiaren aldagaia ere badu, VHSaren agerpenarekin. Horrek zinearekiko suposatzen duena ere hor dago.

Batzuek hori ikusita irri egingo dute, VHSa! Baina aldaketa ikaragarria izan zen azkenean etxean sartu gintuelako, zinemak zekarrena hain zuzen ere zen beste batzuekin batera ikustea, beste batzuekin batera ondorioak ateratzea, eztabaidatzea, solasaldia, aitzakia bat bestearekin joateko, eta hori bukatu zen etorrera horrekin. Saio bat izan zen pixka bat txikituz aretoak, multizineekin eta abar, puska baterako balio izan zuen, baina handik aurrera zinema askok ixteko erabakia dute.

Imajinatzen dut zinema aldizkariak irakurtzeko zaletasuna izanda, zinemara ere joateko zaletasuna izango duzuna…

Nik film asko ikusten ditut, zinema aretoan ahal bada. Iristen ez direnak, jakina, ikusi behar ditut bestela; DVDak ere asko erosten nituen garai batean, baina areto batzuek eusten diote, eta jarraitzen duten bitartean bertan ikusiko naute astero. Begira, azken hiru egunotan hiru film ikusi ditut.

Bada hari bat Ramiroren artean (egile beraren Elur bustia nobelako protagonista) eta Ramonen artean, nahiz eta kronologikoki Argiantzako istorioa lehenago gertatu. Agian garai batean ez nintzen horren jabe, Koldo Izagirre entzun arte hitzaldi batean salatuz lana desagerrarazi dela herri nahiz hirien paisaiatik, hiritik lana atera dela. Argiantzan agertzen dira, Ramonen kostako herritik zehar ematen duen paseo batean, beharginak etab. Ondoren, hogeita bost edo hogeita hamar urte geroago, Ramiro bakarrik dabil aldirietako poligonoan… Hari hori badago.

Begira, zure galderari esker ohartu naiz horretaz: Ramiro da Argiantzan hasten den bide horrek ekarri duena, emaitza. Ramiro asko eta asko daude. Gogoratzen naiz hura argitaratu nuenean neska batek idatzi zuela iruzkin batean liburuak asaldatu egin zuela eta Donostian barrena paseatzen zuenean Ramiro asko ikusten zituela. Hori niretzat laudorio izugarria da. Ez dago begiratu besterik ikusteko Ramiroz beteta dagoela gizartea eta gero eta gehiago daudela. Ez nintzen ohartua, baina egia da, han hasitakoa Ramirorekin bukatzen da, edo iristen da Ramiro dagoen une horretaraino.

Ikusi beharko da gaur egun Glovo fenomenoa bezalako autonomo faltsuekin Ramiroren beste mutazio bat ekarriko duen.

Dudarik gabe. Horregatik esaten nizun, hau, birusarena, aitzakia perfektua dela horretarako, beste koska bat estutzeko eta bakantzen gaituzten neurrian hori okertu egingo da. Ez dago, nik ez dut ikusten baikor izateko batere arrazoirik. Pixka bat begiratuta inguruan, lagunak, ezagunak eta ezezagunak, horretan bizi dira.

Onartu behar dizut zurekin orain hitz egiten hasi arte ohartu gabe nengoela kontu batez. Uste nuen Ramon ez zela horren kontziente gertatzen ari zenaz. Baina orain esan didazunarekin eta gogoratuz irakurritakoa, berak bazekien ez zegoela zertan langileen egoera okertu enpresa bideragarri izateko, baina ez zen kontziente agian zetorren aldaketa aroaz.

Ez, ez daki. Eta gainera ez du aztarnarik jakiteko zer etorriko den, ezin du asmatu. Orduan batzuk ongi zekiten zertan ari ziren, besteok bagenekien zer genuen inguruan baina ez zer etorriko zen. Eta beste gauza bat esango dizut, orain ere birusarekin areagotu egin da, uste dut inork ez dakiela benetan zer gertatuko den. Aterako dira liburuak horretaz ari direnak, nahi duzuna, baina oso gutxi izango dira etorriko den horren erradiografia bat egiteko gauza izango direnak. Elementu asko daude, aldaera asko.

