Arsenio Iglesias Pazosen poesia
Asteazkena, 2016-10-26Aste honetan "Literatur Amuak" egitaraua antolatu dute Ondarroan. Larunbatean (urriaren 29an, 12:15ean) "Todos os mares o mar. Galizierazko poesia" emanaldia egingo da, galizieraz, euskarazko azpitituluekin. Galiziako lau idazlek hartuko dute parte bertan, haien artean amu honetan protagonista duzuen Arsenio Iglesias Pazos. Jarraian irakurri ditzakezuen poemak egileak berak eta Iñigo Astizek elkarlanean euskaratu dituzte.
Arsenio Iglesias Pazos (1978, Fene, Galizia). Psikologia ikasketak egin zituen Konpostelan. Eduardo Estevez idazleak gidatutako idazle eskolan aritu, eta Avelina Valladares Poesia Saria irabazi zuen 2006an. Orain, Positivas argitaletxeak argitaratu du saritutako lan hura “Ático” izenburupean. Galizieraz. Bertan aurki daitezkeen sei poema eta Non navegantes izeneko poema euskaratu ditu Iñigo Astizek egilearen laguntzaz.
19.
Joan egingo zela
jakin zuen egunean,
telefono deien
eta zorionen eta besarkaden
eta muxuen aurretik,
liburutegian geratu zuen autoa.
Jaistean,
berokiaren hegalak altxa,
eta desitxuratutako zebrabide bat gurutzatu zuen:
bi urte lehenago barrikada batek su hartu zuen bertan.
Egun hartan bihurritu zuen suak asfaltoa
eta erabat konpondu gabe utzi zuten geroztik;
aurrekontu eskasen batek
mantendu zion aipamena zoruan
langile borrokari.
Gorrituta zituen belarriak
udazken beteko hotzagatik,
baina eskailerak igo, eta atea ireki zuenean,
hango aireak, berogailu
eta isiltasun aire trinko hark,
artilezko eskuz hartu zuen.
Aldi hartan, beste aldietan ez bezala,
atzean utzi zituen poesiari eskainitako apalak.
Eta galdutako tituluen artean bilatu zuen
hamazazpi urterekin
Venezia uztea erabaki zuen
gizon hari buruzko liburua.
Bidaiarien
izaeraz jakin beharra zuelako
bilatu zuen,
ezinbestean deskubritu nahi zuelako
alde egitearen ederra.
Lau ordu eman zituen han eserita.
Eta liburu hartan kontatutako guztien artean,
garrantzi gabeko datu bat
besterik ez zuen gorde beretzat,
poltsikoan sartutako maskor bat bezala:
gustatu zitzaion
Marco Poloren hirugarren alabaren izena
4.
Bere etxean geunden
eta, beraz, berari zegokion mahai-buru izatea.
Umeok txokolatezko turroia
irensteko geneukan grinari
begira-begira zegoen
eta eskutan hartzen zuen
ardo kopa.
Bat-batean, ahotsa altxatu zuen.
Eguberritako afaloste hartan entzun nion.
Bera ume zela, herriko denda batean,
ziba handi bat zeukaten salgai,
sua pizteko pinaburu bat bezain lodia.
Ez dut gogoan zenbat balio zuen.
Errealak aipatzen zituen berak, nik
inoiz ezagutu ez nituen txanpon haiek.
Baina grabatuta gelditu zitzaidan
bi urte behar izan zituela diru hura biltzeko.
Hatzez inguratzen zuen kopa,
bera zen istorioaren jabe.
Eta hala kontatu zuen, berari
garrantzizko zitzaizkion xehetasunak nabarmenduz,
eta garrantzigabe iruditzen zitzaizkionak isilduz.
Bihurritu egiten zuen kontakizuna,
berak erabakitzen zuen haren esanahaia.
Horregatik, apenas esan zuen gauza handirik
dirua lortzeko egin zituenei buruz.
Borroka azpimarratzea zen garrantzitsua,
heldu nahi zuen lekura heldu zela zehaztea.
Eta azkenean,
poltsikoak arakatuta sosak bildu
eta salmahai gainean jarri zituenean,
begira gelditu zitzaion dendaria.
Eta emakume hark esan ziona
kontatu zuen, nik
denboran zeharreko zulo batetik begiratzen nuen bitarten,
desmemoriaren kandelaren ondoan
kemenaren oinkada pera eroritako
herentzia baten augurioa azalduko baligu bezala:
- Baina, mutiko, txanpon hauek jadanik ez dute balio.
