Sinadurak

Erika Olaizolaren iritzi artikulua: "Kristalezko ontzia"

Astelehena, 2020-06-01

Begiak itxi nituen bihotza ireki nuenean.

Itsu-itsuan, “sekretua” izena berez hartu zuen kristalezko ontzi batean ezkutatu nintzen. Poza bezain sendoa, begirada bat bezain hauskorra, sexua bezain gardena eta sekretu bat bezain mugatua zen kristalezko ontzi batean.

Zure eskuetan zegoen kristalezko ontzia. Eta pozik nengoen zure esku jostariak nirekin zeudelako. Gauero, kristalezko ontzitik ateratzeko esperantzaren ametsetan lokartzen nintzen kristalezko ontziaren barruan.

Egun asko joan eta gau asko etorri ziren esperantzaren ilusioan lokartzen. Edozein egun batean, abesten hasi nintzen. Isilean. Kristalezko ontziaren barruan. Nire bihotzak esan ezin zuen guztia abesten nuen. Ahopeka batzuetan, ozenago besteetan, egunaren arabera. Malko garratzez beteriko negar desafinatuak ere abesten nituen. Beste edozein egun batean, munduari abestearekin amesten hasi nintzen, baina bitartean, isilean abesten nuen sekretua deitzen zen kristalezko ontziaren barruan. Beste edozein egun batean, niretzat hainbeste abestearekin nire arnasaz lurrundu zen kristalezko ontzia eta ezin arnasa hartuz itotzen hasi nintzen kristalezko ontziaren barruan.

Luzaz egon nintzen, haserrea bezain sendoa, tristura bezain hauskorra, mina bezain gardena eta zure maitasuna bezain mugatua zen kristalezko ontzian. Baina begiak ireki nituen bihotza josia nuela ohartu nintzenean.

Begiak irekitzearekin batera, nire bihotza hazi eta hazi hasi zen. Bete eta bete. Puztu eta puztu. Ezezagunak ziren haize ufadek astintzen zuten alde batera eta bestera, gora eta behera, globo bat bezala. Inoiz baino gorriago, odoltsuago, indartsuago. Egunak joan eta egunak etorri, banindoan ezezagunak zitzaizkidan leku berrietara, atzean utziz kristalezko ontzia eta atzean utziz zure eskuak.

Bidai honetan, maitatzeko dudan gaitasun infinitua ezagutu dut. Orain, pixkanaka eguzkiaren berotasunak urtuko ditu atzo josiak izan ziren bihotzaren hariak. Eta nirea den maitasunarekin banoa eta banoa ezezagunak diren bihotz irekiak maitatzera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)