Badago hor agian beste berrogei urteko lotura bat, egon gintezke beste 1982 batean? Apur bat sentsazio hori izan dut, guztiz galduta gaudela, nagoela behintzat, jakingo bagenu zer hasi zen orduan… esango dugu bost urte barru.

Litekeena da. Uste dut shock egoeran gaudela, ez da egoera tragiko bat, shock egoera da. Inork ez daki ez zer egin, ez zer etorriko den, proposamenak egitea ere oso zaila da, doktrina zaharrak bakarrik neurri batean balio dezake, baina doktrina zaharrak kontuan hartzen zituen lan egoerak, klase ideiak eta bestelakoek jada ez baitute balio bere hartan. Hor beste zerbait gaineratu behar da, eta nik behintzat ez dakit zer egin. Duintasunari eustea ez da gauza makala. Egoera honetan badakit indarrean dagoen gauza garbi bakarra klase soziala dela, baina horiek ere lausotu egin dira eta itxura batean trajez jantzita enpresaz enpresa dabilen hori egon liteke goian eta agian da edozein igeltsero baino beherago dagoen norbait, oso gauza nahasia da.

Autonomoen artean mundu oso bat dago, prekarioenetik hasita dentista edo mediku diruduneraino, pasata mila kasuistikatik eta egia da lehen ikasketak, itxura… Ramonen figuran gominak badu bere zera, uste dut Odeonera iristen denean berau asaltatu nahi duten langileek erreparatzen diotela bere itxurari. Izerditan hastean galtzen du bere autoritatea. Gaur egun ez dago asmatzerik, komertzial izan zintezke eta trajez joan eta emaitzen arabera kobratu eta prekarietatean egon.

Orain zuk ikusiko dituzu 150 edo 200 euroan trajea erosi dutenak denda handi horietako batean, 800 euroko soldatarekin, eta ondoan ikusiko duzu hogeita bat edo hogeita bi urteko neska edo mutil bat markako mendi jantziekin eta igual forroa kostatu zaio 300 euro eta galtza 200. Gizajo horrek baino diru askoz gehiago darama soinean, baina, badakizu, hemen beti izan da inportanteena guai izatea. Orduan guai zaren bitartean itxura egin dezakezu eta ibil zaitezke gizon-emakume oso aurrerakoia izango bazina bezala eta onartua izan zintezke giro alternatiboetan eta bestelakoetan. Arazoa dago 150 euroko trajea daraman gizon edo emakume horren egoeran, eta hori aldatzea ez da erraza. Eta gure uste oker asko ere ez.

Aurreko batean, Iruñean Arrotxapeatik udaletxerako aldapan topo egin eta elkarrizketa egitea proposatu nizunean aipatu zenidan izan genuen elkarrizketan kultura despistatuta ikusten zenuela. Pasatu dira ordutik aste batzuk, denok bizi ditugu Covid-19aren eraginak eta faseka ari gara moldatzen ia gobernuak dekretuz ezarri dizkigun egoeratara, baina ez dakit mantentzen duzun despistearen hori.

Nik uste dut histeria apur bat dagoela eta logikoa da. Hor bi gauza bereizi nahi nituzke: batetik despistea ikusten dut honetan. Niri gustatzen zaidan literatura irakurri ahal izateko lan hori bestela hartu behar da. Askok aspaldi iragarri zuten espektakulua nagusituko zela. Hala gertatu da. Obsesioa da norberak norbere bizitzaren emankizun etengabea egiteko grina, sare sozialak eta abar baliatuz, eta, normalean, oso gauza hutsalak kontatzeko.

Eta espektakuluari lotuta, kultura arloan beste kontu bat ezarri da: deigarria izan beharra. Deigarria eta espektakulua beti loturik daude eta nire ustez literatura eta artea oro har izenlagun horrekin oso gaizki moldatzen dira. Literatura eta deigarria uztartzen badituzu nire ustez frakasatu egingo duzu, horrek desastrea dakar, baina zure asmoa atentzioa ematea baldin bada akaso lortuko duzu. Lan txukuna egin nahi baduzu oso zaila izango duzu. Iruditzen zait literaturan behar dela isiltasuna, isiltasunak mesede egiten dio; gauzak ongi pentsatu, isil-isilik idatzi, argitaratu eta berriz isildu. Uste dut hori dela bidea.