7.
danielarekin nengoen klase ostean
uda hasiera zen eta
autoan ahaztu nuen diru-zorroa
- begira zer mezu jaso dudan
kx.zgutu nh zaitut,bñ iñrk z gait aurzktn
t zkenean nk itea erbki dt:maite naiz.
aztrktk ditt orain,bñ bktzean geldtu nhi nuke
zukin kfe1 hrtzeko
- baina zenbakia ere jartzen du?
- bai.
begiratu egin ninduen:
- zer, deituko dugu?
eta nik erantzun: - ez,
ez dugu deituko zeren gauza hauek
ez dira hala gertatzen
broma bat izango da
edo ziurrenik iruzurren bat
eta danielak esan zuen:
- ba kabina batetik deituko dugu
eta horrekin irabazi zuen
- ongi da, bale,
baina zuk hitz egingo duzu
bosteko billete bat
baino ez nuen poltsikoan
eta txanponak lortzeko
bi gozoren bila
joan ginen
8. Hierarkia
Hurrengo egunean berriz joan zen irratira.
Eta nekea nabarmen igartzen zitzaion arren,
erantzun egin zituen zorionez zoraturik
zebiltzan neska-mutilen deiak.
Mutiko isil batena izan zen lehena.
- Kaixo?
- Kaixo.
- Kaixo. Ea, Diego deitzen zara zu, ezta?
- Bai.
- Eta bost urte dituzu.
- Bai.
- Ikusten duzu erregeok dena dakigula.
- Bai.
- Gustatu zaizkizu utzi dizkizugun opariak, Diego?
- Bai.
- Pozik egongo zara orduan.
- Bai.
- Eta Oskarri, zure anaiari, gustatu zaizkio opariak?
- Bai – baina apalago.
- Bera ere pozik egongo da orduan.
- Bai.
- Ai, barkatu, momentu bat, uste dut
nahasi egin naizela. Zuk baduzu anaiarik?
- Ez.
16. Iraila
Nik ez nekien:
portuko argiak pizten direnean,
joan egiten dira ontzi batzuk
itzuli ordez.
- Gaua kanpoan emango dute.
Goizez itzuliko dira- esan zuen neskak.
Seselleko areatzan gaude eserita.
Gure aurrean, pausatuta dago itsasoa
botila baten barruan balego bezala.
- Gustatuko litzaidake haiekin joatea,
nola aritzen diren ikusteko- esan zuen.
Zortzi eta erdiak izango dira eta jadanik
sortu da eguzkia Ares herri gainean
eta hor bukatu da uda.
...nola aritzen diren ikusteko.
Bera ezagutu baino lehen sasoi batez
Anne Bancroften modura imajinatzen nuen
mediak bere hanka luzeetan behera irristarazten
eta ni Dustin Hoffman zurbil bat nintzen ate ondoan,
txikia eta buru handia,
eskuak tente, sorbaldak uzkur
eta oinak
elkarri itsatsita.
Gero jakin nuen uda
hurrengo egunean amaitzen zela benetan,
baina ezinbesteko bat etortze planetarioa merezi zuen ordukoak.
Zeren Seselleko arrats hark
ematen zuen tronpetaz inguratutako ipuin baterako
eta munduak, horrela sortua izan baitzen,
memoriari onartzen diolako lizentzia
udazkeneko lehen eguna besterik gabe aldatzeko.
Bihar eguzki izango da eta irailak ez du iraungo
betirako. Bukatu nahi zenuke uda oinetan
Seselleko area sentituz?
gogoratzen naiz zurekin, noski,
itsasoa gustatzen zaizu
eta paseoan patinatzea.
21. tenerife
astelehenean
tenerifetik heldu nintzenean
zain nuen ama atean muxu bat emateko
gero sukaldera sartu ginen
eta maletatik atera nituen
mojoa almogrotea gofioa
oroitzapenak
eta arrapaladan kontatu nion zer ziren
eta amak irribarre egiten zuen
nire amak badaki
inoiz ez dizkiodala garrantzia duten gauzak kontatzen
baina pozik ikusiko ninduen
eta irribarre egiten zuen
afalostean
gabon esatera etorri zen logelara
beste muxu bat eman
eta esan zidan
- nik baino mundu gehiago ikusi duzu jadanik.
hamar eta erdiak ziren
amari begiek
hasperen egin zioten
eta ohera joan zen
Ez nabigatzaileak
1- Etorrera
Egia zioten zurrumurruek.
