Angélica Freitasen bi poema
Asteartea, 2020-05-05Amu honetan, Angélica Freitas poeta eta itzultzaile brasildarraren bi poema euskaratu ditugu, biak ere um útero é do tamanho de um punho [umetokia ukabil baten neurrikoa da] liburuan bildutakoak.

Angélica Freitas poeta eta itzultzaile brasildarra aurkeztu nahi dizuegu amu honetan, eta, horretarako, haren bi poema euskaratu ditugu, biak ere um útero é do tamanho de um punho [umetokia ukabil baten neurrikoa da] liburuan bildutakoak. 2013an argitaratu zuen liburu hori Freitasek. Bigarren argitalpena du, 2007an kaleratu baitzuen Rilke Shake poema-bilduma, eta oraingoz, ez du besterik kaleratu paperean. Edonola ere, modo de usar & co izeneko aldizkari digitala kudeatzen du, Marília Garcia eta Ricardo Domeneckekin batera, non, besteak beste, poeta gaztelania-hiztunen lanak itzultzen baitituzte portugesera.
Zazpi atalek osatzen dute Freitasen liburua, eta aipatzekoa da era askotako erreferentzien ugaritasuna (hala goi-mailakotzat nola behe-mailakotzat jotzen diren kulturaren aipamenak) eta, orobat, “emakumea” hitzaren presentzia. Liburuko bi atal hautatu eta poema bana euskaratu dugu. Kriller17ediciones argitaletxeak gaztelaniaz eta portugesez kaleratutako itzulpena hartu dugu oinarritzat, Paula Abramok apailatu eta itzulitakoa.
Batetik, "emakumea eraikuntza bat da" atalari izenburua ematen dio poema ekarri dugu, ondo biltzen baitu Freitasek liburu osoan zehar emakumearen izateari buruz adierazten dituen hausnarketa-moduak.
emakumea eraikuntza bat da
emakumea eraikuntza bat da
izan behar du
emakumeak, funtsean, izan behar du
gela-sorta bat
denak berdinak
denak zapalak
kolorea baino ez da aldatzen
ni neu, zehazki, emakume bat naiz
adreiluak agerian dituena
gizarte bilkuretan neu izaten naiz
okerren jantzita doana
kazetaria naizela diot
(emakumea eraikuntza bat da
zulo gehiegi dituena
etenik gabeko jarioa
prentsa arrosa arduratzen da
estolda-kontuen ministerioaz
barkatu
prentsa arrosan ez da kakarik aipatzen)
zu emakumea zara
eta bat-batean bitar eta urdin esnatuko bazina,
eta egun osoa pasako bazenu argia piztu eta itzaltzen?
(atsegin duzu brasildarra izatea?
virginia woolf deitzea?)
emakumea eraikuntza bat da
makillajea, berriz, kamuflajea
emakume orok du gizonezko gay bat lagun gisa
bai polita dela lagunak izatea
lagun guztiek dute gizonezko gay bat lagun gisa
zeinak emazte bat baitu
fred astaire deitzen diona
hona iritsita, berandu da
freud kafetegiko psikologoek
elkarri begiratu eta irribarre egiten dute
ezer ez da aldatuko–
ezer ez da inoiz aldatuko–
emakumea eraikuntza bat da
Freitasen poesian toki nabarmena dute teknologiak eta oro har poetikotzat jo ohi ez diren elementuek. Esperimentazioa eta korronte dadaistaren oihartzunak ere nabari ditzakegu, bestalde, “hiru poema, googlen laguntzaz” izeneko atalean. Izenburuak berak adierazten duenez, Freitasek google bilatzailearen laguntzaz osatu ditu poema batzuk, hain justu ere esaldi bat googlen sartuz eta erantzunak bildu eta ordenatuz. Atal horri dagokio jarraian itzuli dugun poema, “emakumeak nahi du” izenekoa.
emakumeak nahi du
emakumeak nahi du maitatu dezatela
emakumeak nahi du tipo aberats bat
emakumeak nahi du gizon bat konkistatu
emakumeak nahi du gizon bat
emakumeak nahi du sexua
emakumeak nahi du gizonak adina sexu
emakumeak nahi du sexuaren aurreko prestaketak ahal bezain poliki egin daitezela
emakumeak nahi du berataz jabetu daitezela
emakumeak nahi du matxo batek goberna dezala
emakumeak nahi du ezkondu
emakumeak nahi du bere senarra izan dadila bere kidea
emakumeak nahi du zaldun batek zaindu dezala
emakumeak nahi du bere umea, gizona eta etxea maitatu
emakumeak nahi du hitz egin eta bikote-harremana analizatu
emakumeak nahi du hitz egin eta botafogo futbol-taldeak nahi du flamingoren aurkako partida irabazi
emakumeak nahi du entzun diezaiozula, besterik ez
emakumeak nahi du hori baino zerbait gehiago; maitasuna nahi du, txera
emakumeak nahi du segurtasuna
emakumeak nahi du zure posta elektronikoan sartu
emakumeak nahi du egonkortasuna eduki
emakumeak nahi du vodafone
emakumeak nahi du kreditu-txartel bat eduki
emakumeak nahi du dena
emakumeak nahi du baloratu eta errespetatu dezatela
emakumeak nahi du banandu
emakumeak nahi du irabazi, erabaki eta gehiago kontsumitu
emakumeak nahi du bere buruaz beste egin