Jakina, gero, kulturan, nik ez nuke egon nahi orain kulturako profesionalak dauden egoeran, ezen oso zaila da aurre egitea egoera honi ikusirik ezin duzula ez dantzatu, ezin duzula antzeztu… Hori oso zaila da. Okerrena da egoera histeriko honetan ateratzen diren gauzak, normalean sare sozialen bidez eta bestela, histeria horrek bultzatutako produktuak direla eta orduan oso zaila izango dela horiek kontuan hartzeko moduko gauzak izatea. Urduri zaudenean, pentsatzeko astirik ez duzunean, ateratzen zaizuna da oihu etsitu bat baina ez ongi pentsatu, neurtu eta zaindutako zerbait. Egoera oso larria da eta, jakina, azken batean oihu horrekin esan nahi duzuna da: hemen gaude, ezin dugu besterik egin. Eta orduan asmatzen diren gauzak ez dira oso taxuzkoak, nire ustez.

Badago espektakuluari lotuta azkenaldian beste joera bat oso arriskutsua dena, zera, diziplinen arteko lotura azalekoak, sobera pentsatu gabeak sortzea: bertsoa eta jazza, jazza eta dantza, poemak eta bertsoak, kantak-poemak-bertsoa-jazza… eta nahikoa da. Horiek askotan ez dira era oso naturalean atera, izaten dira asmoak. Orain indar handia daukate ekoizleek, eta ekoizleek proiektu osoak aurkezten dituzte, eta orduan hartzen dituzte proiektu baten harira zenbait diziplinetako egileak eta horiek konbinatuz ikuskizun bat egiten dute. Iruditzen zait hori oso performantikoa dela, oso bide okerra iraungo duten gauzak sortu nahi badituzu eta eragina izango duten gauzak sortu nahi badituzu. Behar dena, nik uste, lasaitzea dela, pixka bat pentsatzea, lagunekin egotea… Horrela sor litezke gauza asko. Gero bakarrik egin behar da lan, literaturak, batez ere, eskatzen du zeure buruarekin aritzea ahalik eta zintzoen, isilik-isilik. Berriz diot, isilik, argitaratu eta berriz ere isildu. Horri literaturari dagokionez. Baina espektakuluak literatura ere hartu du.

Bazkaltzera hona etorri aurretik politikari buruzko artikulu bat irakurri dut, bazkalostean, gure belaunaldiko guztiok ekintzaile txiki izatearen sindromea dugula eta proiektuak abiatu bezain laster Apple sortuko bagenu bezala ekiten diogula gure akzioen zatiak eskatzeari. Uste dut balio duela modu estentsiboago batean ulertzeko.

Bai bai… Uste dut oso ongi ekarria dagoela esaten duzun hori. Gaitz oso larria da eta, gainera, berriz dakar idaztearena. Oso lan bakartia da, baina beste gauza asko eta askotarako gainerakoen iritziak eta hitzak bilatu behar dituzu. Hori galdu egin da, neurri batean. Hori sare sozialetan ematen da. Esan dizut, erabat arrotza zait eremu hori, eta ezin dut juzkatu behar bezala, baina horrek guztiak kalean gabiltzanean islarik ez badu, seinale da hor okerren bat dagoela. Madrileko filosofo batek zera esaten zuen maiatzaren 15eko mugimenduari buruz:«eso se hizo realidad después de que mis amigos apagaran los teléfonos móviles». Eta oso ongi ekarria dago, bera ere ohartzen zen kalean elkartzen zirenean telefonoak itzalita hasi zirela egin behar dugu esanez, eta ez: hori ez da guai edo hau guai da. Hor zerbait falta da.

Baina nik, handik aurrera, ez dezaket askorik esan. Hor badago bakartze bat, mundu bat… zapaltzen oso erraza dena. Horrela dabilen jendea menderatzea, errazagoa da. Hori garbi daukat.