Ontziak muturra gerturatzen du
errautsez egindako herrialde beltzera
eta hodeien disposizioaren gainean
luzatzen da abere basatiaren bizkarra.
Eta orain badakigu
zuzen zirela leiendak, eta nik
brankan zabaltzen ditut eskuak
ze nire herrialdean
ezezaguna da zeruaren neurria.
Behorren errezelo indartsuaz
uzten dute muinoek milika ditzaten,
hartu nau irlak.
Jakizue,
burdina menderatzen duen herrialde batetik nator.
Eta marinel deitzen dugu geure burua, baina han
inguratu egin daiteke itsasoa.
Zeremonia mahai bat bezala,
mendien uhatea.
Horregatik ez dugu ageri
aurpegietako larruan itsasoaren pasartea.
Eta hona nator hodeien sumendira eta lurra
irakin osteko mahats-bilketa dakart nire atzean,
ardo geldoa nire atzean, gizonen badietako saldan
izurdeen lo eragile dena:
Uretan egindako lehen bidaia haren
Horregatik,
hatzen zurruntasuna izango da nire sinboloa,
hala ezagutuko nauzu, hala ezagutuko duzu nigan
nire ardo eta izurde eta burdin
herria eta lurrak
inguratutako ozeanoaren titulua.
2- Han
Urruneko omen diren herrien bateratzea
kontatzen duten leiendek behar duten
epika falta da.
Ze bestelakoa da nire jarrera, hau zen
bilatzen nuen istantea eta heldu da,
eta topaketa horri eskaini dizkiot
adore guztia eta
makalaldi guztiak,
eta egonaldi osoa falta da oraindik baina iruditzen zait
agortu egin ditudala jadanik bisitaren motiboak
eta hiltzen igartzen dut neure burua
orain, hurbiltzeko momentuan,
eta beste ezer ez da beharrezko.
Baina hor zaude,
hor daude irlako muinoak,
topaketa handira bultzatzen gaituztela.
Deskripzioek ez dute tarterik. Elkar begiratzen dugu.
Eta gogoratzen dut, koldarki, zure arbasoek
sustraien garaian inoratu egin zutela
edo baztertu, bestela, nabigazioa
eta agian ez zeudela ongietorriak egitera ohituta.
Zuk ere pentsatzen duzu
zer presentzia duten orain behinolako oinek?
Zuk ere hori darabilzu gogoan? Herrialde honetan ere
gisa horretan pentsatzen da?
Niri dagokidanez, eta
beti nire ardura gisa sentitu dudan
nireen estandarteari dagokionez,
Atlantikoaren inguruko kontakizunen
zaintza eta erreferentzia dakart.
Munduko munstroetara ematen duen luzapena da zure irla.
Eta etor daitezela goxotasunez
ozeanoak gure oinetara.
Baina
zugan beltza ere nabarmentzen da, konotazioz
erabat biluzturik,
eta su-eten baten modukoa da.
Begien luzera.
Eta zure biltzaile eskuak
aitzindarien oinordeko
beroak dira
eta ni, bidaiaren eramalea, teknikoa,
aditua, irakaslea, nekatuta nator jadanik
eta ez dakit, inoiz
ez dut jakin.
3. Eguzkiaren zoramena
Zuen errotak ezagutu nahi ditut,
zuen
oparotasun erritualak,
materia primaren asimilazioa.
Zuk nabigatzen ez dutenen errege zaharraren izena daramazu,
amildegiez mende askotara, irlaren izena daramazu.
Eta zure muskuluen guneren batean dago
sumendiarekiko lotura ere.
Hala ere,
tradizio gehiago gorde dut nik
nire beldur guztietan.
Horretara nator,
Sumendiari beldurra galtzera nator.
Munduko munstroei beldurra galtzera nator.
Eta egonaldi osoa gelditzen da oraindik eta hil
edo sekula ez itzultzeko arriskua dut, baina
hantxe nago, nire zibilizazioaren
beldurren biltoki den irla urrunean,
eta bitartean, entzun egiten da inaugurazio danborren