Sinadurak

Erika Olaizolaren iritzi artikulua: "Gero arte"

Astelehena, 2020-06-29

Iritsi naiz azken idatzira.

Azken honekin amaiera emango diot orain bost idatzi hasi nuen etapa honi. Hasiera guztiek amaiera bat dutela esaten da, amaiera guztiek hasiera bat izateko ondoren. Bizitza, hasi eta amaitu egiten diren etapez, harremanez, esperientziez, lanez eta abarrez betetako zerbait da. Bizitzan bertan, jaiotzak eta heriotzak esperimentatzen ditugu. Batzuetan, zerbait hil dela sentitzen dugu gure baitan. Baina zer da heriotza? Benetako amaiera bat al da? Eta galdera berdina baina beste aldera eginaz… zer da bizitza? Jaiotza eta heriotzaren tartean dagoen zerbait da? Hau da, uneoro jaiotzak eta heriotzak esperimentatzen ditugun, eta bizitza eta heriotzaren tartean dagoen zerbait da bizitza?

“Zerbait” diot, bakoitzak subjektibotasunez ulertzen dugulako bizitza. Nire subjektibotasunez, bizitza, ikastera gatozen eskola moduko zerbait bat da. Nire subjektibotasunez, bizitza “ de pasoko” –ko zerbait da eta gehienoi ezezaguna zaigun beste aldea gure benetako etxea. Nire subjektibotasunez, hil eta ondoren itzultzen gara gure benetako etxera. Maitasun mugagabez eta argitasunez irudikatzen dudan zerbait da han beste aldekoa. Eta behin eta berriz etortzen gara planeta honetara, helburu argi batekin. Eboluzionatzera. Nire subjektibotasunez, bizitza bakoitzean, ikastekoak ikasten ditugunean, bagoaz eta berriro itzuliko gara, baina hurrengoan, beste gorputz batean, beste garai batean, beste lurralde batean…

Pentsaera honek hurrengo galderara eramaten nau. Benetan zerbait guztiz amaitzera iristen da? Hala infinitua den existentzia honetan transformatzen doa eta goaz etengabe?

Airera jaurtitako galdera eta hausnarketa guzti horiei lurra emanaz… Zuei agur esateko momentua iritsi da. Baina, agur esateko momentua iritsi den arren benetako amaiera bat izango da hau ere? Hala esperientzia honek beti izango du lekua nire baitan. Edota beharbada zure baitan ere bai.

Amaitu aurretik, egin dezagun topa, bizi-bizirik gaudelako. Bizitza honetan elkartu garen moduan beharbada besteren batean ere egingo dugu topo eta topa. Beraz, gero arte batzuei eta orain hain modan dagoen gero ERTE beste batzuei. Bakoitzak aurki dezala agurtua izateko bere modua.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)