Aipatu duzu idazle lana bakartia dela, zure lagunak bidelagun izanda… Baina ikusita, 200 kilometroko distantziatik Iruñean bada giro bat, bazaudete idazle batzuk, gauza interesgarriak sortzen dira… giroa badago? Edo kasualitatea da?

Begira, Euskadik izan duen bilakaera politikoan euskarak ia hasieratik izan ditu, esango nuke, berme batzuk. Jeltzaleak nagusi izanda, ezin bestela. Euskararen aldeko sare bat ezarri behar zuten. Sistema horrek gabezia handiak ditu, eta oraindik ere bide luzea egin behar da horretan. Hala ere, euskaraz aritzea eta euskaraz idaztea ez dago gaizki ikusia. Horrek badu alde txar bat, alegia, dena egina dagoela sentitzea eta, beraz, ez dagoela trabarik inorentzat: nahi duena mintza daiteke, nahi duenak idatz dezala. Badago sistema bat, sistema hori ahula izanda ere, hor dago.

Nafarroan bizi izan duguna beti izan da, oraintxe arte, behin-behinekotasun izugarria, eta oraindik ere leku askotan ez daukagu berme sozial hori, gure gizartea ezberdina da, eta horrek Euskal Herrian bihurtzen gaitu exotiko. Erresistentzia lan bat egin behar izan da, oraindik ere irainak eta laidoak jasaten ditugulako, etengabe.

Baina aldi berean horrek, exotismo horrek, ekarri du idazle eta ekimen berezi samarrak sortzea. Sistemarik eta ofizialtasunik ezean, bestelako ekimen ugari sortu dira, batzuetan bitxiak eta interesgarriak, folkloretik haratago daudenak, eta nik uste atentzioa ematen dutela horregatik.

Bere txikian bada giro bat berezi samarra, eta badakit Euskal Herriko gainerako herrialdeetatik begiratzen digutela batzuetan harriturik, besteetan miretsirik, eta hori da kontua. Hemen ez dugu gauza berezirik nahi, han ere ez, dagokiguna nahi dugu, eta libre aritu ahal izateko giro egokia. Pixkanaka uste dut hori hobetu egin dela, eta ni hemen laketu naiz, Iruñea interesgarria da. Euskal Herriko beste hiriburuen aldean oso ezaugarri bereziak ditu.

Pello, zalantza bat. Apuntatuak ditut hitz batzuk, oso hiztegi aberatsa duzu, landua. Hori batzuei entzun diet etxetik ekarri dutela, besteei landu egin dutela. Zure kasua zein da?

Begira, niri dena eman dit irakurtzeak. Gaztelaniaz, beste hizkuntza batzuetan ere irakurtzen dut, eta euskaraz irakurtzeak ekarri didanak. Alfabetatze klaserik ez nuen hartu, gaztelaniaz egin behar izaten genuen heziketa osoa. Guk etxekoa genuen euskara, baina oinarri bat zen arren, euskarazko mundu batean sartzeko ez zen nahikoa. Berriz diot, dena irakurtzeak eman dit.

Euskara aberatsarena dela-eta nik uste dut nire idatzizko euskara oso garbia dela, beti gorroto izan ditut erakustaldi filologikoak. Idazle italiar batek esaten zuen bezala estiloa bilatzen duenak heriotza aurkitzen du eta bizitza bilatzen duenak estiloa aurkitzen du.

Pavesek zioen hori? Orain ari naiz Bizitza lanbide irakurtzen eta antzeko zerbait dio…

Ze liburu zoragarria, ez dut aipu hori gogoratzen. Ez, hori gidoigile batek esaten zuen. Horregatik nik uste dut zuk kontatu nahi duzuna bilatzea urte askotako lana dela eta hortik zer irtengo den ere ez dakizu, baina euskararekin egiten dudan aukera nik uste dut dela argia eta zuzena izatekoa. Garrantzia handia ematen diet hitz guztiei, ez naiz konforme geratzen erdipurdiko paragrafo, lerro edo halako bat ikusita. Nik behar dut hori findu eta, zuzendu behar baldin bada, zuzendu konforme geratu arte.

Gero beste gauza bat gertatzen da, Eneko. Entzuten dudanean zure hiztegi aberatsa… harritu egiten naiz. Gertatzen da beste gauza bat: askotan erabili izan ditut naturari lotutako hitzak. Uste dut gaurko irakurle arrunt batek gutxitan dituela erreferentzia horiek, galduta ditu. Ez du giro hori bizi, eta arrotzak zaizkio niretzat arruntak direnak. Hori ere badago, hitz bat edo beste bai, baina hiztegia soilik erabiltzen dut nik uste dudana berresteko eta batzuetan nik uste dudan hori benetan hori ote den jakiteko. Baina ez dut bilatzen hitz deigarririk. Hain da arriskutsua hori… Ez dut ezer edertzeko batere ahaleginik egiten. Gauzek beren izenak dituzte, bilatu egiten ditut, eta kito.

Gero beste kontu bat dago, jakina, erritmoa, esaera… Hori ere oso kontuan hartu behar da. Esaldiak ezin dira besterik gabe lotu, nik nahi dut jendeak nire liburuak erraz irakurtzea baina errazak ez dakar beti “euskara erraza”-ren mito hura. Erraz esan nahi du trabarik bilatu gabe ematea. Ez ditut gogoko figura erretorikoak, nirean ez dago metaforarik, ez dago pedantekeriarik. Niri gustatzen zait zuzena izatea, esaldia ez luzatzea, horiek dira nire irizpideak.

Hari mutur batek gogorarazi dit kontu bat, berriz ere Argiantza errepasatzen, badirudi asko ez dela esaten baina asko kontatzen da. Ez oharkabean, baina uzten dituzu ogi mami pistak eta baserri munduarena bada bat. Momentu batean kontatzen du Ramonek bere aitak amarekiko duen jarrera txarra baserrikoa izateagatik eta hori datorkio burura benta zahar hartan geratzean. Ramonek badu miresmen bat nekazari giroarekiko, akaso mahastiko langileekin dagoelako gusturen. Ate hori irekita uzten duzu Argiantzan?

Ni ez naiz nostalgikoa izan sekula. Eta harritu egiten naiz leku askotan nostalgia oso bizirik dagoela ikustea. Gertatzen dena da saihestezina dela galtzen denak min ematea, galtzen ari zaren neurrian heriotzara hurbiltzen zarelako. Horrela da.

Hala ere, ez ditut garai bateko gauzak bere hartan eduki nahi, aldaketak etorri dira eta kito, asko ezagutu ditut eta ez dut horregatik penarik. Baina saihestezina da pentsatzea, eta horretaz erabat sinisturik nago, galdu den guztia ez zela txarra eta gainera ez zegoela zertan galdu.

Garbi adieraziko dizut, nik, esate baterako, gauza guztietan publikoaren aldekoa naizenez, garraio publikoaren aldekoa naiz. Nik ez dut batere nostalgiarik Urolako trena galdu zelako. Askotan hartzen nuen Urolako trena, edota Vasconavarroa Bergarara joaten zena... Nostalgikoek, erromantikoek, gaitz terrible hori bizi dutenek, askotan oso gazteak, garai bateko ohiturak berritzen tematzen dira. Egiten dituzte erromeriak urtean behin, egiten dute taloa, janzten dira bere herriko jaietan ustez garai batekoak janzten ziren gisara… Niri horrek tripako min handia ematen dit, nazka ere bai, ezen uste dut horretan heriotza besterik ez dagoela. Nik ez ditut gauza horiek berritu nahi, ez dut nahi Urolako trenaren museo bat, Azpeitian dagoena bezalakoa. Nik nahi dut garai bateko ibilbide bera oso azkar egiten duen tren berri-berri bat. Zergatik? Publikoa delako, merkeagoa delako, ekologikoa delako eta denon eskura dagoelako. Nik ez dut tunelean uluka pasatzen den trena nahi, tarrapatan dabilena, batera eta bestera balantzaka, nik nahi dut tren berri bat. Horregatik esaten dizut, gauza horiek zergatik galdu dira? Beste asko galdu ziren bezala, 82an nahi baduzu edo lehenago hasi zirenak. Garai hartan protestak egon ziren, alferrikakoak izan ziren, denonak ziren gauza asko galdu dira. Ez dit min ematen gauzak bere hartan galdu izanak, baizik zergatik utzi ziren eta zer kalte ekarri duten. Zinema? Etxean ikus dezakezu, nik badakit. Jaitsi hau, igo bestea… ni horren aldekoa naiz. Baina zine aretorik ez izatea… Zergatik ez du izan behar beste batzuekin elkartu eta pelikulak ikusteko leku bat?

Ez dago nostalgiarik, galera kolektibo batek uzten duen mina dago. Adibide bat jarriko dizut. Sindikatuak erabat ezarri aurretik, Nafarroan irakaskuntzan aritzen ginenok, asanbladetan hartzen genituen erabakiak. Sindikatuek zapuztu zuten hura, beren zirkoarekin eta beren morrontzekin. Harekin gertatu zena arlo askotan gertatu zen.

Eskertzen dizut ñabardura. Beste arlo batera salto eginaz, behin entzun nion kritikari bati Pello Lizarraldek deskubritzen dizkigula idazleak euskaldunoi. Horrelako esaldi bat zen, irakurle talde batean, Natalia Ginzburgi buruz ari zen, zuk itzuli baitzenuen Hirira doan bidea obrarekin lehenbizi euskarara. Ordutik etorri dira beste batzuk, autore berarenak eta beste batzuenak. Ez dakit zer datorkizun burura halako gauzak entzutean…

Nik badakit liburu batzuk eta egile batzuk nik itzuli ditudala lehenengo aldiz euskarara, ezen hor badaukazu min bat. Izan ere, esaten duzu: nola izan liteke, pisu hori izanik, ez egotea euskaraz? Mendebaldeaz ari gara, gainera. Egile afrikar baten ibilbidea eta bere obra erabat ezezaguna izatea galera handia da, baina ez ezagutzea mendebaldean diren asko eta asko, gure bizimoduari lotutako mundukoak, konplizitate handia eragin dezaketen liburuak eta idazleak hain ezezagunak izatea oso penagarria da.

Zorte handia izan nuen Igelako lagunekin. Askotan, nire ustez itzultzea merezi zuten idazleak proposatzen nizkienean, kasu egiten zidaten. Hala etorri ziren, neuk edo haiek, itzulita, Amélie Nothombenak, Modianorenak, Celatirenak, Ernauxenak, Natalia Ginzburgenak… Poz handia hartzen dut bati entzuten diodanean Ginzburgenak irakurri eta gero haren nobela gehiago bilatu dituela, euskaratuak ez daudenak, gehienetan… Ginzburgena oso larria iruditzen zait; pentsa, gure literaturan ezagutu ditut duela hamar urte Ginzburgen arrastorik ez zuten emakume idazleak. Dena ere ezin da ezagutu, baina askotan aipatzen dituzten beste egile batzuk… Enpin, ahalegin txiki bat egiten duzu hori geureganatzeko.

Elkarrizketa prestatzen, irakurri nizun 2005eko elkarrizketa bat Volgako Batelariei eskainia, bertan bazenuen pena bat, zergatik tradizio literario batzuk mendebaldean hain gertu edukita ez ditugun ezagutu eta Latinoamerikako literaturak gurean utzi duen arrastoa. Gero baita ere bazenuen kezka bat idazle gazte batzuk eredu lightetatik ari zirela elikatzen eta horrek sor zezakeenaz. Euskal kulturan eta Euskal Herrian aldaketa asko eman dira, ez dakit hamabost urte atzera begiratu eta testuinguruz kanpoko hitz hauek berriro entzunda zer datorkizun burura.

Nik nabarmenduko nituzke bi fenomeno azken urteotan. Bata da itzulpengintzak jarraitu duela hobetzen etengabe eta horrek pozaldi handiak eman dizkigu. Gainera, idazteko orduan, uste dut tresna asko eman dizkiola idazleari. Proposamen batzuk eginak daude, oso itzulpen onak ditugu, itzultzaile onak ditugu. Batzuk oso gazteak gainera, hori oso pozgarria da. Horrek eman digu oinarri bat eta oso oinarri garrantzitsua.

Bestetik emakume idazleen ugaritzea. Hori oso garrantzitsua da. Denetarik dago, batzuk gogoko ditudanak eta beste batzuk ez, baina nabarmentzeko modukoa da ikustea zenbat emakume hasi den idazten.

Gero ahaztu duguna dago. Nire ustez ez dago Ramon Saizarbitoriak egindakoa gainditu duen inor, ez dugu maila horretara iritsi den besterik. Aurrerantzean zer gertatuko den ez dakit, klasiko batzuek eutsi diote, beste bizpahiruk ibilbide sendoa egin dute, baina uste dut haien eragina ez dela ikusten belaunaldi berrietan. Lastimagarria da, uste dut belaunaldi berriek ez dutela behar bezala irakurri gure herrian izan diren literatura modernoko klasiko batzuk. Ez dute haien eraginik, hala dirudi, edo ez diete balio bizi duten momentua kontatzeko. Oso gutxi daude, pena hartzen dut, haiei esker iritsi gara honetara, eta badute oraindik zer erakutsi.

Izan liteke lehen aipatu duzun abiadura diferentzia bat. Belaunaldi bakoitzarena, isiltasuna… Familia askotan gertatzen da gurasoengandik seme-alabenganako diferentzia eta ez ulertzeen sorburua.

Gazteak zaharra hiltzea normala da, baina gero gaztea zahartzen da eta zahartu ahala indartzen da eta deskubritzen ditu baztertuak dituen horiek, batzuetan. Uste dut orain presa horrek eta beste gauza batzuek literatura hutsalago bat hauspotzen dutela. Badago laster bota behar bat… Hori oso gaztea zarenean normala da, baina hogeita bost edo hogeita hamar urteko idazle batek, zerbait egingo badu, ezin du idatzi nerabe batek bezala. Hor behar da sosegu bat, behar da gauzak ongi pentsatu, diziplina handia eta etxeko goxotasun horretan idaztea. Eskuak baldin badituzu beti teklatuan, bati erantzun eta besteari erantzun, uste dut zailagoa dela lan txukunagoak egitea.

Bestetik, eta hau larriagoa da, literatura light horren eragina duela urte batzuk oso garbi zegoen eta oraindik ere, salduenen artean light literatura da nagusi. Light, sentimendu onen gaineko literatura. Eta sentimendu onek ematen dute plazeboa, pixka baterako lasaitasuna, eta, handik aurrera, ezer gutxi. Kaltea aspalditik dator eta ez da hobetu, gutxi irakurtzen duen herri batek ezin du idazle handirik eman. Ez dut ikusten nik azken urteotan irakurtzeko grina hori, eta irakurle ez dena ez da idazle, argi dut hori. Pentsa ezazu guk jada hezkuntza sistema izanda, sendotua, ereduak, ikastolak… zenbat euskaldun irten den geletatik eta zenbat liburu izan dituen eskuetan txikitatik eta oraindik ere badaude errazago erdaraz irakurtzen dutenak. Estatistikak oraindik orain atera dira, eta emaitzak penagarri samarrak ziren. Sistema horretan emaitza horiek izan badira…

Ikusi behar da zer irakurtzen den eta zenbat irakurtzen den euskaraz. Oraintsu arte hilero egiten nituen tertuliak ikasleekin, oso arrakastatsuak, luzeak, pare bat ordukoak… goi mailako ikasleak ziren, euskaldun berriak gehienak, eta harritu egiten ziren aholkatzen nizkien itzulpenen mailarekin, oso itzulpen txukunak ziren. Nolatan ez dute hori hartzen euskaraz hezi diren ikasleek? Ezin dut ulertu… Azalpena ez da beti erosotasuna, beste zerbait ere badago. Igaro dira 40 urte eta zerbaitek huts egiten du, baina hori ez dagoen bitartean… euskaraz irakurri behar du idazleak, txokoko hizkerarekin ezin baita lanbiderik eraiki.

Zerbait gehiago esan nahi zenuke?

Ez, nahikoa eta sobera badugu.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)